Herriko eragileek erabili ahal izango dute aldi bereko itzulpenak egiteko maleta

Hitzorduak

Tolosako Udala
2026/06/15 | Euskara eta Hezkuntza
  • Maleta erabili nahi duten eragileek gutxienez zazpi eguneko aurrerapenarekin egin beharko dute eskaera.

Tolosako Udalak orain urte batzuk erosi zuen aldi bereko interpretazioa egiteko maleta. Horren bidez, euskaraz egin daitezke jarduerak, euskaraz ez dakitenekin komunikazioa bermatuta. Urteotan, Udalak erabili du maleta hainbat ekintzatan (hitzaldiak, lan-saioak, kontseiluak…), eta aurrerantzean herriko eragileek ere izango dute aukera erabiltzeko.

Irrati-frekuentzia bidez funtzionatzen du interpretazio-maletak: alde batean, igorlea dago, aldi bereko interpretazioa egiten ari den itzultzailea, eta bestean, hartzaileak, aurikularrekin, itzulpen hori jasotzen ari direnak. Euskarazko jarduna oztopatu gabe, eroso egin daitezke jarduerak, erdarara jo beharrik izan gabe edo bi hizkuntzetan bikoiztu beharrik gabe. Gero eta eremu gehiagotan ari dira erabiltzen gisa horretako teknologiak, eta Udalaren asmoa da herriko eragileei erraztasunak ematea beren jardunak euskaraz egin ahal izan ditzaten.

Nork eska dezake?

  • Ikastetxeek eta familia-elkarteek.

  • Herrian egoitza duten elkarteek.

  • Herrian jarduerak antolatzen dituzten askotariko eragileek.

  • Jendaurreko jardueraren bat antolatu duten norbanakoek.

Nola eska daiteke?

Maleta eskatzeko, eskaera-orria aurkeztu beharko da. Eskatzailearen datuez gain, maletaren erabilerari buruzko xehetasunak eman beharko dira: zer jardueratan erabili nahi den, non eta noiz.

Ekitaldia egin baino gutxienez zazpi egun lehenago aurkeztu beharko da eskaera.

Bi modutan aurkez daiteke eskaera, legeak zehaztutako bestelako bideei kalterik egin gabe: Tolosako Udalaren egoitza elektronikoaren bidez, edo UDATE udal-zerbitzuan.

Nola jaso eta bueltatuko da?

Eskatzaileak, eskaera onartu zaionean, udaletxera joan beharko du materiala jasotzera. Materiala udaletxetik atera aurretik, jaso izanaren agiria sinatuko du eskatzaileak. Finkatutako epean itzuli beharko da materiala, osorik eta egoera onean. Maletaren erabilerari buruzko informazioa eskatuko zaio onuradunari, jarraipena egite aldera.

Erabiltzeko, zer baldintza bete behar dira?

Eskaera egitean, eskatzaileak bere gain hartuko ditu honako betebehar hauek:

  • Tresneria behar bezala erabiltzea eta zaintzea.

  • Jarraibide teknikoak betetzea.

  • Tresnak ez lagatzea hirugarrenei.

  • Materialaren kalte-galeren erantzule egitea. Udalak konponketaren edo birjarpenaren kostua eskatu ahal izango du, eta etorkizuneko lagapenak ukatu.

  • Edozein gorabehera sumatuz gero, berehala jakinaraztea.

 

Herriko eragileei maleta erabiltzeko aukera ematearekin batera, interpretazio-maleta berria erosi du Udalak, orain arte erabilitakoak funtzionalitate-muga batzuk baitauzka. Beraz, bi maleta izango dira erabilgarri orain: batek 20 hargailuko sistema du, eta besteak, 50 hargailukoa.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA