Aurrerantzean asteburuetan ere erabili ahal izango dira Gorosabel eraikineko ikasgelak

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2025/10/14 | Euskara eta Hezkuntza
  • Txartel bidezko sarbide-sistema jarri da eraikinean. Erabili ahal izateko, beharrezkoa izango da eskaera egitea.

  • Larunbatetan, igandeetan eta gainerako jaiegunetan, 08:00etatik 20:00etara erabili ahal izango dira ikasgelak.
     

Ikasgela modura erabiltzeko bi gela prestatu zituen apirilean Udalak, Gorosabel eraikinean. Orain arte astelehenetik ostiralera bitarte izan dira erabilgarri, baina, eraikinera sartzeko txartel bidezko sistema jarri eta gero, aurrerantzean asteburuetan ere erabili ahal izango da. 

Sarbide-sistema hori jartzerako orduan izan diren arazo batzuek atzeratu dute aukera hori orain arte. Arazoak konponduta, asteburu honetatik aurrera larunbatetan eta igandeetan ere joan ahal izango da ikasgelara, baita gainerako jaiegunetan ere, 08:00etatik 20:00etara. Egun horietan, eraikinaren sarrera nagusitik sartu beharko da, bertan baitago txartelen irakurgailua. 

Astelehenetik ostiralera, berriz, 08:00etatik 21:00etara daude zabalik ikasgelak. Astegunetan eraikina zabalik dagoenez, ez da txartela erabili beharko. 

Orain arte 70 bat herritarrek eman dute izena ikasgela erabiltzeko, eta horiei zuzenean egingo zaie txartela. Oraindik izena eman ez dutenek, berriz, txartela eskuratzeko eskaera-orria aurkeztu beharko dute. Nahiz eta astegunetan soilik erabiltzeko asmoa izan, beharrezkoa da eskaera egitea.

Txartela eskuratzeko bi bide daude: batetik, Udalaren egoitza elektronikoaren bitartez egin daiteke eskaera, lotura honetan sartuz eta Online tramitazioa hasi aukeran klikatuz; bestetik, udaletxean aurrez aurre egin daiteke eskaera-orria, UDATEn. Adin txikiko eskatzaileen kasuan, ikasgela erabiliko duenak ez ezik, haren gurasoek edo legezko tutoreak ere sinatu beharko dute eskaera. Informazio gehiagorako, euskara@tolosa.eus helbidera idatz daiteke.

Rondilla kaleko Gorosabel eraikinaren 3. solairuan daude ikasgelak (musika-eskolaren goiko aldean, Aitzol udal-euskaltegiaren solairu berean). Geletako batek 14 lagunentzako lekua du, eta besteak, 10 lagunentzakoa.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA