- Diziplina anitzeko eskaintza izango da udazkenean; Gorka Urbizu, Anari eta Eñaut Elorrietaren emanaldiak izango dira, besteak beste.
- Eszena bonuak uztailaren 7an, 17:00etatik aurrera, jarriko dira eskuragarri 50 euroren truke.

Tolosako Udalak udazkeneko kultur eskaintza iragarri du. Diziplina anitzeko kultur programa izango da, eta leku izango dute musikak, antzerkiak, haurrentzako ikuskizunek edota dantzak. Orora 22 ekitaldi izango dira, irailaren 26ean hasi eta 2026ko urtarrilaren 3ra arte. Udalak ez ezik, beste eragile eta sustatzaile pribatuek antolatutakoak ere jaso dira.
Urriaren 4ean Gorka Urbizuk bere lehen bakarkako bira amaierako kontzertuetako bat eskainiko du Leidor aretoan, iluntzeko 20:00etatik aurrera. Urriaren 30ean, aldiz, Anari musikaria Eider Rodriguez idazlearekin batera igoko da TOPICeko oholtzara proposamen iradokitzaile bezain interesgarri batekin. Gainera, Eñaut Elorrietak Alos Quartetekin batera ikuskizun berriaren estreinaldia eskainiko du Leidorren 2026ko urtarrilaren 3an.
Iaz egitekoa zen baina bisarekin lotutako arazoak medio egin ezin izan zen Gazako Sol Band taldearen kontzertua, Abesbatzen Europako Sari Nagusia, German Ormazabal piano-jotzaile tolosarraren eta Maria Martin sopranoaren kontzertua, Isidro Larrañagaren omenezko jaialdia eta Hauspotuz Tolosaldeko Trikitixa Elkartearen jaialdiak ere osatuko dute programa, besteak beste.
Eszena bonua, astelehenetik aurrera eskuragarri
Kultur eskaintza hau modo eroso eta ekonomikoan gozatu ahal izateko, Udalak Eszena Bonuak jarriko ditu eskuragarri. Orotara 200 bonu jarriko dira salgai uztailaren 7an arratsaldeko 17:00etan (online eta Leidor Antzokiko leihatilan) 50 euroren truke (ikusikizun horietarako sarrerak banan bana erosiz gero, 90 euro ordaindu beharko lirateke).
Zazpi ikuskizun jasotzen ditu bonuak: Gorka Urbizu, Sol Band, Arineketan, EGO eta Eñaut Elorrieta eta Alos Quarteten kontzertuak, NÉE / Cielo rasO dantza-ikuskizuna eta Adiorik ez! antzezlana.
Bonu eta ikuskizun bakoitzeko sarrera bakarra eskuratu ahal izango da, eta bonua eskuratzen dutenek lehentasuna izango dute sarrerak eskuratzeko; izan ere, uztailaren 7tik (17:00) 20ra bonua dutenek soilik hartu ahal izango dute dagokien sarrera. Hau da, behin bonua erosita, ikuskizun horietako bakoitzaren sarrera ere hartu beharko da, bonua erostean jasotako kodea sartuta. Prozesu hori lehenbailehen egitea gomendatzen da. Izan ere, sarrera solteak uztailaren 21etik aurrera jarriko dira salgai (online eta Leidor Antzokiko leihatilan). Ordutik aurrera bonua dutenek lehentasuna galduko dute, eta jakin behar dute ikuskizun baterako sarrerak agortu badira ezingo dutela bonoa trukatu. Beraz, bonua edukita, komeni da sarrerak uztailaren 7tik 20rako epe horretan eskuratzea, gabe ez gelditzeko.
Egitaraua
Irailak 26, ostirala. Leidor Aretoa. 20:00.
Musika: Trikitilari jaialdia, Hauspotuz Tolosaldeko Trikitixa Elkarteak antolatuta.
Leidorrek hartuko du Hauspotuz Tolosaldeko Trikitixa Elkarteak antolatutako trikitilari jaialdia. Sei emanaldi izango dira: Ai ama taldea; Irune eta Itxaso Elizagoien; Gorka Valdes; Hektor Folk eta aitak; Iker Goenaga, Axier Unsain, Irma Karrera eta Amets Arteaga; Mirua eta Maixa Lizarribar.
Urriak 3, ostirala. Leidor Aretoa. 20:30.
Umorea, bakarrizketa: Goyo Jiménez, Misery Class.
Más difícil todavía, Confusio eta Aiguantulivinamérica trilogiarekin barre algara eragin ondoren, Goyo Jiménezek bere azken bakarrizketa, Misery Class, aurkeztuko du Leidorren.
Urriak 4, larunbata. Leidor Aretoa. 20:00.
Musika: Gorka Urbizu.
*Eszena bonuaren barruan.
Gorka Urbizuk Tour Bat bira arrakastatsuaren testuinguruan emanaldia eskainiko du Leidor Aretoan. Lekunberriko musikariak mundu guztia harritu zuen ezustean Hasiera bat bakarkako lana kaleratuta (Only In Dreams, 2024). Disko honekin lau urteko isilunea apurtu eta harrera beroa jaso du hala entzulegoaren nola kritikaren partetik. Besteak beste, Musika Independentearen Sarietan (Premios MIN) Euskarazko Diskorik Onenaren Saria erdietsi du.
Urriak 10, ostirala. Leidor Aretoa. 20:00.
Musika: Sol Band.
*Eszena bonuaren barruan.
Sol Band 2012an sortu zen eta Gazako folk musika maite duten gazte talde batek osatzen du. Sol Band musika-tresna tradizionalen eta modernoen konbinazioagatik eta hainbat generoren fusioagatik nabarmentzen da, bai eta musikaren bidez transmititzen duten alaitasunagatik eta energiagatik ere. Sol Bandek Gazako blokeoa gainditzea lortu zuen, mugak gaindituz eta musikaren hizkuntza unibertsalaren bidez pertsonak elkartuz.
Urriak 17, ostirala. Leidor Aretoa. 20:00
Dantza: Cielo rasO, Née.
*Eszena bonuaren barruan.
Née bakardadeari, maitasunari, ausentziari buruzko dantza-ikuskizuna da. Modu dotorean eratzen da zaratatik urrundutako bidaia, lehenengo pertsonan kontatua, hausnartua eta eraldatzailea.
Urriak 18, larunbata. Leidor Aretoa. 17:00.
Haur ikuskizuna: Txirri, Mirri eta Txiribiton, Pailazo
Badira 50 urte pailazo hirukote ezagun honek Kixki, Mixki eta Kaxkamelon izenaz bere ibilbideari hasiera eman ziola. Ikuskizun honen bidez profesioaren jatorria aldarrikatu nahi du. Xelebrekeriez gain, taldearen betiko arrakastak eskainiko dizkigute: ‘Paristik natorren’, ‘Txirri, Mirri eta Txiribiton’, ‘Altza, Pelipe!’, eta abar.
Urriak 24, ostirala. Topic. 20:00
Antzerkia: Tartean teatroa, Ai, gure juaneteak!
Laboaren kantak gaur egungo gizabere baten begiradatik “Ai Gure Juaneteak!” ikuskari eszeniko hibridoa da, Patxo Telleriak sortua, eta hitzak eta musikak osaturikoa. Taula gainean aktore-musikari bat, Patxo Telleria bera, eta bi musikari-aktore Adrian Garcia de los Ojos eta Maider Lopez.
Urriak 25, larunbata. Topic. 19:30.
Umorea: Birakabareta
Intujai Teatro taldeak antolatuta, Birakabareta helduentzako umore proposamena da, formatu txikiko antzerki jaialdia.
Urriak 26, igandea. Leidor Aretoa. 17:00.
Musika: Abesbatzen Europako Sari Nagusia
Tolosako Ekinbide Etxeak antolatuta, 2025eko Abesbatza Kantuaren Europako Sari Nagusia Tolosan izango da aurten. Urriaren 30etik azaroaren 2ra, gainera, urtero moduan Tolosako Nazioarteko Abesbatza Lehiaketa ere ospatuko da.
Urriak 30, osteguna. Topic. 20:00
Musika eta literatura: Eider Rodríguez eta Anari, Boston
“Inoiz izan ez zaren lekuetan inoiz ezagutuko ez duzun jendea bizi da, baina ezagutzen dituzu beraien kantuak, liburuak eta pelikulak. Fikzio konpartituen errealitate mendebaldar bat”. Proposamen iradokitzaile eta interesgarri honekin, Eider Rodríguez idazlea eta Anari abeslari eta instrumentista aurkeztuko dira.
Azaroak 7, ostirala. Leidor Aretoa. 20:00.
Musika: Isidro Larrañagaren omenezko jaialdia
2022an zendu zen akordeoi-jole eta musika irakasle tolosarraren omenez antolatutako soinujoleen jaialdia.
Azaroak 14, ostirala. Leidor Aretoa. 20:00.
Antzerkia: La dramática errante, Adiorik ez
*Eszena bonuaren barruan.
Adiorik ez antzerkia norbere mugak gainditzeari, samurtasunari eta gizatasunari buruzko istorio bat da. Zainketa aringarrietan eta «ongi hiltzean» oinarrituta, bizitzari alaitasunez aurre egitera eta bizitzaren amaiera nolakoa izango den galdetzera bultzatzen gaituen bidaia.
Azaroak 21, ostirala. Leidor Aretoa. 19:00
Musika: Xexili eguneko kontzertua
Xexili egunaren testuinguruan, Tolosako Udal Musika Bandak antolatuta, banda beraren eta gonbidatutako herriko musika taldeen kontzertua izango da.
Azaroak 22-30.
Txotxongiloak: Titirijai
Titirijai, Tolosako Txotxongiloen Nazioarteko Jaialdia, duela 40 urte hasi zen ospatzen eta egun sektoreko jaialdi garrantzitsuenetakoa da. Txotxongilolaritzan oinarrutako jaialdia da, eta hainbat emanaldi eskainiko dira.
Abenduak 5, ostirala. Leidor Aretoa. 20:00
Musikala: Onbeat konpainia, De Simba a Kiara – El Rey Leon filmari omenaldia
Familia osoarentzat musikala, omenaldi kontzertu bat pelikula ospetsuan agertzen diren pertsonaiekin. Aurkezle dibertigarriak izango dira abesti guztien arteko lotura edo hari nagusi.
Abenduak 5, ostirala. Leidor Aretoa. 22:30.
Musikala: Onbeat konpainia, El musical de los 80s 90s
80ko eta 90eko pop espainola oinarri duen ikuskizun honetan entzuleek pertsonaien esperientzia partekatuko dute, abestuz eta dantzatuz.
Abenduak 12, ostirala. Leidor Aretoa. 20:00.
Musika: Arineketan
*Eszena bonuaren barruan.
2020 urtean lehen diska aurkeztu zutenetik, Iñar Sastrek (pianoa) eta Jagoba Astiazaranek (txistua) gidaturiko Arineketan taldea dozenaka plazetan aritu da euskal musika tradizionalaren zahar-berritze lanetan. Euskal ondarea berreskuratuz, bigarren bizitza bat eman nahi diete galtzear dauden kantei, itxuraldatuta publiko berriengana helaraziz.
Abenduak 13, larunbata. Leidor Aretoa. 16:30.
Haur ikuskizuna: Ene Kantak, Bisonte-Mastodontearen bila
Bisonte-Mastodontearen bila haurrentzako euskarazko antzezlana da, Nerea Urbizuk idatzitako izenburu bereko liburuan oinarritua, non musikak pisu handia duen. Ikus-entzunezko formatua, Aralar mendilerroko historiaurreko ingurune bat irudikatzen duen eszenografia ikusgarriarekin konbinatuta.
Abenduak 26, ostirala. Leidor Aretoa. 20:30.
Magia: Shado, Cléptomago
Shado magoa Cleptómago ikuskizunarekin dator Tolosara, pickpocket, mentalismoa eta hiri-magia uztartzen dituen eskaintza. Karterista baten trebetasunarekin eta engainuaren maisu baten azkartasunarekin, Shadok zure pertzepzioa desafiatzen du eta inor salbu ez dagoen joko batean murgilduko zaitu.
Abenduak 29, astelehena. Topic. 19:00.
Musika: Maria Martin + German Ormazabal, Melodiak
Melodiak errezitaldi lirikoa eskainiko dute German Ormazabal piano-jotzaileak eta Maria Martin sopranoak. Ravelen greziar ebokazioetatik hasi eta Sorozabalen eta Guridiren euskal doinuen sakontasuneraino, proposamenak soinu bidaia batera gonbidatzen gaitu, non folklorea eta poesia eszenaratuko diren.
Abenduak 30, asteartea. Leidor Aretoa. 19:00.
Musika: Euskal Herriko Gazte Orkestra / EGO
*Eszena bonuaren barruan.
Pedro Gandia bilbotarrak zuzenduko duen kontzertu honetan, EGO bere historian lehen aldiz historikoki informatutako irizpideen arabera interpretatutako musika barrokoan barneratuko da. Errepertorioko bi obra handi (Haendelen "Water Music" eta Corelliren "Eguberri Gauerako" kontzertua) Rameau bikainaren azken operaren musikarekin eta Biberren bataila beti harrigarriarekin batzen dira.
Urtarrilak 3, larunbata. Leidor Aretoa. 19:00.
Musika: Eñaut Elorrieta + Alos Quartet, Ahots kordak
*Eszena bonuaren barruan.
Ahots kordak ikuskizunaren estreinaldia hartuko du Leidor Aretoak, Eñaut Elorrietak eta Alos Quartet-ek elkarrekin aurkezten duten lehen proiektua, nahiz eta lehenago ere elkarlanean aritu izan diren. Kontzertu bakan eta berezia izango da, eta Elorrietaren ibilbide osoa izango du ardatz emanaldiak.