-
Helburu du herri administrazioaren eta gizarte eragile guztien artean hizkuntza politika partekatua sustatzea eta hizkuntza normalizarioaren alorrean irmoki lan egiten jarraitzea.
-
Kontseilua hilero bilduko da eta parte hartzeko interesa izanez gero euskara@tolosa.eus helbidera idatzi behar da.
-
Xabier Balerdi, Euskara saileko zinegotzia: “tolosarrei hizkuntza eskubideak bermatzeko pausu bat gehiago da Euskararen Aholku Kontseilua, baita herritarrek afera publikoetan zuzenean edo ordezkarien bidez esku hartzeko aukera berri bat ere”
Tolosan duela 25 urte baino gehiago sortu zen Euskara Batzordea, udalak eta eragileak elkarlanean euskararen sustapenerako ekintzak garatzeko. Urteen bilakaeraren ondorioz, eta eredua egungo beharretara egokitzeko, orain Euskararen Aholku Kontseilua sortu du Tolosako Udalak. Helburu du herri administrazioaren eta gizarte eragile guztien artean hizkuntza politika partekatua sustatzea eta hizkuntza normalizarioaren alorrean irmoki lan egiten jarraitzea, Udalaren jarduna eta herri dinamikak uztartuz.
Xabier Balerdi Euskara saileko zinegotziak, Aitzol Euskaltegiko zuzendari den Maixabel Zubillagak eta Galtzaundiko Igor Agirrek prentsaurrean aurkeztu dute gaur Euskararen Aholku Kontseilua, kontseilua osatzen duten partehartzaileekin batera. Balerdik adierazi duenez, “euskararen normalizaziorako, ezinbestean erakundeek eta gizarte eragileek indarrak batu behar dituzte. Horregatik, kontseiluan parte hartzen dugu ordezkari politikoek, teknikariek eta gizarte eragileek. Kontseiluaren sorreraren xedea da hizkuntza politikako beharrei erantzuteko tresna egoki eta eguneratu bat izatea, non herritarrek eta eragileek parte hartzeko aukera duten eta Udalaren jardunean haiek ere kontuan hartzen diren.”
“Dagoeneko euskara gehiago entzuten da kalean, lanean, aisialdian, familian… eta euskara hutsean bizi gaitezen urratsak egiten jarraitu behar dugu, aurrean ditugun erronkei eutsiz eta ditugun beharrei erantzunez. Hori horrela, tolosarrei hizkuntza eskubideak bermatzeko pausu bat gehiago da Euskararen Aholku Kontseilua, baita herritarrek afera publikoetan zuzenean edo ordezkarien bidez esku hartzeko aukera berri bat ere”, azpimarratu du Balerdik.
Egun, Kontseiluan parte hartzen dute Udaleko euskara zinegotziak eta euskara sailak, udal taldeak, UEMA eta herriko honako eragile hauek: Galtzaundi Euskara Taldeak, Atariak eta Herrikide, Laskorain, Samaniego, Inmakulada eta Orixe hezkuntza zentroek.
Euskararen Aholku Kontseiluaren egitekoak
Hainbat zeregin izango ditu Euskararen Aholku Kontseiluak, euskararen inguruko politika partekatua sustatzea ardatz izanik.
Alde batetik, Tolosako Udalari Euskararen inguruko plan estrategikoak diseinatzen eta garatzen laguntzeko tresna izango da, eta Kontseiluak parte hartuko du baita ere onarturiko plan estrategikoa garatzeko urteko kudeaketa planen diseinuan eta jarraipenean. Oro har, Tolosan euskararen erabilera normalizatzeko lanekin zerikusia duten gaiak aztertuko ditu eta euskararen inguruan sor daitezkeen arazoak konpontzen saiatuko da, tolosarrek aurkeztutako kexa edo iradokizunak bideratuz.
Aurrerapausoak emateko bilerak
Maiatzean egin zen Kontseilua eratzeko lehen bilera eta uztailaren 2an egingo da hurrengoa, Euskara Sustatzeko Ekintza Plan berriaren diseinua lantzeko.
Bilerak hileko lehen ostiraletan egiten dira, parte hartzeko interesa izanez gero euskara@tolosa.eus helbidera idatzi.