- Pandemiagatik atzeratu egin behar izan zen ikasle-trukaketa bidaia eta atzo iritsi ziren ikasle frantsesak Tolosara.
- Tolosa eta Charleville-Mézières-ek 2018. urtean sinatutako senidetze hitzarmenaren baitan kokatzen da ikasle-trukaketa.
- Tolosako Udalak ikasle-trukaketa baliatuko du, Tolosa eta Charleville-Mézières herrien arteko harremanak estutu eta lan lerro ezberdinen baitan lanean jarraitzeko: industria, gastronomia, lehen sektorea, turismoa, kirola eta kultura, besteak beste.
Tolosako Udalak eta Frantziako Charleville-Mézières herriak 2018an sinatu zuten senidetze hitzarmena txotxongiloetatik haratago, industria 4.0n, 3D fabrikazio aditiboan, ikasleen elkar trukean, lehen sektorean, gastronomian edota turismoan sakontzeko helburuarekin.
2019 urte hasieran, Tolosako ordezkaritza batek, Olatz Peon Ormazabal alkatea buru, Charleville-Mézièresera bidaiatu zuen, bi herrien arteko proiektuaren baitan lanean jarraitzeko. Eta urte amaieran ikasle elkar-truke programa abiatu zen. DBH 4. mailako eta batxilergoko Tolosako Herrikide, Laskorain eta Orixe ikastetxeetako 41 ikaslek parte hartu zuten programan eta frantziara bidaiatu zuten abenduan. Bidaia Tolosako Udalak finantzatu zuen.
Asmoa zen jarraian etortzea ikasle frantsesak Tolosara, baina pandemiaren ondorioz, 2020an aurreikusitako egonaldia atzeratu egin behar izan zen eta gaur egin diete alkateak, Olatz Peon Ormazabalek eta Xarles Iturbek, Merkataritza, Turismoa eta Feriak saileko zinegotzi arduradunak, Charleville-Mézières-etik etorritako 24 ikasle eta 4 irakasleei harrera Osoko Bilkuren Batzar aretoan.
Bi herrien arteko ezagutza eta harremana estutzea helburu
Alkateak ikasle-trukaketa honen garrantzia azpimarratu du ongietorri ekitaldian. “Bi herrien arteko elkar-ezagutza sustatzeko eta harremanak sendotzeko aukera emango digu ikasle-trukaketak, Tolosa eta Charleville herriak are eta gehiago gerturatzeko”.
Hizkuntza gaitasunak hobetzearekin batera, gure herria ezagutzeko aukera izango dute ikasle frantsesek, “Tolosak asko du eskaintzeko, barnekaldeko herria gara, mendiz eta berdegunez inguratuta, baina kostatik hurbil; eskualde buru, xarma berezia duen Alde Zaharrarekin eta eskaintza anitzarekin: larunbateroko azoka, gastronomia, ondare kulturala, tradizioa, merkataritza ehun sendoa erosketak bertan egiteko... Tolosa herri oso bizia da, dinamikoa eta euskalduna, hemen igaroko dituzuen egunetan gure herriaren esentzia ezagutzeko aukera izatea espero dugu” esan du Xarles Iturbek.
Ikasle trukaketa honek ere helburu du herriko gazteen artean harremanak sendotzea, hiru ikastetxeetako ikasleek parte hartzen baitute bizipen honetan. Charleville-Mézières-eko ikasleak Tolosako familietan egingo dute egonaldia. Ikaskideekin batera egingo dituzten ekintzez gain, ikasle bakoitzak egonaldia egingo duen familiarekin ere igaroko du denbora. Hala, hizkuntza gaitasunetan trebatu ahal izango dira, eta autonomia pertsonalean garatu.
Horrez gain, besteak beste, txotxongiloen etxea ezagutuko dute, Topic bisitatuz, Alde Zaharretik bisita gidatua egingo dute eta herri kiroletako jolasak ere egingo dituzte Beotibar pilotalekuan. Agur bazkaria ere eskainiko zaie Zerkausian eta Gernika, Gernikako arbola eta Bilbo ezagutzera ere irtengo dira.
Lan lerro ezberdinen baitan lanean
Txotxongiloak ziren bi herriak baten zituen gai ardatza. Ikasle trukaketa programa ere abian da eta Tolosako Udalak lanean jarraituko du gainerako alorretan ere: gastronomia, lehen sektorea, kirola, industria... bi herrien arteko osagarritasuna eta sinergiak sustatzeko helburuarekin.
Tolosako Udalak ikasle-trukaketa baliatuko du, harremanak estutu eta lanean jarraitzeko.