Ekintzak Tolosan Euskararen Nazioarteko Egunaren baitan

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2021/11/24 | Euskara eta Hezkuntza
  • Euskararen aldeko apustuan, hizkuntzaren ezagutza eta erabilera sustatzeko hainbat ekintza antolatu dituzte Udalak eta herriko eragileek elkarlanean.

  • Laukiz Lauki Tolosarri buruzko denbora-pasa liburuxka argitaratu du Udalak eta Euskara Sustatzeko Ekintza Plana berritu eta eguneratu du Euskararen Aholku Kontseiluak.

  • Xabier Balerdi, Tolosako euskara zinegotzia: “euskararen presentzia eta erabilera nabarmen areagotu da Tolosan azken urte luzeetan, hezkuntza alorrean egindako lanari esker, erakundeetatik emandako bultzadari esker eta Tolosak duen elkartegintza sare handiari esker. Elkarlanaren emaitza da euskarak Tolosan izandako eboluzio eta erabileraren gorakada.”

 

Tolosako Udalak eta herriko eragileek euskararen aldeko apustu irmoa egiten jarraitzen dute, eta gure hizkuntzaren ezagutza eta erabilera sustatzen jarraitzeko, hainbat ekintza antolatu dituzte Euskararen Nazioarteko Egunerako.

Xabier Balerdi, Tolosako euskara zinegotziak prentsaurrean adierazi duenez, “euskararen presentzia eta erabilera nabarmen areagotu da Tolosan azken urte luzeetan, hezkuntza alorrean egindako lanari esker, erakundeetatik emandako bultzadari esker eta Tolosak duen elkartegintza sare handiari esker. Elkarlanaren emaitza da euskarak Tolosan izandako eboluzio eta erabileraren gorakada. Elkarlanari eusteko abiatu genuen Euskararen Aholku Kontseilua herriko talde eta eragileekin, urrats berriak lankidetzan egiten jarraitzeko. Bide horretan, elkarlanetik, euskararen egunerako programa bateratua lantzen aritu gara, eta kontseiluak lan mardula egin du, baita ere, Euskara Sustatzeko Ekintza Plana berritu eta eguneratzeko. Horregatik, Udalak bereziki eskertu nahi ditu herriko eragile eta parte hartzaile guztiek azaldutako konpromisoa eta egindako lan eta ahalegina.”

Laukiz Lauki denbora-pasa liburuxka

Tolosako Udalak, Euskararen Nazioarteko Egunaren harira, Laukiz Lauki denbora-pasen liburuxka argitaratu du eta dagoeneko herritarren eskura dago udaletxean, euskaltegian eta Galtzaundiren egoitzan. Euskara hutsean sortutako liburuxka da, Tolosari buruzko informazio, bitxikeria eta datuak jasotzen dituena. Tolosa eta tolosarrei buruzko jolas eta hitz jokoak barne biltzen ditu.

Euskara Sustatzeko Ekintza Plan berria, erronka berriei erantzuteko

Aitzol Udal euskaltegiko zuzendariak, Maixabel Zubillagak, adierazi du Euskara Sustatzeko Ekintza Plan berria garatzen aritu direla denbora honetan Euskararen Aholku Kontseiluan, Tolosan euskararen erabilera sustatzeko jarraitzeko asmoz. “Herriko premietara dimentsionatutako lanabesa izatea nahi dugu, eta, horretarako, aurreko planaren ebaluazioa egin da, egungo egoeraren argazkia, hurrengo urteetarako proposamenen azterketa, beharrizanen azterketa… Lanketa horretan Tolosako Udaleko Euskara Sailaren laguntza teknikoa izan dugu, eta hainbat eragilek parte hartu dugu. Eskerrik asko, beraz, Udalari, Aitzol Euskaltegiari, UEMAri, Udal talde politiko guztiei, Samaniegori, Orixeri, Laskoraini, Herrikideri, Inmakuladari, Atariari, Harituzi, Galtzaundiri eta Osakidetzaren Tolosaldeko ESIari.”

Azaroko Osoko Bilkurara eramango da elkarlanean osatutako 2022-2024 aldirako Tolosako Euskara Sustatzeko Ekintza Plana, Udalbatzak onartu dezan, eta ondoren aurkeztuko zaie herritarrei elkarlanean sortutako plana.

Euskararen Nazioarteko Eguneko ekintzak

Lau ekintza bateratu antolatu dituzte Euskararen Aholku Kontseilua osatzen duten erakunde eta eragileek abenduaren 3aren bueltan.

  • “Zer egin dezakegu gurasook seme-alaben hizkuntza ohituretan eragiteko?” hitzaldia

Azaroaren 29an, astelehena, haurrekin hartu-emana dutenei bereziki zuzendutako hitzaldia izango da: guraso, aiton-amona, zaintzaileei eta abar. Iñaki Eizmendi gizarte hezitzaileak gidatuko du saioa, 18:30etan udaletxeko Pleno Aretoan.

  • “Euskararen Historia Soziala Tolosaldean: 1936-gaur egun” ikerketaren aurkezpena

Abenduaren 1ean, Euskararen Historia Soziala Tolosaldean ikerketaren lehen zatiaren aurkezpena egingo da, 18:30etan udaletxeko Pleno Aretoan. 1936. urtetik aurrera euskarak gure eskualdean izandako ibilbideari buruzko ikerketa aurkeztuko du Haritz Azurmendi ikertzailak. Espainiako Gerra ondorenetik hasi, garai ilunak bizi eta suspertzeko egindako ibilbidean ezagunak diren zenbait gertakizunen eta ezkutuan zeuden beste zenbaiten inguruan ikertutakoa azalduko du.

  • Tolosaldepediaren lantegia: “euskarari buruzko ezagutza Wikipediara!”

Abenduaren 2an, urte guztian zehar martxan dagoen Tolosaldepedia proiektuaren baitan kokatutako mintegi berezia egingo da. Oraingoan, euskarari buruzko edukiak eta ezagutzak Wikipedian jartzeko deialdia egingo da, eta wikipedian editatzen dakitenek zein ez dakitenek auzolanean parte hartzeko aukera izango dute, 17:00etatik 19:00etara, Kultur Etxean. Ordenagailuarekin azalduko beharko dute parte hartzaileek.

  • “Irabazi” antzerkia Jon Plazaolaren eskutik

Euskararen Nazioarteko Egunerako, abenduak 3, Jon Plazaolaren ‘Irabazi’ antzerkia egongo da Leidor aretoan, 20:30etan. Dagoeneko sarrerak salgai daude ikuskizunerako.

  • Bertsoak eta zirkua uztartzeko saio berezia

Abenduaren 11n, goizean haurrentzako saioa eskainiko dute Gure Zirkuko artistek eta Tolosaldeko hiru bertsolarik: Oihana Iguaranek, Unai Mendizabalek eta Haritz Mujikak. Arratsaldean, berriz, helduenei zuzendutako emanaldiaren txanda izango da. Maddalen Arzallus, Andoni Egaña, Alaia Martin eta Julio Soto arituko dira kantuan, Gure Zirkuko artistekin batera. Bi emanaldietarako sarrerak presentzialki soilik eskuratu ahalko dira. Azaroaren 27an jarriko dira salgai, 10:00etatik 12:00etara, bi lekutan: Galtzaundi Euskara Taldearen Tolosako egoitzan eta Villabonako Subijana Etxean. Goizeko emanaldiko sarrerek 5 euroko prezioa dute eta pertsona bakoitzak, gehienez, bost sarrera eskuratu ahal izango ditu. Arratsaldeko saiorako sarrerek, berriz, 13 euroko prezioa dute eta pertsona bakoitzak, gehienez, bi sarrera erosi ahal izango ditu.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA