Datorren hamarkadarako hizkuntza-politika definitzeko prozesua hasi du Tolosako Udalak

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2024/05/29 | Euskara eta Hezkuntza
  • Indarraldia aurten amaituko du 2022-2024ko plan estrategikoak, eta Udalaren asmoa da begirada zabalagoko plan bat egitea, 2034ra artekoa, Tolosaren erronka soziolinguistikoak kontuan hartuta.
  • Eztabaida-taldeak martxan dira, eta edozein herritarrek eta eragilek ekarpenak egin ditzake.

 

Tolosako Udalak martxan jarri du partaidetza-prozesu zabal bat, datorren hamarkadako hizkuntza-politika definitzeko. Eusko Jaurlaritzak urtarrilean onartutako AROA markoaren barruan landuko da plan berria. Udalaren asmoa da hamar urteko ikuspegiarekin egitea hurrengo plana, orain arte baino begirada luzeagoarekin. Aurten amaituko du indarraldia aurreko 2022-2024ko plan estrategikoak, eta hurrengo planak 2025-2034 epealdia hartuko du.

Plana lantzeko prozesuaren berri eman du Garbiñe Marzol Ormazabalek, Euskara eta Euskaltegia Azpisaileko zinegotzi delegatuak. Gogora ekarri du agintaldi-planean ardatz gisa jasoa dagoela «euskararen herri-ituna», eta hori gauzatzeko proiektua dela oraingoa.

Lehen urrats gisa, egungo egoerari buruzko argazkia landu du Euskara eta Hezkuntza Sailak eta Euskararen Aholku Kontseiluaren ekarpenekin osatu da. Oinarrizko diagnostiko hori osatzeko hiru dokumentu landu dira:

  • Bilakaera demografikoa. Tolosako biztanleria-aldaketei buruzko datuak daude txosten horretan. Besteak beste, nabari da biztanleria etengabe areagotzen ari dela azken hamarkadan, zahartzen ere bai, eta biztanleriaren igoera hori zuzenean dagoela lotua migrazio-mugimenduekin, hazkunde begetatiboa negatiboa baita —jende gehiago hiltzen da jaio baino—. Migrazioei dagokienez, Latinoamerikako herrialdeetatik iritsi da fluxu nagusia, baina kontuan hartzekoa da Euskal Herri barneko immigrazioa ere, batez ere Donostialdeko udalerrietatik etorritakoa.
     

  • Bilakaera soziolinguistikoa. Euskararen adierazle nagusien azterketa egin da, eta nabari da aldaketa batzuk gertatzen ari direla. Ezagutzari dagokionez, gorantz ari da (euskaldunak % 70etik gora dira), batez ere belaunaldi berrietan (20 urtetik behera ia unibertsala da ezagutza). Jaitsierak ere badira, ordea: euskara lehen hizkuntza dutenen ehunekoa murrizten ari da (erdiak baino gutxiago dira), eta, horrekin, aldatzen ari da euskaldunen profila: gero eta gehiago dira euskara etxetik kanpo jaso dutenak. Erabilerari dagokionez, geldialdi bat erakusten dute etxeko erabileraren datuek, baina kaleko erabileran joera positiboa da —kontuan hartu behar da kaleko neurketak kaleko errealitatea islatzen duela: ez soilik tolosarrena, baizik eta herriko kaleetan dabiltzanena, eta adin-talde batzuek pisu handiagoa dutela—. Bilakaera soziolinguistikoa aztertzean, eta Udalak auzoekin lan egiteko duen irizpidearekin bat etorrita, auzoetako datuak ere landu dira, alde handiak baitaude batzuetatik besteetara.

  • Arloz arloko diagnostikoa. Azken urteotan hizkuntza-politikan egindako ibilbideari buruzko analisia dakar hirugarren dokumentuak. 2022-2024ko plan estrategikoaren egiturari jarraituz, arlo hauek aztertu dira: estrategia, familia-transmisioa, irakaskuntza, euskalduntze-alfabetatzea, administrazioa, arlo sozioekonomikoa, aisia eta kirola, liburugintza eta kulturgintza, corpus-plangintza eta euskararen kalitatea, hedabideak, informazioaren eta komunikazioaren teknologiak, sentsibilizazioa eta motibazioa, eta proiekzioa. Eremu bakoitzean datuen bidez aztertu da zein den egungo errealitatea, eta azken urteotan zer lan egin diren —eta zer ez—.

Behin oinarrizko diagnostikoa osatuta, ekarpenak bildu nahi ditu Udalak, plan estrategiko berria ahalik eta era zabalean lantzeko. Horretarako, bi partaidetza-bide daude martxan:

  • Talde-eztabaidak. Hurrengo plan estrategikoari begira, zazpi interes-talde identifikatu dira, eta talde-eztabaidak egiten ari dira hainbat eragile eta norbanako. Arlo hauei heldu zaie: arlo sozioekonomikoa, erdaldunak, adinekoak, gazteak, migrazioa, kirola-aisia, eta hezkuntza.

  • Parte-hartze irekia. Ekarpenak jasotzeko beste bide bat zabalduko da orain, eta edozein herritarrek eta eragilek egin ahalko dituzte beren ekarpenak, ondorengo galderari erantzunez: Zer beharko litzateke Tolosan euskararen erabilera indartzeko?. Proposamena da nork bere ekarpenak egitea, ikusten dituen premiak mahai gainean jartzea edo neurri zehatzak proposatzea. Online egin daitezke ekarpenak, edo udaletxean eta kultur etxean jarritako buzoietan sartuz. Hirugarren buzoi bat ere jarriko da, eta astez aste lekuz aldatuko da: Haur Liburutegia, Gorosabel eraikina edo Usabal kiroldegia, esaterako. 

Parte hartzeko deia egin du Marzolek: «Ekarpen guztiak izango dira ongi etorriak: askotariko proposamenak eta iritziak jaso nahi ditugu, argi baitaukagu euskara indarberritzea herri osoaren erronka dela. Udalak ardura handia du, eta urrats gehiago egitea dagokigu, baina Udalak bakarrik ezin du: herritarrekin eta eragileekin eskuz esku egin nahi dugu euskara indartzeko bidea». 

Euskara eta Hezkuntza Sailak jasotako ekarpenak aztertuko ditu eta Euskararen Aholku Kontseiluan ere landuko dira, plan berrian txertatze aldera.

Behin partaidetza-prozesua eginda eta jasotako ekarpenak aztertuta, plan estrategiko berria landuko da udazkenean, eta asmoa da Osoko Bilkuran onartzea urtea amaitzerako.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA