Iurramendin eta San Kosme eta San Damian eremuan eraikiko diren 60 etxebizitza tasatuetan izena emateko epea bihartik aurrera zabalik

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2022/12/14 | Etxebizitza

Tolosan eraikiko diren 60 etxebizitza tasatuetan izen emateko epea zabalduko da bihar. Etxebizitza alorrean Udalak azken urteetan abiatutako lan lerroen baitan, mugarri berri eta garrantzitsua, beraz.

Iurramendin 40 eta San Kosme eta San Damian azpiesparruan 20 etxebizitza

Xabier Balerdi, etxebizitza saileko zinegotzi arduradunak jakinarazi du bihar bertan zabalduko dela udalerrian eraikiko diren 60 etxebizitza tasatu berrietan izen emateko epea.

Herritarrei erraztasunak emateko helburuarekin, Etxebizitza Bulegoa ere jarriko UDATEn, Herritarren Arreta Bulegoan.

Zozketatuko diren etxebizitza tasatuen programa honela dago banatua:

Hiru logelako 38 etxebizitza.
Bi logelako 19 etxebizitza.
Mugikortasun murriztu iraunkorra duten pertsonentzat gordetako 3 etxebizitza, bina logelakoak (etxebizitza egokituak)
Etxebizitza guztiek izango dute garaje eta trastelekua.

Iurramendi pasealekuko azpiesparruan eraikiko diren 40 etxebizitzetatik, 27 araubide bereziko oinarrien bidez esleituko dira, gainerako 13ak araubide orokorreko oinarrien bidez. Eta San Kosme eta Damian azpiesparruko etxebizitza guztiak esleituko dira oinarri orokorren bidez, Tolosako udal etxebizitza tasatuak arautzen dituen ordenantzari eta Plan Orokorrak zehazten dituen oinarriei jarraiki.

 

Etxebizitza guztien gehieneko salmenta-prezioa 2022ko ekainaren 30ko Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako babes publikoko etxebizitzen gehieneko prezioak eta errentak eta zuzkidura bizitokien kanona zehazten dituen arautegiaren araberakoak izango dira.

Eskatzaileek bete beharreko baldintzak

Etxebizitza tasatuetan izena emateko, eskatzaileek honako baldintza orokor hauek bete beharko dituzte:

1. Taldea: Bizikidetza-unitateko kide batek gutxienez honako baldintzaren bat bete behar du:

Tolosa izatea ohiko bizilekua eta bertan erroldatuta egotea, azken 15 urteetatik gutxienez 3 urtetan.
Tolosan lan egitea azken 5 urteetatik 3tan.
15 urtez Tolosan erroldatuta bizi izana

2. Taldea: Bizikidetza-unitateko kide batek, Tolosa izatea ohiko bizilekua eta urte betez bertan erroldatuta egotea, gutxienez.

3. Taldea: Tolosaldeko 28 udalerrietako batean bizitzea.

4. Taldea: udal etxebizitza tasatuen eskatzaileen udal erregistroan izena emanda dauden gainerakoak.

Horrez gain:

  • Etxebizitzarik jabetzan ez izatea.
  • Eta errentari dagokionez, gutxieneko eta gehieneko diru sarrerak izatea:
  • Araubide berezian:  gutxienez 25.000€ eta gehienez ere 50.700€.
  • Araubide orokorrean: gutxienez 25.000€ eta gehienez ere 58.500€.

Eskabideen kopuruak etxebizitza kopurua gainditzen badu, aipaturiko sailkapenean adierazitako lehentasun ordena jarraituko da esleipenean, tolosarrei lehentasuna emateko helburuarekin.

 

Izen ematea eta informazio osagarria

Izen ematea abenduaren 15etik hasita urtarrilaren 20ra bitartean egin ahal izango da,  bi modutara:

Telematikoki: Udalaren egoitza elektronikoa, BAkQ edo beste edozein ziurtagiri digitalaren bitartez
Modu presentzialean UDATEn, Herritarren Arreta Zerbitzuan kokatutako Etxebizitza Bulegoan (Plaza Zaharra 6A). Horretarako aurretik hitzordua hartzea derrigorrezkoa da. Aurretiazko zita eskatzeko:

Idatzi posta elektroniko honetara: etxebizitzatasatuak@tolosa.eus
Deitu 943 654 466 / 010 telefono zenbakietara eta sakatu 907 luzapena.

Deialdiei buruzko informazio guztia (bete beharreko baldintzak, aurkeztu beharreko dokumentazioa, eskaera orri ofiziala, etxebizitzen salmenta prezioak, zozketari eta zerrendei buruzko informazioa…) herritarren eskura jarri da udal webgunean: https://udala.tolosa.eus/eu/zerbitzuak/etxebizitza/etxebizitza-tasatuak.

Etxebizitzen gaineko informazio gehiago nahi izanez gero (planoak, orientazioa, kokapenak, logelak, materialak, eraikuntza zein etxebizitzen  gaineko informazioa....) jo:

Iurramendiko Etxebizitzen kasuan: https://www.sukia.com/es  webgunera, edo bestela,  horretarako bereziki Sukiak ireki duen bulegora. (Nafarroa etorbidea 6, telefonoa 943 302912)
San Kosme eta San Damian eremuko etxebitza tasatuen kasuan: http://www.residencialsankosme.com/ webgunera.  

 

Etxebizitza alorrean urrats berria

Etxebizitza tasatuen deialdiekin, urrats berria egin du Tolosako Udalak etxebizitza alorrean. Azken urtetan lan lerro ezberdinak abiatu ditu Udalak tolosarrei etxebizitza sarbidea erraztu eta aukera berriak eskaintzeko helburuarekin.

Besteak beste, alokairu ordainketa errazteko dirulaguntza lerro berria sortu da eta etxebizitza hutsak birgaitu eta alokairuan jartzeko dirulaguntza egokituko da, laguntzak eraginkorragoak izan daitezen, etxebizitza hutsak merkaturatzeko helburuarekin.

Auzogune berrien sorrerari lotuta, hirigintza garapena sustatzen ari da Udala azken urtetan. Horri esker, epe motz eta ertainean 400 etxebizitza baino gehiago eraikiko dira Tolosan, horietako asko, babestuak eta alokairuan, Tolosan dagoen etxebizitza premiari aurre egiteko eta erantzuteko helburuarekin.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA