Tolosa tentsio handiko etxebizitza eremu izendatzeko prozedura abiatu du udalak

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2024/05/22 | Etxebizitza
  • Izendapen hori jaso aurretik Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailari aurkeztu beharreko dokumentazio eta memoriak egiteko kontratua martxan da.


Tolosako Udalak udalerri osoa Bizitegi-Merkatuko Tentsio Eremu izendatu ahal izateko prozedura martxan jarri du, merkatuan esku hartu eta tentsio hori arintzeko helburuarekin.

Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak EAEko tentsio eremuei buruzko azterlana argitaratu zuen otsailean, eta izendapena jasotzeko aukera duten udalerrien artean kokatu zuen Tolosa. Bada, izendapen hori egin aurretik egin beharreko lanak burutzeko kontratua martxan jarri du udalak.

 

Zein egoeratan da Tolosa?

Etxebizitza Eskubideari buruzko maiatzaren 24ko 12/2023 Legean jasota dagoenez, udalerri bat bizitegi-merkatuko tentsio eremu izendatzeko ondorengo bi irizpideetako bat bete behar dute: batetik, etxebizitzen alokairu edo erosketa prezioen azken bost urteetako hazkundea, erkidegoko KPI metatua baino hiru puntu altuagoa izatea; bestetik, hipoteka/alokairu eta oinarrizko hornidura gastuek familien batez besteko errentaren %30 gainditzea.

Tolosaren kasuan, eta ETX Etxebizitzaren Euskal Behatokiak gune tentsionatuen txostenean emandako datuen arabera, azken bost urteotako alokairuaren batez bestekoa %18 igo da: 2017an 552,4 eurokoa zen, eta 2022ko datu 651,8 eurokoa da. Lehen irizpidea beteko luke, hortaz. Errentari lotutako irizpidea, berriz, lau barrutietako batean betetzen da; 2021eko diru-sarreren batez bestekoa 32.047 eurokoa zen, eta etxebizitza kargak %31,95ekoak. 

Udalerri osoa tentsio handiko bizitegi eremu izendatzeko aukera duten udalerrien artean da Tolosa, beraz.

 

Aurretiazko prozedurak, hiru fasetan

Tentsio handiko gune izendatu aurretik prozedura zehatz bat jarraitu behar da, eta Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailari bi dokumentu aurkeztu behar dizkio udalak: etxebizitzaren inguruko diagnostiko bat eta neurri zuzentzaileen ekintza plan bat, izendapena indarrean egongo den hiru urteetarako garapen egutegi batekin batera. Dokumentu horiez gain, memoria bat ere egin beharko du, datu objektiboetan oinarrituta eskaera arrazoituz.

Diagnostikoa, justifikazio-memoria eta ekintza plana egiteko kontratua dagoeneko sinatu du udalak, IKEI Research & Consultancy S.A. enpresarekin. Hiru fasetan gauzatuko dute lana, eta lau hilabeteko epean burutu beharko dute. 

Lehen fasean diagnostikoa egingo dute. Horretarako auzo edota zentsu-sekzioak eta genero aldagaia hartuko dituzte kontutan, eta inguruko udalerriekin alderatuko dira datuak. Joera demografikoak, azterketa sozioekonomikoa, etxebizitza-beharren eta eskariaren azterketa, etxebizitza parkearen bilakaera eta ezaugarriak, merkatua, edota etxebizitza programek

eta politikek Tolosan duten eragina neurtuko da, besteak beste. Etxebizitza Planaren proposamena landuko dute bigarren fasean, eta azkenekoan justifikazio-memoria.

 

Ondoren, zer?

Dokumentazio guztia egindakoan, udalak tentsio handiko gune izendatzeko eskaera egingo dio Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailari, eta onarpena jasotzen den unetik aurrera udalak tresna gehiago izango ditu eskura, etxebizitza merkatuan eragiteko. Besteak beste, une horretatik aurrera alokairuaren prezioak izozteko aukera izango du.

Ander Figuerido, udaleko Etxebizitza Azpisaileko zinegotziaren esanetan, «prozedura hau egiterako garaian egin beharreko azterlanek non gehiago eragin dezakegun erakutsi ahal izango digute. Ekintza planak tresna gehiago emango dizkigu, etorkizunerako plangintza osatu eta etxebizitza arazoari aurre egiteko. Bereziki etxe hutsen merkaturatzean jarrai nahi dugu fokua. Etxebizitza eskubide bat da, eta hori bermatzeko urrats gehiago emateko lanean jarraituko dugu».

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA