Tolosako Udalak BIKAIN Euskararen Kalitate Ziurtagiria jaso du

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2018/12/19 | Euskara eta Hezkuntza
  • Gasteizko Europa Jauregian, atzo, abenduak 18, burutu zen ekitaldian jaso zuen ziurtagiria Olatz Peon Ormazabal alkateak Bingen Zupiria, Kultura eta Hizkuntza Politika sailburuaren eskutik.
  • Ziurtagiri honek, esparru sozioekonomikoan euskararen presentziaren, erabileraren eta hizkuntza-kudeaketaren normalizazio-maila egiaztatu eta aitortzen du.

Tolosako Udalak Eusko Jaurlaritzak ematen duen BIKAIN Euskararen Kalitate Ziurtagiria lortu du. Gasteizko Europa Jauregian, atzo, abenduak 18, burutu zen ekitaldian jaso zuen Olatz Peon Ormazabal alkateak Bingen Zupiria, Kultura eta Hizkuntza Politika sailburuaren eskutik. Alkatearen iritziz, “euskararen erabileraren normalizazioan, sustapenean eta aktibazioan Udala bere osotasunean burutzen ari den lanaren errekonozimendua da”.

Tolosako Udalak, ziurtagiria eskuratu ahal izateko Eusko Jaurlaritzaren ebaluatzaileen ebaluazioa jaso eta gainditu ditu. Pasa den azaroaren 15 eta 22an gauzatu zen. Aztertu zuten zerbitzuaren hizkuntza batetik, bai erakundearen irudi aldetik, zein herritarrekiko harremanak, eta bestetik, lanerako hizkuntza (komunikazioa eta lan-tresnak, pertsonen kudeaketa, kanpo-harremanak eta kudeaketa-sistema).

BIKAIN sistemaren arabera 1.000 puntu lor litezke gehienez ere, %100eko betetze-maila alegia. Hori horrela, hiru aitortza-maila daude: oinarrizko maila, 200 puntu gutxienez; tarteko maila, 500 puntu gutxienez; eta goi maila, 800 puntu gutxienez. Tolosako Udala 850-899 puntu artean geratu da, beraz goi mailako ziurtagiria eskuratu du.

Talde ebaluatzailearen iritziz hauek dira Tolosako Udalak dituen 3 indargunerik garrantzitsuenak:

  • Euskararen Ordenantza indarrean du eta Euskararen Erabilera Normalizatzeko Plana eta hizkuntza irizpideak definituak dituzte, hizkuntza politikan aurrerapausoak emateko asmoz. Planteamendu koherentea izan du hasieratik eta sail guztiei eragiten die erabilera planak. Helburu egingarriak definitu ditu, duten hizkuntza gaitasuna eta ingurune soziolinguistikoa kontuan hartuta.

  • Lanpostu guztietan eskatzen da hizkuntza gaitasuna, eta egiaztatze maila altua da. Zinegotziak ere euskaldunak dira. Horrek ahalbidetu egin du neurri handi batean zerbitzu eta lan hizkuntza euskara izatea. Langileek euskaraz sortzen dituzte testuak eta itzulpena behar izanez gero Euskara Zerbitzuak egiten du.

  • Langileek beren jarduna euskaraz gauzatzea errazteko helburuarekin, agirien estandarizazio prozesua hasi dute Udalean. Euskarazko agiri estandarizatuak sortzea aurrerapauso handia izango da, izan ere, Udalak beti euskaraz erantzuten die eskaera euskaraz egiten duten herritarrei.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA