Irekita dago Aitzol Udal Euskaltegian izena emateko epea

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2025/09/01 | Euskara eta Hezkuntza
  • Irailaren 17ra arte egongo da zabalik matrikulazioa. Maila guztietako ikastaroak eskainiko ditu udal-euskaltegiak, goizez eta arratsaldez.
  • Ikasle tolosarrek matrikularen % 5 soilik ordainduko dute B2 mailara arte.


Iraila iristearekin, Aitzol Udal Euskaltegiak zabaldu du 2025-2026 ikasturteko matrikulazioa. Aurten ere maila guztietako ikastaroak eskainiko ditu udal-euskaltegiak, goizez eta arratsaldez, herritarrek ahalik eta erraztasun handienak izan ditzaten euskaltegira joateko.

Euskara erritmo bizian leloa du aurtengo matrikulazio-kanpainak. Bi mezu helarazi nahi ditu leloak: batetik, euskara ikastea «prozesu bizia eta dinamikoa» dela, eta, bestetik, ikastea soilik ez, erabiltzea dela funtsa, euskarari bizia ematea.

  • Zein da izena emateko epea? Irailaren 1etik 17ra arte dago matrikula zabalik.

  • Nork eman dezake izena? 16 urtetik gorako herritarrentzat da euskaltegia. Tolosan erroldatuak bakarrik ez, edozein herritar izan daiteke Aitzol Udal Euskaltegiko ikasle. Zein ikasmailatan kokatu, sarrera-proba bat egiten dute ikasturte hasieran.

  • Nola eman daiteke izena? Bi aukera daude: batetik, aurrez aurre, Aitzol Udal Euskaltegian, Gorosabel eraikineko hirugarren solairuan (Rondilla kalea, 34), idazkaritzako ordutegian (09:00-13:00 eta 16:00-19:30); bestetik, Internet bidez, Tolosako Udalaren egoitza elektronikoan. Euskaltegiarekin harremanetan jartzeko, bi bide hauek daude: aitzolue@tolosa.eus helbidea eta 943 65 10 06 telefonoa.

  • Zein da prezioa, eta badago dirulaguntzarik? Ordu-kopuruaren araberakoa da ikastaroen prezioa. Tolosako Udalak ikastaroaren ehuneko bat ordaintzen die Tolosan erroldatutako ikasleei, dirulaguntzen bidez: A1, A2, B1 eta B2 mailetan, % 95; C1ean, % 75; eta C2an, % 50. Ehuneko horiek ikasturte hasieran aplikatzen dira, eta, beraz, ikasle tolosarrek soilik % 5 ordaintzen dute B2 mailara arte (C1koek, % 25; C2koek, % 50). Ikasturtea egoki betez gero, ez dute gehiago ordaindu beharrik; baldintzak bete ezean, falta den zatia kobratzen zaie. Tolosaldeko udal gehienek ere ematen dituzte dirulaguntzak, baita Eusko Jaurlaritzak ere.

Hona hemen 2025-2026 ikasturterako eskaintza:

Maila

Eguna

Ordua

A0

Astelehena, asteartea, asteazkena, osteguna

09:30-11:30

A0

Astelehena, asteartea, osteguna

15:30-17:30

A1

Astelehena, asteartea, osteguna

09:30-11:30

A1

Astelehena, asteartea, osteguna

15:30-17:30

A1

 Asteartea, asteazkena, osteguna

18:00-20:00

A2

Astelehena, asteazkena, osteguna

09:30-11:30

A2

Astelehena, asteartea, osteguna

15:30-17:30

B1 oinarrizkoa

Astelehena, asteartea, osteguna

09:00-11:00

B1 aurreratua

 Asteartea, asteazkena, osteguna

09:00-11:00

B1 oinarrizkoa

Astelehena, asteazkena, osteguna

15:30-17:30

B1 aurreratua

Astelehena, asteazkena, osteguna

15:30-17:30

B2

Asteartea, osteguna

09:30-11:30

B2

 Asteartea, osteguna

15:30-17:30

Mintza jubilatuak

Astelehena

09:30-11:30

C1

Astelehena, asteazkena

09:00-11:00

C1

Astelehena, asteazkena

15:30-17:30

C1  (jardun bikoa)

Astelehena, asteazkena

18:10-20:10

C2

Astelehena, asteazkena

16:00-18:00

C2

Asteartea, osteguna

16:00-18:00

C2

Astelehena, asteazkena

18:00-20:00

C2

Asteartea, osteguna

18:00-20:00

A1

Autoikaskuntza

Autoikaskuntza

A2

Autoikaskuntza

Autoikaskuntza

B1

Autoikaskuntza

Autoikaskuntza

B2

Autoikaskuntza

Autoikaskuntza

C1

Autoikaskuntza

Autoikaskuntza

C2

Autoikaskuntza

Autoikaskuntza

Aitzol Udal Euskaltegian berritasun batzuk izango dira ikasturte honetan. Joan den ikasturte amaieran galdetegi bat helarazi zieten ikasleei, zerbitzuari buruzko iritzia jasotzeko, eta emaitzak onak izan ziren: batez beste 8,4ko balorazioa egin zuten ikasleek. Irakasleen jarduna nabarmendu zuten. Hobetzeko batzuk ere aipatu zituzten, batik bat azpiegiturekin lotuta. Horren harira, moldaketa batzuk egin dira udan: batetik, mahaiak eta aulkiak aldatu dira hiru gelatan, erosoagoak izan daitezen, eta, bestetik, bi arbel digital erosi dira, maila altuetako ikastaroetan erabiltzeko.

Andu Martinez de Rituerto alkateak dei egin du euskaltegiaren eskaintza baliatzeko, eta euskara ikastera eta hobetzera animatu ditu herritarrak. Azpimarratu du Udalak pauso erabakigarria eman zuela iaz, dirulaguntzak nabarmen areagotuta, eta horren eragina sumatu dela euskaltegian: «Ikusi dugu funtsezkoa dela erraztasunak jartzea, horrela lortzen dela herritar gehiago animatzea, eta hori da gure asmoa: euskara ikastea eskubide gisa ulertzen dugu, eta erakundeon betebeharra da horretarako bideak jartzea».

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA