Astelehenean irekiko da Aitzol Udal Euskaltegian aurretiaz izena emateko epea

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2025/05/22 | Euskara eta Hezkuntza
  • 2025-2026 ikasturterako aurrematrikulazioa egin ahalko da maiatzaren 26tik aurrera. Maila guztietako eskaintza izango du Tolosako euskaltegiak.
  • Aurrematrikula egitea kontuan hartuko da eskainitako lekuak baino eskatzaile gehiago egonez gero.

Maiatzaren 26an, datorren astelehenean, hasiko da Aitzol Udal Euskaltegiko aurrematrikulazio-garaia. 2025-2026 ikasturterako aurretiazko izen-ematea izango da, eta irailean berretsi beharko da, matrikula eginda. Aurrematrikulazioak badu berritasun bat aurten: eskainitako leku-kopurua gaindituko balute eskaerek, zein ikasle hautatu zehaztean, kontuan hartuko da aurrematrikula egina duen edo ez. Tolosako Udalak hilabete honetan du onartzekoa Aitzol Udal Euskaltegiko barne-araudi berria, eta, besteak beste, aldaketa hori ekarriko du. Beraz, euskaltegian hasteko asmoa izanez gero, komeni da aurrematrikulan izena ematea.
Ikastaro-eskaintza zabala izango du euskaltegiak datorren ikasturtean ere: maila guztietako ikastaroak emango ditu, hasierako mailatik aurreratuenera (A0tik C2ra); goizean eta arratsaldean, bietan izango dira eskolak aukeran; eta, ikas-ereduari dagokionez, hiru sistema daude: aurrez aurreko eskolak, online autoikaskuntza, eta bi eredu horien tartekoa.
Maiatzaren 26tik ekainaren 20ra arte egongo da zabalik aurrematrikula egiteko epea. Bide hauetatik egin daiteke:

  • Aurrematrikula egiteko fitxa betetzea, lotura honetan.
  • Aitzol Udal Euskaltegiko bulegora joatea (Gorosabel eraikinean dago euskaltegia, Rondilla kaleko 34. zenbakian, hirugarren solairuan, musika-eskolaren goiko aldean). Ordutegia, ekainaren 2tik aurrera: 09:00-13:00 eta 16:00-19:30 (ekainaren 2ra arte, 08:30-14:30, baina maiatzaren 28an, asteazkenean, 09:00-13:00 eta 16:00-19:30).
  • Aitzol Udal Euskaltegira deitzea, bulegoko ordutegian: 943 65 10 06.
  • Ikastaroei buruzko zalantzak argitzeko, telefonoz dei daiteke, edo mezu bat bidali helbide honetara: aitzolue@tolosa.eus.

 
Prezioak eta dirulaguntzak
Tolosako Udalbatzak apirilean onartu zituen 2025-2026 ikasturterako prezio publikoak. Hauek izango dira Aitzol Udal Euskaltegiko tarifak: aurrez aurreko eskoletan, 1,39 euro orduko; autoikaskuntzan, 2,50 euro orduko; eta jardun biko edo mistoan, 1,95 euro orduko. C2 mailako ikastaroetan handiagoak dira prezioak, ikasmaila horren berezitasunak aintzat hartuta: aurrez aurreko eskoletan, 2,09 euro orduko; autoikaskuntzan, 3,75 euro. Matrikularen prezioa, beraz, ikastaroak duen ordu-kopuruaren araberakoa izango da.

Tolosan erroldatutako ikasleek ez dute, hala ere, matrikula osoa ordainduko. Izan ere, Udalak martxan duen dirulaguntza-sistemaren bidez, hasieratik izango dute beherapena, eta B2 mailara arte, ia doakoa izango da: matrikularen % 5 ordainduko dute. Adibidez: A2 mailako 300 orduko aurrez aurreko ikastaroan, 417 euro litzateke matrikula osoa, baina ikasle tolosarrek % 5 ordainduko dutenez, hasieran ordaintzekoa 20,85 euro litzateke. Falta den zatia (adibidean, 396,15 euro), Udalak hartuko du bere gain, euskara-ikasleentzako dirulaguntzaren bidez. 
Horretarako, ikasturte amaieran eskaera aurkeztu behar du ikasleak, eta baldintzak betetzen dituela egiaztatu —baldintza nagusiak hauek dira: % 85eko asistentzia izatea eta aprobetxamendu egokia izatea; ez da eskatzen azterketak gainditzea—. Baldin eta ikasleak ez badu gutxieneko asistentzia betetzen, alegia, ez bada eskoletara joaten, orduan bai, matrikula osoa pagatu behar du (adibidean, 417 euro).
Maila guztietan daude dirulaguntzak, ehuneko hauekin:

  • A1, A2, B1 eta B2 mailak: % 95.
  • C1 maila: % 75.
  • C2 maila: % 50.

Aurrematrikula egiteko epea zabalik egongo da ekainaren 20ra arte. Irailean, ohiko matrikula egingo da, eta orduan berretsi beharko da izen-ematea. Eskolak irail bukaeran hasiko dira.
 

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA