Adinkide, urtebete baino gehiago adineko pertsonen bakardadeari aurre egiten

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2021/09/16 | Gizarte Zerbitzuak eta Osasuna
  • Adinkide laguntza-programa bat da, adiskidetasun harremanen bitartez bakardade egoeran dauden adineko pertsonen ongizatea hobetzea helburu duena.

  • Gaur egun, 14 boluntariok eta 10 adinduk osatzen dute Tolosako taldea; ekimenean parte hartu nahi duen orok 676197354 telefonora deitu dezake, tolosa@adinkide.org helbide elektronikora idatzi edo Emeterio Arresen kokatuta dagoen Adinkide bulegora gerturatu.

  • Olatz Peon, alkatea: "Programa hau zahartze aktibo eta osasungarrirako estrategiaren barruan kokatzen da eta estrategia hori aspalditik bultzatzen ari gara, adinekoen ongizatea eta autonomia bermatzeko eta biztanleriaren zahartzearen erronkari erantzuteko"

 

Adinkidek 2020ko martxoan hasi zuen bere ibilbidea Tolosan, pandemiaren hasierarekin batera; bakardade egoeran zeuden adineko pertsonei laguntza emateko programa martxan bazegoen ere, egoeragaren ondorioz, ekimena urrian aurkeztu zen, Adinekoen Nazioarteko Egunean, alegia.

Urtebete baino gehiago bakardade egoeran dauden adineko pertsonei laguntza eskaintzen aritu ondoren, gaurkoan Adinkideko kideek eta Tolosako Udalak balantzea egin nahi izan dute eta herritarrei, beste behin, programan boluntario edo erabiltzaile gisa parte hartzeko deia egin.

Olatz Peon Ormazabal Tolosako alkateak azpimarratu duenez, "biztanleriaren zahartzea lehen mailako erronka izanik, urteak daramatzagu, alor honetan, herritarren egungo zein etorkizuneko beharrei erantzuteko estrategiak eta gizarte-politikak garatzen eta bultzatzen, ekimen edo zerbitzu berriak abian jarriz". "Duela gutxi, etxez etxeko arreta-zerbitzua indartu dugu, eta, laster, hobekuntza garrantzitsuak txertatuko ditugu eguneko arreta-zerbitzuan; iaz, elkarlan publiko-komunitariotik, abian jarritako programa hau zahartze aktibo eta osasungarrirako estrategiaren barruan kokatzen da; estrategia hori aspalditik bultzatzen ari gara, adinekoen ongizatea eta autonomia bermatzeko eta herritarren zahartzearen erronkari erantzuteko", nabarmendu du alkateak. "Izan ere, 2031rako biztanleriaren %46k 55 urte baino gehiago izango ditu; beraz, lehentasunezkoa da zahartzearen gaia prebentziotik eta osasunaren sustapenetik ere jorratzea", ondorioztatu du Olatz Peon Ormazabalek.


Adiskidetasun-harremanak sortzen

Bakardadeak pertsona ororen eta bereziki adinduen osasun fisiko eta mentalean eragiten du, horregatik, programak helburu du, adiskidetasun harremanen bidez adineko pertsonen bakardadeari aurre egitea.

Maria Carpinterok, Adinkideko Tolosako arduradunak azaldu duenz, 14 boluntariok eta 10 adineko pertsonek osatzen dute Tolosako taldea. Denbora honetan, 28 gizarteratze-jarduera egin dira guztira, hala nola ibilaldiak, musika-kontzertuak edo antzerkirako bisitak, besteak beste. Horrelako jarduerak adinekoen iritziak eta proposamenak kontuan hartuta egin dira.

Mireia Carceller, Adinkideko boluntarioa da eta 86 urteko Mari Carmen emakume tolosarrarekin dago ekimenean. Carcellerrek oso positiboki baloratu ditu esperientzia eta adineko pertsonarekin ehuntzen ari den adiskidetasun-harremana.

Boluntarioak astean 2 orduz biltzen dira adinekoekin paseatzeko, hitz egiteko... eta, horrela, konfiantzazko eta adiskidetasunezko lotura afektiboak sortzen dira. Programa malgua bada ere, jarduerak adinekoak bizi diren tokitik kanpo egitea sustatzen da, sozializazioa eta udalerrian adinekoen parte-hartzea sustatzeko.

 

Boluntariotza malgua eta aberasgarria

Carcellerrek azpimarratu du Adinkideko “boluntariotza malgua eta aberasgarria” dela eta horregatik, programan parte hartzera animatu ditu tolosarrak. “Ekimen honetan parte hartuz zure inguruan bizi diren adinekoak osasun, bizi-kalitate, konpainia eta duintasun gehiagorekin zahartu daitezen laguntzen duzu; eta bestetik, zure zahartzarora ere hurbiltzen zaitu, aurreiritzirik gabe, gaur zahartzaroari buruz ditugun estereotipoak eraitsiz; bakardadea kudeatzen ere ikasiz". "Izan ere – jarraitu du –, proiekzio demografiko eta soziologikoei erreparatzen badiegu, jakina da gaur gazteagoak garenak, bihar adineko pertsonak izango garela, eta gehiago biziko garen arren, bakartiago ere biziko garela, gizartea gero eta bakartiagoa, indibidualistagoa eta inpertsonalagoa delako, hori dela eta, garrantzitsua da belaunaldien arteko eta komunitateko kideen arteko harremanak ehuntzea”.

Adinkidek, Tolosako Udalaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza eta babesa ditu.

Informazio gehiago nahi izanez gero, herritarrek Emterio Arresen dagoen bulegora jo dezakete, telefonoz 676197354 zenbakira deitu edo tolosa@adinkide.org helbide elektronikora idatzi, honako ordutegian: astelehen eta asteazkenetan 10: 00etatik 14: 00etara eta ostegunetan 15: 00etatik 19: 00etara. Informazio gehiago ere eskura daiteke www.adinkide.org helbidean.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA