Zabalik dago Aitzol Udal Euskaltegian aurrematrikula egiteko aukera

Udaterako
hitzordua

Tolosako Udala
2026/05/18 | Euskara eta Hezkuntza
  • 2026-2027 ikasturterako aurrematrikula egin ahalko da ekainaren 19ra arte. Orain izena ematea kontuan hartuko da eskainitako lekuak baino eskatzaile gehiago egonez gero.

 

Aitzol Udal Euskaltegiak zabaldu du 2026-2027 ikasturterako aurrematrikulazio-garaia. Ekainaren 19ra arte izango da izena emateko aukera. Aurretiazko matrikula izango da, eta irailean berretsi beharko da, matrikula eginda. Nolanahi ere, aurrematrikulatzeak badauka garrantzia: eskainitako leku-kopurua gaindituko balute eskaerek, alegia, ikasleak hautatu beharra sortuko balitz, aukeraketa horretan kontuan hartuko da aurrematrikula egina izatea. Beraz, euskaltegian hasteko asmoa izanez gero, komeni da aurrematrikulan izena ematea.

Aurrematrikula bi modutan egin daiteke:

  • Internet bidez, aurrematrikulako fitxa beteta

  • Aurrez aurre, euskaltegiko idazkaritzan (Gorosabel eraikinean dago euskaltegia, Rondilla kaleko 34. zenbakian, hirugarren solairuan, musika-eskolaren goiko aldean). Ordutegia: 08:30-14:30 (asteazkenetan, 09:00-13:00 eta 16:00-19:30). Ekainaren 1etik aurrera, egunero 09:00-13:00 eta 16:00-19:30.

Edozein zalantza argitzeko, berriz, telefonoz dei daiteke euskaltegira (943 65 10 06), edo whatsapp bat bidali (684 80 37 74); posta elektronikoz ere egin daiteke kontsulta (aitzolue@tolosa.eus).

 

Zer maila ikas daitezke?

Datorren ikasturtean ere maila guztiak eskainiko ditu Tolosako euskaltegiak: abiapuntuko A0 mailatik hasi, eta C2 tituluraino. Goizean eta arratsaldean, bietan izango dira eskolak aukeran, eta, ikas-ereduari dagokionez, hiru sistema daude: aurrez aurreko eskolak, online autoikaskuntza eta bi eredu horien tartekoa.

 

Nork ikas dezake euskaltegian?

16 urtetik gorako herritarrentzako zerbitzua da euskaltegia. Tolosan erroldatuak bakarrik ez, beste edozein herritar ere izan daiteke Aitzol Udal Euskaltegiko ikasle.

 

Zenbat kostatzen da?

Ordu-kopuruaren arabera aldatzen da ikastaroaren tarifa. 2026-2027 ikasturtean, hauek izango dira orduko prezioak: aurrez aurreko eskoletan, 1,42 euro; jardun bikoan, 2,00; eta autoikaskuntzan, 2,56. Tarifa desberdina da C2 mailan, ikasketa horien berezitasuna kontuan hartuta: aurrez aurre, 2,14 euro da orduko prezioa, eta autoikaskuntzan, 3,84 euro.

Matrikula doakoa dute familia ugarietako kideek, guraso bakarreko familietako kideek, eta diru-sarrerak bermatzeko euskal sistemaren prestazioak jasotzeko baldintza ekonomikoak betetzen dituztenek.

 

Badago dirulaguntzarik?

Bai, euskaltegiko ikastaroak diruz laguntzen dituzte hainbat erakundek. Tolosako Udalak ikastaroaren ehuneko bat ordaintzen die Tolosan erroldatutako ikasleei, dirulaguntzen bidez: A1, A2, B1 eta B2 mailetan, % 95ekoa da dirulaguntza; C1ean, % 75ekoa; eta C2 mailan, % 50ekoa. Dirulaguntza jasotzeko, eskoletan % 85eko asistentzia izan behar da. 

Tolosan erroldatutako ikasleen kasuan, diruz lagungarri den ehunekoa ikasturte hasieran aplikatzen da. Hala, B2 mailara arte, ikasleak matrikularen % 5 soilik ordaindu behar du; C1ean, matrikularen % 25, eta C2an, % 50. Ikasturtea egoki betez gero, ez dute gehiago ordaindu beharrik; baldintzak bete ezean, ordea, falta zaien zatia ere kobratzen zaie. 

Horrek esan nahi du hasierako mailetan 20 euroren bueltan ordaintzen dutela ikasleek.

Beste erakunde batzuek ere ematen dute laguntza euskara ikasteko. Eusko Jaurlaritzak iragarria du datorren ikasturtean Euskara Bonua sistema jarriko duela martxan, B1 mailara arte. 120 euro ordaindu beharko da bonu hori, eta, behin eskuratuta, aukera izango da lau ikasturtetan euskaltegian aritzeko, gehiago ordaindu gabe.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA