- Irailaren 18ra arte egongo da zabalik euskaltegian izena emateko epea. Maila guztietako ikastaroak eskainiko dituzte, goizez eta arratsaldez.
- Inoiz baino erraztasun handiagoak izango dira aurten matrikula ordaintzeko.

Iraila iristearekin, 2026-2027 ikasturterako matrikulazioa zabaldu du Aitzol Udal Euskaltegiak. Aurten ere maila guztietako ikastaroak eskainiko ditu Tolosako euskaltegi publikoak, goizez eta arratsaldez, herritarrek ahalik eta erraztasun handienak izan ditzaten euskaltegian ikasteko.
Euskara pauso batera leloarekin egingo du aurtengo kanpaina udal-euskaltegiak. Izan ere, aurten erraztasun handiagoak izango dituzte euskara ikasteko urratsa egin nahi dutenek, dirulaguntza-sisteman aldaketa esanguratsuak izango baitira.
Hona hemen euskaltegian izena emateko jakingarri nagusiak:
Zein da izena emateko epea?
Irailaren 1etik 18ra arte dago matrikula zabalik.
Nork eman dezake izena?
16 urtetik gorako herritarrentzat da euskaltegia. Tolosan erroldatutakoak ez ezik, edozein herritar izan daiteke Aitzol Udal Euskaltegiko ikasle.
Nola eman daiteke izena?
Bi aukera daude: batetik, aurrez aurre, Aitzol Udal Euskaltegian, Gorosabel eraikineko hirugarren solairuan (Rondilla kalea, 34), idazkaritzako ordutegian (09:00-13:00 eta 16:00-19:30); bestetik, Internet bidez, Tolosako Udalaren egoitza elektronikoan.
Euskaltegiarekin harremanetan jartzeko, mezu elektroniko bat bidal daiteke (aitzolue@tolosa.eus), edo telefonoz deitu (943 65 10 06), edo whatsapp bat bidali (687 80 37 74).
Zein da prezioa? Badago dirulaguntzarik?
Ikastaroaren prezioa ordu-kopuruaren araberakoa da.
Dirulaguntzetan berritasun batzuk izango dira aurten. Ikasleek bi dirulaguntza-bide dituzte:
- Batetik, Eusko Jaurlaritzaren dirulaguntzak. Aurten, Euskara Bonua jarriko du martxan: horren bidez, 120 euro ordainduta, euskaltegiko ikastaroak finantzatuta egongo dira, gehienez ere lau ikasturtez. B1 mailara arteko ikasleentzat izango da Euskara Bonua, eta euskaltegian bertan tramitatuko zaie ikasleei, haiek beste eskaerarik egin beharrik izan gabe. Bestalde, C1 mailan aritu nahi duten 16-18 urteko ikasleei matrikularen erdia baino gehiago ordainduko die Eusko Jaurlaritzak.
- Bestetik, Tolosako Udalak ematen dituen dirulaguntzak, Tolosan erroldatuta dauden ikasleentzat. Matrikularen zati bat estaltzen dute: B1 mailara arte, % 95; C1ean, % 75; eta C2an, % 50. Ikasturte hasieran aplikatzen da dirulaguntza, eta horrek esan nahi du B2 mailan, adibidez, ikasleak soilik matrikularen % 5 ordaintzen duela —ikasturtea behar bezala betez gero, ez du gehiago ordaindu beharrik; baldintzak bete ezean, falta den zatia kobratzen da—. Udalaren dirulaguntza bateragarria da Eusko Jaurlaritzaren dirulaguntzekin. Hartara, adibidez, ikasle tolosarrei Euskara Bonua ez zaie 120 euro kostatuko, baizik eta 20 euro, gainerako 100 euroak Udalak jarriko baititu. Tolosako Udalak ez ezik, eskualdeko udal gehienek ere ematen dituzte euskara ikasteko dirulaguntzak.
Hona hemen 2026-2027 ikasturterako aurrez aurreko taldeen eskaintza (horrez gain, maila guztietan eskaintzen da autoikaskuntza, norberak online egitekoa, tutoretzekin).
|
Maila
|
Eguna
|
Ordua
|
|
A0
|
Astelehena, asteartea eta osteguna
|
09:30-11:30
|
|
A0
|
Astelehena, asteartea eta osteguna
|
15:30-17:30
|
|
A1
|
Asteartea, asteazkena eta osteguna
|
09:30-11:30
|
|
A1
|
Astelehena, asteartea eta osteguna
|
15:30-17:30
|
|
A2
|
Astelehena, asteazkena eta osteguna
|
09:30-11:30
|
|
A2
|
Asteartea, asteazkena eta osteguna
|
15:30-17:30
|
|
B1
|
Asteartea, asteazkena eta osteguna
|
09:00-11:00
|
|
B1
|
Astelehena, asteartea eta osteguna
|
15:30-17:30
|
|
B2
|
Asteartea eta osteguna
|
09:30-11:30
|
|
B2
|
Asteartea eta osteguna
|
15:30-17:30
|
|
Jubilatuen taldea
|
Astelehena
|
09:30-11:30
|
|
C1
|
Astelehena eta asteazkena
|
09:30-11:30
|
|
C1
|
Astelehena eta asteazkena
|
15:30-17:30
|
|
C1
|
Asteartea eta osteguna
|
15:30-17:30
|
|
C1
|
Asteartea eta osteguna
|
18:10-20:10
|
|
C2
|
Astelehena eta asteazkena
|
16:00-18:00
|
|
C2
|
Asteartea eta osteguna
|
16:00-18:00
|
|
C2
|
Astelehena eta asteazkena
|
17:45-19:45
|
|
C2
|
Asteartea eta osteguna
|
17:45-19:45
|
Andu Martinez de Rituerto alkateak dei egin du euskaltegian izena ematera, eta nabarmendu du inoiz baino erraztasun handiagoak izango direla: «Agintaldi honetan aurrerapauso esanguratsua eman dugu euskara-ikasleentzako dirulaguntzetan: ikasturte hasieran matrikularen % 5 soilik ordaintzen dute ikasle tolosarrek B2 mailara arte, eta gainerako mailetan ere matrikularen zati handia Udalak jartzen du. Funtsezkoa da erraztasunak jartzea, horrela lortzen baita herritar gehiago animatzea. Eusko Jaurlaritzak ere emango du antzeko pauso bat aurten, Euskara Bonuarekin. Guk, Udal gisa, osatu egingo dugu hori, eta tolosarrek 20 euroan eskuratu ahalko dute Euskara Bonua. Euskara ikastea eskubide gisa ulertzen dugu, eta horretarako bide egokiak jarri behar ditugu».
Alkateak nabarmendu du euskara ikastea, norberarentzat ez ezik, komunitatearentzat ere onura dela: «Euskara ikasteak ate asko irekitzen dizkio norberari, baina inguru osoari egiten dio ekarpena: euskara ikastearekin, euskara ulertzearekin eta hitz egitearekin, bidea irekitzen da euskaraz bizi nahi dutenek horretarako aukera izan dezaten, eta gure arteko harremanak sendotu daitezen. Funtsean, euskara ikasteak ekarpen handia egiten dio norberari, baina denontzat da onura. Eskerrik asko, beraz, urteotan euskara ikasteko pausoa eman duten guztiei. Eta ikasi ez dutenei, berriz, dei hau: irekita duzue euskaltegiko atea».