Samaniego eta Laskorain ikastetxeetako jolastokiak zabalik egongo dira asteburuetan

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2025/05/08 | Euskara eta Hezkuntza
  • Edozein herritarrek erabiltzeko aukeran egongo dira bi patioak, larunbatetan eta igandeetan, 10:00etatik 20:00etara.
  • Urteetako eskaera bati bide emango zaio neurri horrekin. Helburua da aisialdirako eta kirola egiteko gune ireki gehiago izatea herritar guztien eskura.

Asteburu honetatik aurrera, edozein herritarrek erabili ahal izango ditu Samaniego Herri Eskolako eta Laskorain Ikastolako jolastokiak. Tolosako Udalak sustatu du neurria. Hortaz, aurrerantzean Tolosan beste bi espazio izango dira aisialdirako eta kirolerako. 

Samaniegon, goiko eraikineko jolastokia egongo da irekita, eta ate nagusitik sartu beharko da; Laskorainen, Usabalgo eraikineko jolastokia irekiko da, Iurramendi auzoko biribilgune alboko atetik (estalpearen erdian dago). Larunbatetan eta igandeetan egongo dira zabalik bi jolastokiak, 10:00etatik 20:00etara.

Urteetako eskaera izan da eskoletako jolastokiak zabaltzea. Tolosako Herritarren Batzarrak egindako gomendioen artean dago gaztetxoen aisialdirako espazioak egokitzea. Ohar hau egin zuen Herritarren Batzarrak: «13-18 urteko gazteek ez dute sarbide publikoko espazio estalirik inoren tutoretzapean egon gabe egon eta sozializatzeko (batez ere neguan)». Gaztetxoek eurek ere ohartarazi izan dute horretaz: iaz, adibidez, Nerabeen Foroak hainbat proposamen aurkeztu zizkion Udalari, eta tartean zegoen «toki estaliak» erabili ahal izatea. Samaniegoko eta Laskoraineko jolastokiak irekita, premia horri erantzun asmo dio Udalak.

Aisialdirako eremu ez ezik, kirola egiteko espazio ere badira jolastoki horiek, eta, hortaz, aukera gehiago izango dute herritarrek. Besteak beste, neurri hori bat dator haur-obesitatea prebenitzeko planekin, gaztetxoek eskola-orduetatik kanpo kirola egitea bultzatuko du eta.

Bi jolastokiek ordutegi bera izango dute: 10:00etatik 20:00etara. Nolanahi ere, gertatuko balitz ordutegi horretan ikastetxeek antolatutako jardueraren bat izatea (kirol-partidak edo entrenamenduak, adibidez), haiek izango dute lehentasuna dagokien espazioa erabiltzeko.Finkatutako ordutegitik kanpo, itxita egongo dira jolastokiak, eta ezin izango da barrura sartu. Samaniegoren kasuan, Udaltzaingoak irekiko eta itxiko du jolastokia, eraikina Udalaren ardurapekoa denez gero; Laskorainen kasuan, Udalak hitzarmena sinatu du ikastolarekin.

Andu Martinez de Rituerto alkateak adierazi duenez, Herrikide Ikastetxearekin ere hizketan ari da udala. «Gure nahia da hiru ikastetxeak zabaldu ahal izatea. Momentuz Herrikiderekin ez dugu akordiorik, eta beste aukera batzuk aztertzen ari gara elkarrekin. Ea lortzen dugun adostasunera iristea. Herriarentzat ekarpen handia litzateke, eta asko poztuko ninduke». 

Ardurarako deia ere egin du alkateak: «Orain arte jolastokiak erabiltzeko aukerarik ez da izan; urte askoren ondoren izango dugu, eta zentzuz jokatzeko eskatu nahiko nuke, aukera hori galdu ez dezagun. Instalazioak errespetatzeko eta txukun mantentzeko eskatzen diet erabiltzaileei».

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA