Gipuzkoa hitzaren milurtekoa ospatzeko lurralde osoko herri-erakundeetako buruak elkartuko dira, Tolosan, uztailaren 5ean

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2025/06/27 | Komunitatea eta Gobernantza
  • Uztailaren 5ean egingo da erakunde arteko ekitaldi nagusia, Euskal Herria plazan, 12:00etatik aurrera.
  • Ekitaldian zehar, Gipuzkoako alkate guztiek, diputatu nagusiak eta Batzar Nagusietako presidenteak soka-dantza egingo dute, besteak beste.

 

‘Gipuzkoa’ hitzaren aipamen zaharrenaren milurtekoa gogoratzeko ekitaldi sorta antolatu du Gipuzkoako Foru Aldundiak, erakunde eta eragile gehiagorekin elkarlanean. Hain zuzen, ekitaldi nagusia Tolosan izango da, uztailaren 5ean, Udalarekin elkarlanean antolatuta.

Euskal Herria plazan egingo da ekitaldia, eta herri-erakundeetako buruen soka-dantza izango da oinarria. Besteak beste, Eider Mendoza Larrañaga diputatu nagusia, Xabier Ezeizabarrena Saenz Batzar Nagusietako presidentea, Andu Martinez de Rituerto Arregi Tolosako alkatea eta lurraldeko alkateek parte hartuko dute, baita batzarkide eta legebiltzarkideek ere.

Soka-dantza da udal protokoloaren dantza adierazgarrienetako bat. Dakigunez, historian lehen aldiz egingo da gipuzkoar autoritate guztien soka-dantza, gipuzkoarron ordezkari diren neurrian. Ekitaldia 12:00etan izango da. Dantzaren eta ekitaldi instituzionalaren ondoren Et Incarnatus orkestra eta abesbatza entzuteko aukera izango da.

 

Ekitaldi gehiago

Lurralde gisa partekatzen ditugun balio nagusiak ospatzeko hitzordu gehiago izango dira datozen egunotan, dantza, kantua eta mendizaletasuna ardatz hartuta.

Lehena datorren larunbat eguerdian –hilak 28– egingo da, Donostian, gipuzkoar dantzariek gauzatuko duten ‘Gipuzkoa ezpata-dantzan’ ekimenaren bitartez. Gipuzkoako hiriburuko kaleak hartuko dituzte dantzariek, oholtzak markatzen duen egile eta ikusle logikatik aldenduz. Argia dantza taldearen eta Ikerfolken gidaritzapean, eguerdian Portutik abiatu eta, dantzariek ezpata-dantza eskainiko dute Alde Zaharreko zenbait puntu esanguratsutan. Ordubete beranduago, 13:00etan, komunitate osoa jarriko dute dantzan Konstituzio plazan, herritarrak ere dantza egitera ateraz.

Egun berean, Gipuzkoako Urrezko Domina den Juan Antonio Urbeltzek 1991an sortutako ‘Muriska’ pieza koreografikoa eskainiko du Argia dantza taldeak San Telmo Museoko elizan. Oholtzan 70 dantzari eta 15 musikari biltzen ditu. Euskal munduaren elementu sinbolikoen irakurketa eguneratua eskaintzen du. Sarrera doakoa izango da, baina aurretiaz San Telmo Museoan eskuragarri egongo dira aforoa bete arte. Emanaldia ikusi ahal izateko beharrezkoa izango da sarrera lortzea. Bi emanaldi antolatu dira: lehena, 19:30ean eta bigarrena, berriz, 20:30ean.

Ospakizun herrikoi hauetan azkena, berriz, Gipuzkoa eta Nafarroaren arteko mugan kokatzen den UIizar mendian egingo da, Urmuga jaialdiaren egitarauaren barnean. Uztailaren 20an, igandean. Urmugarekin bat egiten duten mendizaleak hiru bideetan barna iritsiko dira Ulizarrera –Berastegitik, Orexatik eta Arribetik– eta arratsaldean, berriz, ‘Ypuçcoa 1.000 urte ikuskaria’ eskainiko dute Leitza eta Amasako abesbatzek, Euskal Herriko eta Aragoiko dantza taldeekin batera. Ekitaldi eta musika emanaldi irekia izango da hau ere.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA