- Plan Estrategikoaren prestaketa prozesua 2024ko urtarrilean hasi zen, Euskara eta Hezkuntza Sailaren gidaritzapean. Udaleko langile eta politikariak inplikatu dira prozesuan.
- Plan Estrategikoaren helburu nagusiak bi dira: alde batetik, euskara eguneroko kudeaketa orokorrean txertatzea, eta bestetik, euskararen normalizazioan urrats kualitatiboak egitea.
Tolosako Udalak 2023-2027ko Euskararen Erabilera Normalizatzeko Plan Estrategikoa onartu berri du. Horrekin batera, Udalean Hizkuntza Ofizialak Erabiltzeko Irizpideak ere onartu ditu Udalbatzak, eta bi dokumentuak jada eskuragarri daude Udalaren webgunean.
Tolosako Udalak lan handia egin du urteotan euskararen normalizazioan, eta arduradun politikoen eta langileen euskararen ezagutza ia-ia erabat bermatuta dago. Hala ere, testuinguru honetan aurrerapauso gehiago eman beharra dagoela aitortzen da.
Plan Estrategikoaren prestaketa-prozesua 2024ko urtarrilean hasi zen, Euskara eta Hezkuntza Sailaren gidaritzapean. Prozesuan zehar, Udaleko langile eta politikariak inplikatu dira. Lehenik eta behin, Udalaren euskararen egoeraren autodiagnostikoa egin zen, eta horretarako inkesta bat bidali zitzaien langile guztiei. Gainera, Udaleko hiru lan-esparruetako bileretan parte hartu zuten, emaitza kualitatiboagoak lortzeko.
Egoeraren diagnosia egin ondoren, Plan Estrategikoaren proposamena zirriborratu eta langileen esku utzi zen, haien ekarpenak jasotzeko. Ekarpen horiek integratu ondoren, planaren behin betiko bertsioa idatzi zen.
Plan Estrategikoaren helburu nagusiak
Plan Estrategikoaren helburu nagusiak bi dira: alde batetik, euskara eguneroko kudeaketa orokorrean txertatzea; eta bestetik, euskararen normalizazioan urrats kualitatiboak egitea.
Azken asteetan, Plan Estrategikoa langileei aurkezteko hainbat saio antolatu dira, eta guztira 90 langile inguruk hartu dute parte. Saio hauen helburua da langile guztiek ulertzea Plan Estrategikoa zer den eta zertarako den, hizkuntza-irizpideak ezagutaraztea, eta langile askok inertziaz dituzten jokabide linguistikoak kontzientziara ekartzea. Udazkenean, falta diren langileekin egingo dira saioak, eta hizkuntza-irizpide zehatzetan sakontzeko eta testuen egokitasuna bermatzeko formazio-saioak ere eskainiko dira.
Datozen hilabeteetan, besteak beste, lan hauek egitea aurreikusten da: batetik, kontratazio publikoan hizkuntza-klausulak kontratu-mota bakoitzari egokitzea eta jarraipena egiteko sistema bat sortzea —elkarlanean arituko dira Euskara Azpisaila, Kontratazio Azpisaila eta Berdintasun Saila—; bestetik, euskararen zeharkakotasuna lantzen jarraitzea, planari jarraipena egiteko modua sail guztiekin adostuz; hirugarrenik, hizkuntza-irizpideetan sakontzea; eta laugarrenik, Tolosako Udalak antolatzen dituen jendaurreko saio, ekitaldi, bilera eta tailerren sailkapena sortzea, eta bakoitzean hizkuntzak egoki kudeatzeko protokoloak garatzea, udal-sailen lankidetzarekin.
Plan Estrategikoarekin batera, beste dokumentu bat ere onartu du Udalbatzak: Hizkuntza Ofizialak Erabiltzeko Irizpideak. Horietan zehazten da Udalak zer-nola jokatuko duen hainbat arlotan hizkuntzari dagokionez. Berritasun gisa, irizpide orokorrez gain, hiru eranskin dauzka dokumentuak: itzulpenetarako eta zuzenketarako protokoloa, komunikazio korporatiboko hizkuntza-irizpideak, eta jendaurreko ekitaldien hizkuntza-irizpide orokorrak.
Tolosako Udalak euskararen normalizazioarekin duen konpromisoa berretsi nahi du, eta langileen laguntza eskertzen du prozesu garrantzitsu honetan. Era berean, herritarrei gonbidapena egiten die dokumentuak kontsultatzeko eta euskararen sustapenarekin lotutako ekintzetan parte hartzeko.