Tolosaldera egokitutako eskaintza zabala aurkeztu dute Aitzol eta AEK euskaltegiek

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2020/09/02 | Euskara eta Hezkuntza

Tolosaldean lanean diharduten Aitzol eta AEK euskaltegiek 2020-2021 ikasturteko matrikulazio kanpaina aurkeztu dute Anoetan. Euskaltegiekin batera aurkezpenean izan dira eskualdeko zenbait udal, UEMA eta Galtzaundi Euskara Taldeko ordezkariak. Aitzol Udal Euskaltegiko zuzendari Maixabel Zubillagak eta Andoain eta Tolosaldeko AEK-ko zuzendari Jone Tolosak hartu dute hitza aurkezpenean. Zubillagak azaldutakoaren arabera, oso garrantzitsua da Helduen Euskalduntze eta Alfabetatzeak eskualdeko elkarte, udal, ikastetxe edo erakundeen babesa izatea.

Urteetan zehar egin den lanari esker, gero eta zabalagoa da eskualdean euskara ikasi edota praktikatzeko aukera, eta eskaintza horren berri eman da agerraldian. Helduen euskalduntze eta Alfabetatzean lanean dihardute Aitzol Udal Euskaltegiak eta Tolosaldeko AEK-k, eta 2020-2021 ikasturtean ere, zailtasunak zailtasun, ahalik eta eskaintza erakargarriena egin nahi diete Tolosaldeko herritarrei. Inoiz baino gehiago, ikasturte honetan herritarren beharretara egokituko den zerbitzua ematen saiatuko direla azaldu dute bi euskaltegietako ordezkariek.

COVID-19ak sortutako egoeraren aurrean ezohiko ikasturtea izango dela azpimarratu du Jone Tolosak: “Zalantzarik gabe, ziurgabetasun eta zalantza ugariz dator ikasturtea, Covid-19a dela eta, ezohiko ikasturtea izango dela aurreikusten dugu euskaltegiok ere eta, ondorioz, eskoletan egoteko eta euskara ikasteko modu berrietara egokitu beharko dugu, bai ikasleok, bai irakasleok”.

Horren aurrean baina, euskaltegiak prest daude egoerak eskatzen duen modura egokitzeko. “Ezin dugu egoera honetan euskara ikastea bigarren mailan utzi, egoera dena delakoa dela ere, herritarrek euskara ikasteko eskubidea dute” azaldu dute. Beraz, 2020-2021 ikasturtean euskara ikastea segurua izan dadin, euskaltegiek beharrezko babes neurriak hartuko dituzte, eskolak espazio seguruak izan daitezen bermatuz.

Agerraldiaren bidez herritarrak euskaltegietara gerturatzera animatu nahi dituzte bai euskaltegi, udal, UEMA zein Galtzaundik. “Beldurrik gabe datozela euskara ikastera! Dela oinarrizko maila lortzera, dela azterketa ofizialak prestatzera, alfabetatzera... Irailean denok euskaltegietara: galdetu, informatu eta animatu!” esanez amaitu aurkezpena Maixabel Zubillagak.

 

AITZOL UDAL EUSKALTEGIA

Matrikulazio kanpaina martxan du Udal euskaltegien sareak euskaraz hasi, euskaraz hazi eta euskaraz bizi, zure bizitza EUSKARAZI! leloarekin. Izan ere, denok dakigun bezala, hizkuntza hiztunik gabe ez da ezer eta erabili ezean galdu egingo dugu.

Orain arte Tolosako euskaltegian ez ezik, Tolosako zenbait herri txiki eta auzotan ere izan ditu taldeak Aitzol Udal Euskaltegiak, hala nola, Tolosako Amarotz auzoan, Amezketan, Asteasun, Larraulen... aurten ere jarraipena izatea espero dute.

16 urtetik gorako edonork eman dezake izena Aitzolen: kanpotik etorritakoek, euskaraz alfabetatu gabeek, jubilatu berriek, merkataritzako langileek, zenbait kolektibok... Aurreko urteetan Asuntzion klinikako langileak, Osakidetzakoak, Uliazpikoak, epaitegikoak... aritu dira Aitzol Udal Euskaltegian.

Agiri ofiziala nahi duen edonork eman lezake izena, A1etik hasi eta C2 maila bitartean, eta agiri guztiek izango dute HABEk emandako diru laguntza. Horretarako 10 ordu, 6 ordu eta 5 orduko aurrez aurreko moduluak eskaintzen dira goizean goiz hasi eta iluntzera arte. Gainera, aurrez aurreko eskolez gain, Autoikaskuntza egiteko aukera ere badago.

Matrikulazio datak:

  • Irailaren 1etik 22ra bitarte: goizez 09:30-13:00; arratsaldez 16:30-20:00.
  • Amezketa, Asteasu eta Larraulgoek herrian bertan ikasi nahi badute, irailaren 1etik 17ra eman beharko dute izena bertako udaletxean. Euskaltegia harremanetan eta elkarlanean ari da aurrez aipatutako herriekin.
  • Diru laguntzei dagokienez, Tolosakoak adibidez, bertan erroldatutakoei B2 maila bitartean %75eko diru laguntza ematen die, C1ekoei %50ekoa eta C2koei %25ekoa. Gainerako udalek ere eskaintzen dituzte laguntzak.

Informazio gehiago:

  • E-posta: aitzolue@tolosa.eus
  • Telefonoa: 943 651 006

 

AEK

AEK-k 100 euskaltegitik gora ditu Euskal Herrian, eskualde honek hemendik gertuen duena Andoaingo AEK euskaltegia da. Dena den, Tolosaldean euskaltegirik ez izateak ez du esan nahi AEK-k bertan eskolarik ematen ez duenik, gela desplazatuak sortu ohi dira urtero Tolosaldean, herritarrek euskara herrian bertan ikas dezaten. Taldeak sortu ohi ditugu, besteak bestea, Zizurkil eta Villabonan, Anoeta eta Iruran, Alegian, Ikaztegietan, Altzon eta Lizartzan.

Eskaintzari dagokionez maila guztiak eskaintzen ditu AEK-k, A1etik hasi eta C2ra bitarte. Ordutegiei dagokienez, goizeko, eguerdiko, arratsaldeko eta iluntzeko taldeak osatuko dira eskualdeko herrietan, eskolak astean bi, hiru edo lau egunez emanez. Azterketa ofizialak prestatzeko ikastaroak aurrez aurre ematen dira B1, B2 eta C1 mailetan.

Aurrez aurreko eskolak C1 mailara arte eskainiko dira eta C2 maila on line. Hala ere, autoikaskuntzarako aukera ere izango dute ikasleek. Azken aukera hau egokia da aurrez aurreko eskoletara joan ezin dutenentzat edo ordutegi malguagoa izan nahi dutenentzat; aurrez aurreko tutoretza irakaslearekin egiten da eta lanak etxean.

Bestalde, guraso taldeak ere eskaintzen ditu AEK-k: haurrak eskolan dauden ordutegian osatzen diren taldeak dira, eta herriko lokaletan edota ikastetxean bertan eskaini ohi dira. Talde hauen garrantzia azpimarratu nahiko dute bereziki aurten AEK-tik, konfinamenduak argi erakutsi baitu zenbait haurrek eskoletara joan ezean euskararekin duten harremana galtzen dutela.

Azkenik, etorkinei bideratutako AISA ikastaroak ere emango ditu AEK-k, etorri berriei euskarara gerturatzeko oinarrizko edukiak irakatsiz.

Matrikulazio datak:

  • Euskaltegian irailaren 1etik 25era izango da
  • Euskara herrian ikasi nahi duenak herriko udaletxera joan beharko du irailaren 1etik 17ra. AEK aurrez aipaturiko herri horiekin elkarlanena ari da herritarrek izen ematea ere ahalik eta modu erosoenean egin dezaten.

Informazio gehiago:

  • Webgunea: www.aek.eus
  • E-posta: andoain@aek.eus
  • Telefonoa: 943 591 704

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA