Tolosa etxebizitza-merkatuko tentsio handiko gune izendatzeko eskaera onartu du udalbatzak

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2025/06/30 | Etxebizitza
  • Egindako azterketak berretsi du azken bost urtetan hilabeteko alokairu-errentaren batez bestekoa ia %20 hazi dela Tolosan

  • Izendapenak hiru urteko indarraldia izango du, eta denbora horretarako Plan bat osatu du Udalak.
     

Tolosa etxebizitza-merkatuko tentsio handiko gune izendatzeko eskaera onartu du udalbatzak ekaineko osoko bilkuran, aho batez. 

Iaz abiatu zuen Udalak izendapena eskatzeko prozesua eta, ordutik, prozedurak eskatzen dituen dokumentuak egin ditu: etxebizitzaren diagnostikoa, izendapena eskatzeko justifikazio memoria eta hiru urterako Etxebizitza Plana. Hain zuzen, egindako analisiko adierazleek berresten dute Tolosa udalerri tentsionatua dela, bizitegi-merkatuari dagokionean. 

Aurrez, Eusko Jaurlaritzak ere jasoa zuen Tolosa tentsio handiko gune izendatzeko irizpideak betetzen zituzten udalerrien artean. Hala adierazi zuen, hain zuzen, Etxebizitzaren Euskal Behatokiak argitaratutako ‘Euskadiko tentsio eremuei buruzko txostena’ dokumentuak. 

Zehazki, 12/2023 Legeak ezarritako lehen irizpidea betetzen du Tolosak, bere osotasunean: etxebizitza erosteko edo alokatzeko prezioak, gutxienez, aurreko bost urteetako EAEko KPIaren hazkunde metatuarekin alderatuta ehuneko hiru puntu baino gehiagoko hazkunde metatua izatearena, alegia. 2018tik 2023ra, hilabeteko alokairu-errentaren batez bestekoa ia %20 hazi da Tolosan. 

 

Hiru urteko indarraldia

Bizitegi-merkatu tenkatuko eremu izendatzearen indarraldia hiru urtekoa izango da. Hori dela eta, Udalak plan bat egin du, datozen hiru urteetan ezarri beharreko neurriak jasotzen dituena.

Horrenbestez, orain, Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailari eskaria egingo zaio, Tolosako udalerria bizitegi-merkatu tenkatuko eremu izenda dezan, bere osotasunean. 

Onarpenarekin, Legeak ezarritako neurri eta ahalmen administratiboak Tolosari esleituko zaizkio, eta prezioetan mugak aplikatuko ahal izango ditu, erreferentziazko prezioen indizeen sistemaren arabera, baita azken bost urteetan errentamenduko kontraturik indarrean izan ez duten higiezinen kasuan ere. Horrez gain, edukitzaile handitzat hartuko da bizitegi-erabilerako bost hiri-higiezin edo gehiagoren titularra den pertsona fisiko edo juridikoa, trasteleku eta garajeak alde batera utzita.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA