Adineko pertsonentzako eguneko arreta zerbitzua indartu eta zabalduko du Udalak, Uzturre egoitzan kokatzearekin batera

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2019/03/28 | Gizarte Zerbitzuak eta Osasuna
  • Maiatzaren 6tik aurrera egongo da abian zerbitzua; astelehenetik ostiralera, egunean 3 orduz, hau da, goizeko 10:00etatik 13:00etara.
  • Zerbitzuaz informatzeko bilera irekia deitu du Gizarte Zerbitzuen Departamenduak, hurrengo asteartean, apirilaren 2an, Kultur-Etxeko Areto Nagusian arratsaldeko 19:00etan. Ondoren, izen-emate kanpaina bat jarriko da abian apirilaren 1etik 12ra, maiatzaren 6an talde berria osatuta egoteko.
  • Adineko pertsonen zerbitzu honetan informazioa eskainiko zaie erabiltzaileei, jarraipen osoa egin, gizarte- eta hezkuntza-arloko eta arlo psikosozialeko esku-hartzeak, eta aisia, hezkuntza eta kultur jarduera ezberdinak garatu, alorrean aditua den profesional baten gidaritzapean.
  • Olatz Peon Ormazabal, alkatea: “Lortuko dugu horrela, hobetzea mendekotasun egoeran dauden eta beren ingurune familiar eta komunitatean bizi diren adineko pertsonen bizi kalitatea”.

Mendekotasun egoeran edo arriskuan dauden adinekoentzako Eguneko Arreta Zerbitzua indartuko du Udalak, arreta egunak eta orduan zabalduz. Maiatzaren 6tik aurrera egongo da abian zerbitzua eraberrituta eta Uzturre Asistentzia gunean kokatuko da.

2009az geroztik eskaintzen du Udalak zerbitzu hau, adineko pertsonei zuzenduta, beren autonomia mailari eutsi, mendekotasun egoerak atzeratu edo ekidin, eta bakarrik bizi diren adinekoei lagun-artea eskaintzea jomuga. Astean bi egunetan eskaintzen da zerbitzua, bakoitzean 3 orduz eta 12-16 pertsonako taldetan gauzatzen dituzte jarduera ezberdinak.

Guztira 48 pertsonek hartu dute parte zerbitzuan, 46 emakume eta 2 gizon; eta 75 urtekoa izan da bataz besteko adina. Egun, 12 emakumez osatutako taldea biltzen da astean bitan.

Orain zerbitzua indartuko du Udalak, helburu berberak mantenduz. Aste-egunetan egunero egongo da zabalik, astelehenetik ostiralera, goizeko 10:00etatik 13:00etara. Gainera, Uzturre Asistentzia Gunean kokatuta, Eguneko Arreta Zerbitzuaz gain, erabiltzaileen esku ezarriko dira beren interesekoak izan daitezkeen zerbitzu ugari: jangela soziala, adinekoen elkartea, ile-apaindegia eta podologoa bezalako zaintzako zerbitzu osagarriak, adineko pertsona ugarirekin hartu-emana ezartzeko aukera eta beste hainbat.

Bertan informazioa eskainiko zaie erabiltzaileei, jarraipen osoa egin, gizarte- eta hezkuntza-arloko eta arlo psikosozialeko esku-hartzeak, direla estimulazio, erreabilitazioa edota trebetasunen garapena, eta hezitzaileak, aisia, hezkuntza eta kultur jarduera ezberdinak garatzeko aukerarekin.

Erabiltzaileek 70 urte edo gehiago izan beharko dituzte eta mendekotasunaren arriskua edo mendekotasun arinaren egoeran egon beharko dute (MBB 0-39 puntu). Horrez gain, intentsitate txikiko laguntzaren beharra behar dute izan, eta taldean parte-hartzea galaraziko dion ezintasunik eta osasun-arreta espezializaturik eta/edo iraunkorrik behar ez izatea, zerbitzuak eskura dituen edo berez eskaini ditzakeen baliabideetatik kanpo.

Tolosako Gizarte Zerbitzuen departamentuak ebatziko du pertsonen sarrera hainbat ezaugarri kontuan izanik: bakarrik bizitzea, harremanak ezartzeko zailtasunak izatea, eguneko ordu gehienak bakardadean igarotzea, edota ohiko bizigunean ez izatea gisa honetako ekintzak garatzeko aukerarik.

Gainera, norbere baliabideekin gainditu ezin diren irisgarritasun edo garraio arazoak daudenean, Udalak ezarriko ditu beharrezkoak diren baliabideak oztopo horiek gainditzeko.

Olatz Peon Ormazabal alkateak nabarmendu du zerbitzu honen bitartez, adineko pertsonei lagunduko zaiela beren autonomia mailari eusten eta ohiko bizi-ingurunean jarraitzen eta gizarteratzen. “Lortuko dugu horrela, hobetzea beren ohiko ingurunean eta komunitatean bizi diren adineko pertsonen bizi kalitatea”·

Zerbitzuaz informatzeko bilera irekia deitu du Gizarte Zerbitzuen Departamenduak, hurrengo asteartean, apirilaren 2an, Kultur-Etxeko Areto Nagusian arratsaldeko 19:00etan. Ondoren, izen-emate kanpaina bat jarriko da abian apirilaren 1etik 12ra, maiatzaren 6an talde berria osatuta egoteko.

Edozein zalantzaren aurrean departamentuarekin jarri harremanetan Plaza Zaharrean dituen bulegoetara joz, gizartezerbitzuak@tolosa.eus -era idatziz edota 943 69 74 60 telefonora deituz.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA