Hitzaldiak eta giza mosaikoa, Euskararen Egunaren harira

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2025/11/25 | Euskara eta Hezkuntza
  • Tolosako Udalak, Galtzaundik eta UEMAk bost ekintza antolatu dituzte abenduaren 3aren bueltan

Euskararen Eguna da abenduaren 3a, eta, ohi denez, hainbat ekintza izango dira Tolosan egun horren bueltan. Egitaraua elkarrekin antolatu dute Tolosako Udalak, Galtzaundi Tolosaldeko Euskaltzaleen Elkarteak eta UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak.

Hona hemen ekitaldien nondik norakoak:

  • Esnatu ala hil liburua. Abenduaren 1ean, 18:30ean, Esnatu ala hil liburua aurkeztuko dute Galtzaundiren egoitzan (Plaza Berrian). Iñaki Iurrebasok eta Garikoitz Goikoetxeak irailean aurkeztu zuten liburua, eta hari buruzko nondik norako nagusiak azalduko dituzte.

  • Familia euskaldunentzako saioa. Haurren erabileran nola eragin, estrategia praktikoak lantzeko saioa izango da abenduaren 2an, 17:30ean, Galtzaundiren egoitzan. UEMAko teknikariek emango dute saioa. Azaroaren 19an gisa bereko beste saio bat egin zen guraso erdaldunekin.

  • Mosaikoa. Abenduaren 3an, Euskararen Egunean, Galtzaundik antolatutako ekitaldi nagusia izango da: Plaza Zaharrean giza mosaiko bat egingo dute. Goiburu hau izango du: Euskararen etorkizuna jokoan. Eskualdeko 28 herrietan egingo dute mosaikoa. Ondoren, adierazpen bat irakurriko dute. 18:00etan izango da.

  • Nokaren galera. Abenduaren 4an, Andragoran, hitzaldi hau emango du Uxoa Elustondok: Nokaren higatzeaz eta galeraz bi hitz. Emakumeentzat izango da saioa. 18:00etan hasiko da.

  • Durangoko Azoka. Abenduaren 5ean hasiko da Durangoko Azoka, eta bigarren egunerako, hilaren 6rako, autobusa antolatu du Galtzaundik: 10:15ean abiatuko da Tolosatik, eta 20:00etan etorriko da bueltan. Izena emateko, Galtzaundiren webgunera edo bulegora jo daiteke.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA