- Galtzaundi Euskara Taldearekin elkarlanean, hitzaldi bat eta jolasa eta jokoa uztartzen dituen ekintza ludikoa eta bertso musikatuak antolatu ditu Udalak.
- Tolosaldeko euskalgintzako eragileek eta Udalek 100 ahots baietz! teknologiari euskaraz irakasteko maratoia antolatu dute abenduaren 2rako.
Datorren igandean, abenduak 3, Euskararen Nazioarteko Eguna da, eta horren harira, hainbat ekintza antolatu ditu Tolosako Udalak Galtzaundi Euskara Taldearekin elkarlanean, euskara eta honen erabilera indartzen jarraitzeko eta euskararen aldia egunero dela aldarrikatzeko.
Asteazkenean, hilak 29, «Nola atera gaitezke eraso judizialen labirintotik?» hitzaldia eskainiko da, arratsaldeko 18:30ean, Tolosako Kultur Etxean, Iñigo Urrutiaren eskutik. Urrutia EHUko irakasle eta legelaria, hizkuntza eskubideetan aditua da, besteak beste.
Urrutiaren hitzetan, «hizkuntza politika egiten ari dira epaileak ez dagokienean, eta euskararen biziberritzearen kontrako sententzia bat bestearen atzetik jasotzen ari gara azken aldian». Hori horrela, hitzaldian gaiaren inguruan mintzatuko da.
«Tolosaldean behin», lehiaketa eta bertso musikatuak igandean
Urtero legez, aurtengoan ere jolasa eta jokoa uztartzen dituen ekintza ludikoa ere antolatu dute Udalak eta Galtzaundik. «Tolosaldean behin» du izena, eskualdeari buruzko 22 galderez osatuta dago eta izenak dioen bezala, «Egunean Behin» aplikazioaren antzeko jolasa izango da.
Eskualde mailako egitasmoa da eta Tolosaren kasuan, Zerkausian egingo da, 18:00etan. Parte-hartzaileek mugikorra eraman beharko dute eta momentuan adieraziko zaien webgune batera sartu beharko dute. Bakoitzak bere mugikorrean erantzun beharko ditu 22 galderak, 30 segundoko epean. Zenbat eta erantzun zuzen gehiago, orduan eta puntu gehiago jasoko ditu eta zenbat eta lehenago erantzun galderak, orduan eta puntu gehiago batuko ditu.
Sari modura urte amaierarako Galtzaundi prestatzen ari den umore ikuskizun baterako sarrerak banatuko dira. Herri bakoitzeko irabazlea izateaz gain, eskualdeko lehiakiderik onena ere izendatuko da, eta sari gehigarria izango du eskualdeko lehiakide onenak.
Ondoren, ‘Nola da: jolastu edo jokatu’ bertso eta musika ikuskizuna eskainiko dute Oihana Iguaran eta Aitor Sarriegi bertsolariek, eta Alaitz Artola piano jotzaileak. Gai jartzailea Iker Iriarte izango da.
«100 ahots baietz!» maratoia
Aipatu ekintzez gain, Tolosaldeko euskalgintzako eragileek eta Udalek 100 ahots baietz! teknologiari euskaraz irakasteko maratoia antolatu dute abenduaren 2rako (larunbata).
Eusko Jaurlaritzak hainbat eragilerekin batera bultzatutako Gaitu kanpainarekin bat eginik, maratoi horren bitartez, mugikorrek, ordenagailuek edota bestelako tresna teknologikoek euskaraz egin eta ulertzeko 100 ahots bildu nahi dira eskualdean.
Maratoia 10:00etatik 14:00etara, eta arratsaldean, 16:00etatik 18:00etara izango da, Tolosako kultur etxeko areto nagusian. Parte hartu nahi dutenek ordenagailu aurrean jarri, eta pantailan azalduko diren esaldiak irakurri beharko dituzte, ahotsa grabatuz. Hori egiteko, 30 minutuko txandak antolatu dira, eta beharrezkoa izango da aurretik izena ematea. Izena www.galtzaundi.eus webgunean eman behar da, ordutegia aukeratuz