Udal egitura berriarekin ekin zaio ikasturteari

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2019/09/02 | Giza baliabideak

Ekainean ospatutako Osoko Bilkuran Olatz Peon Ormabazabal Tolosako alkate izendatua izan ostean, uztailean, egitura berriaren baitan zehaztutako arduren banaketa onartu zuen korporazio berriak. Uda igarota, udal gobernu taldeak helburu eta erronka berriekin ekin dio ikasturte berriari.

Erronka horietako bat izan da, hain zuzen ere, udalean egitura berria txertatzea. Aldaketaren helburu nagusia da udala garai eta behar berrietara egokitzea, erabaki-hartzeak azkartzea eta udal funtzionamendua arintzea tolosarrei zerbitzu hobea eta erantzun azkarragoa emateko.

Lan egitura berria, gardenagoa, arinagoa, eraginkorragoa, zeharkakoagoa, irekiagoa eta malguagoa da eta eta horrek udal baliabideak optimizatzea eta kudeaketa eraginkor eta gardenago baten aldeko urratsak egitea ahalbidetuko du herritarren zein garai berrien eskakizunei erantzuteko. Halaber, herritarrek zein oposizioak udal jardunari buruzko informazio gehiago izango dute eskura eta hortaz, oposizioak udal gobernu taldearen lanaren jarraipen eta kontrol zehatzagoa egin ahal izango du.

Hemendik aurrera, beraz, aurreko informazio batzordeak 3 arlo nagusitan banatuko dira -Antolakuntza, Herritarrak eta Lurraldea- eta pertsonal tekniko-politikoak gidatuko dituzte aipatu arloak. Antolakuntza arloak, besteak beste, ondorengo batzordeak biltzen ditu: Giza Baliabideak, Ogasuna, Kontratazioa eta Ondarea, Informatika eta Udaltzaingoa. Gobernantza.  Herritarren arloak: Gizarte Zerbitzuak eta Osasuna; Garapen Ekonomikoa: Enpleguaren Sustapena, Turismoa, Merkataritza eta Azokak; Berdintasuna; Euskara; Kultura eta Festak; Kirola; Hezkuntza; Gazteria eta Komunitatea eta Gobernantza. Azkenik lurralde arloak: Hirigintza; Obrak eta Zerbitzuak eta Mugikortasuna, Ingurumena eta Trantsizio Energetikoa.

Arlo bakoitzeko pertsonal tekniko-politikoa astero bilduko da lan-bileretan gai ezberdinei jarraipena emateko eta hilean behin ospatuko dira arlo bakoitzeko batzorde informatiboak. Aipatu batzordeetan Osoko Bilkuretan jorratuko diren gaiak eztabaidatzeaz gain, hileroko txostenak aurkeztuko dira. Txosten horietan Aurrekontu Proiektuan edota Legealdi Planean jasotako ekintzen betetze maila jasoko da eta egindako kontratazioen berri ere emango da. Beraz, oposizioak orain artean izan duena baino informazio eta txosten gehiago izango ditu gobernuaren  jardunari jarraipena emateko.

2019-2023 Legealdirako Kudeaketa Plana egitura berriaren baitan:

Udal gobernu taldea uda garaiaz baliatu da egitura berrira egokitu eta 2019-2023 Legealdirako Kudeaketa Planaren lehen zirriborroa lantzeko. Legealdi Planak datozen urteetan gauzatuko diren proiektu eta egitasmo estrategiko guztiak jasoko ditu eta horien egikaritzea urteko kronogramen baitan planifikatuko da. Aipatu dokumentua datozen hilabeteetan aurkeztuko zaie herritarrei.   “Gogotsu eta ilusioz ekin diogu legealdi berriari udako oporraldien ondoren, hainbat proiektu ditugu esku artean eta gogor egingo dugu emandako hitza eta hartutako konpromisoa betetzeko” ” amaitu du Olatz Peon Ormazabalek.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA