16 eta 30 urte arteko sei gazte kontratatuko ditu Udalak, urtebeterako

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2025/10/03 | Garapen Ekonomikoa eta Enplegua
  • Praktikaldiko kontratuak izango dira guztiak, lanaldi osokoak eta urtebeteko eperako. Lanean hasteko aurreikusitako data azaroa da

  • Lanbideren web-atarian egin beharko dira izen-emateak.
     

Tolosako Udalak 16 eta 30 urte arteko sei gazte kontratatuko ditu, onura publikoko edo interes sozialeko eginkizunetarako, gazteentzako lan aukerak areagotzeko helburuarekin. 

Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren eta Europar Batasunaren dirulaguntza jaso du Udalak kontratazioak egiteko, azken honek kofinantziatutako EAEko EGF Plus 2021-2027 Programaren barruan.

Praktikaldiko kontratuak izango dira guztiak, lanaldi osokoak eta urtebeteko eperako. Lanean hasteko aurreikusitako data azaroa da. Hauek dira eskainiko diren lanpostuak:

  • Kultura eta Gazteriako erdi-mailako teknikaria
     
    Kultura eta Gazteria arloetako egitasmoei lotuta, parte hartze-, kudeaketa- eta dinamizazio- lanak egingo ditu.
    Titulazioa: Humanitateak, Gizarte Zientziak eta Komunikazio gradua, edo baliokidea

  • Euskarako administraria
     
    Euskara eta Hezkuntza Saileko jarduerak eta materiala eguneratu, espedienteak izapidetzearen ondoriozko administrazio-lanak egin, dirulaguntzak kudeatu, eta saileko lanak planifikatu eta antolatu beharko ditu.
    Titulazioa: Administrazio finantzen goi-mailako titulua, edo baliokidea

  • Garapen Ekonomikoko erdi-mailako dinamizatzailea
     
    Tolosako merkataritza, ostalaritza, eta zerbitzu-enpresen datu-basea sortzea, tokiko merkataritza sustatzeko ekimenak garatzea, eta asteroko azokei lotutako lanak kudeatzea izango dira bere egitekoak.
    Titulazioa: Enpresen administrazio, Turismo edo merkataritza gradua, edo baliokidea

  • Ingurumen eta Landa Eremuko teknikaria
     
    Tolosako bide publikoen inbentarioa eta kudeaketa, landa-eremuko bideetako soiltze-lanen koordinazioa, nekazaritzari lotutako proiektuen garapena eta landa-eremuko auzoei bideratutako dirulaguntzen kudeaketa egin beharko du.
    Titulazioa: Ingurumen-zientzietako gradua, Nekazaritza Elikagaien eta Landa Ingurunearen Ingeniaritzako gradua, edo baliokidea

  • Udal-eraikinen mantentze-lanetarako teknikaria
     
    Eginkizunak izango dira udal-eraikinen arduradunak eta etxebizitza-zerbitzuak kudeatzen dituen eraikin, pisu eta garajeen mantentze-lanak egitea. B gidabaimena eta konponketak modu autonomoan egiteko gaitasuna izatea eskatzen da.
    Titulazioa: Goi-mailako heziketa-zikloko ikasketak edo batxillergoa.

  • Udal-eraikinen mantentze-lanetarako teknikari laguntzailea
     
    Udal-eraikinen arduradunak eta etxebizitza-zerbitzuak kudeatzen dituen eraikin, pisu eta garajeen mantentze-lanak egiten laguntzea izango da bere egitekoa.
    Titulazioa: Oinarrizko heziketa zikloa ikasketak, edo DBH.

Bete beharreko baldintzak

Lanpostuetarako eskaera egin ahal izateko, hauek dira bete beharreko baldintzak:

  • 16 urte baino gehiago eta 30 baino gutxiago izatea.

  • Euskarazko C1 maila (salbuespenak: B2 maila mantentze-lanetako teknikariarentzat, eta B1 maila mantentze-lanetako teknikariaren laguntzailearentzat)

  • Lanbide, Euskal Enplegu Zerbitzuan enplegu-eskatzaile izatea, alta egoeran, eta bete behar den lanpostuari dagokion hezkuntza-maila izatea.

  • Gazte Bermerako Sistemaren Fitxategian inskribatuta egotea.

  • Praktiketako lan-kontraturako baldintzak betetzea.

Baloratuko da Tolosakoa edo Tolosaldekoa izatea.

Eskaera nola egin

Interesdunek eta baldintzak betetzen dituztenek, Lanbide, Euskal Enplegu Zerbitzuaren webgunearen bitartez izapidetu beharko dute eskaera: www.lanbide.euskadi.eus.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA