Kalean bezala, etxean ere euskaraz

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2020/04/22 | Euskara eta Hezkuntza
  • Etxeko hizkuntza erabileraren inguruko hausnarketa zabaldu eta etxean euskararen erabilera indartzeko, Etxealditik Euskaraldira egitasmora batu da udala.

  • Halaber, Tolosako Udalak errenta aitorpena euskaraz egitera ere animatu ditu herritarrak.

 

Tolosan jasotako azken datuen arabera, herriko etxeetan egiten den euskararen erabilera ia %40koa da bakarrik. Egoera aldatzeko asmotan jarri dute martxan Etxealditik Euskaraldira egitasmoa. Konfinamendu egoera baliatuta, etxeko hizkuntza ohituretan eragitea da helburua, eta udalak ere bat egin du proposamenarekin. Izan ere, udalerri euskaldunetan ere, herriko erabilera datuen eta etxeko erabilera datuen artean aldea dago. Gaia jorratu beharrekoa dela irizten da, batez ere haurrengan eta gazteengan ispilu eta ohitura bihurtzen delako etxeko hizkuntza.

Etxealditik Euskaraldira egitasmoan, datozen bi asteetan etxean eta etxetik egiten diren harremanetan ematen diren hizkuntza portaerak aztertzeko eta horiek aldatzeko edo finkatzeko ariketa egitea proposatzen da. Horrela, azaroaren 20tik abenduaren 4ra egingo den Euskaraldia prestatzen etxetik hastea ere proposatzen da.

 

 

Errenta aitorpena ere euskaraz

2019ari dagokion errenta aitorpena egiteko kanpaina ere martxan dago, eta Tolosako Udaletik, UEMArekin elkarlanean, aitorpena euskaraz egiteko deia egiten da. Ohi bezala, errentaren gaineko aitorpena egiterakoan, zergadunek hainbat bide dituzte euskaraz egiteko, eta oso modu errazean gainera: lehen urratsetik zein hizkuntzatan egin nahi duten aukera daiteke.

Urtez urte, gero eta gehiago dira errenta aitorpena euskaraz egiteko hautua egiten duten herritarrak. Euskararen normalizaziorako bidean udalerri euskaldunak egiten ari diren pausu bat gehiago da errenta aitorpena ahalik eta herritar gehienek euskaraz egitea. Tolosan, 2017an, 2.578 errenta aitorpen aurkeztu ziren euskaraz eta 7.629 gazteleraz. 2018an, berriz, 2.742 izan ziren aitorpena euskaraz aurkeztu zutenak, eta 7.580 gaztelaniaz aurkeztu zutenak.

Kanpaina honekin, herritarrek administrazioarekin dituzten harremanak euskaraz izan daitezen bultzatu nahi da.

Errenta aitorpenari buruzko informazio gehiago www.gipuzkoa.eus/ogasuna atalean eskura daiteke.

 


 

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA