- Buru Bihotzez Elkarteak hainbat jarduera antolatu ditu datozen egunetarako Tolosako Udalaren, Tolosaldeako ESIaren eta Inmakulada Lanbide Ikastolaren laguntzarekin: informazio-saioak, ikasleekin jarduerak ezberdinak eta hitzaldiak.
- Elkarteak, halaber, Alzheimerra duten pertsonei eta haien familiei laguntzen jarraituko du ikasturte honetan, horretara bideratutako laguntza taldearen, arreta psikologiko pertsonalizatuaren, “Dementzia Bizitzen” programaren eta prestakuntza-tailerren bitartez.
Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) aldarrikatutako Alzheimerraren Munduko Egunaren harira, Tolosako Udalak, Buru Bihotzez Elkarteak, Tolosaldeko ESIak eta Inmakulada Lanbide ikastolak prentsaurrekoa eskaini dute, elkarteak sortutako "ez gaude bakarrik" horma-irudiaren aurrean,. Bertan, herritarrak sentsibilizatzen jarraitzeko eta Alzheimerrak eta beste dementzia batzuek kaltetutako pertsonei babesa eta laguntza ematen jarraitzeko antolatutako jarduera-programaren berri eman dute.
Gizarte osoari eragiten dion gaixotasuna
Alzheimerra dementzia motarik ohikoena da. Gaixotasun honek 40.000 pertsona baino gehiagori eragiten dio Euskadin eta 700 familia ingururi tolosaldean. "Dementzia gero eta pertsona zein familia gehiagori eragiten dien gaixotasuna da, gizarte osoari eragiten dion gaixotasuna; horregatik, ezinbestekoa da erakundeen, eragileen, ikastetxeen eta herritarren artean elkarlanean eta bat eginda lanean aritzea, estigmak atzean utziko dituen Tolosa inklusiboago eta solidarioago baten alde, herritarren sentsibilizazioan eta kontzientziazioan aurrera egiteko, betiere, kaltetuen eta haien senideen bizi-kalitatea hobetzeko helburuarekin", adierazi du Olatz Peon Ormazabal alkateak.
Ildo horretan, alkateak Buru Bihotzez elkarteak egindako lana balioan jarri du eta elkarteak egindako ekimen eta ekintza guztiak babesten eta laguntzen jarraitzeko konpromisoa berretsi du, dementzia duten pertsonen eta familia zaintzaileen ongizatea ahal den neurrian hobetzeko.
Dementzia gizarteratzea eta gaixotasunak eragindako pertsonei zein senideei laguntzea
2022-2023 ikasturterako eta, bereziki, irailaren 21erako elkarteak antolatu duen jarduera-programak dementzia ikusaraztea eta kaltetuei eta haien senideei laguntzen eta babesa ematen jarraitzea du helburu.
Pankarta dagoeneko Kultur Etxean dago eta asteazken honetan, irailak 21, hiru jarduera nagusi egingo dira:
- 8:30-11:00. “Dementzia”ren inguruko informazioa emango da Tolosako Anbulatorioan.
- 16:30-18:00. Memoriarekin lotutako haurrentzako jolasak egingo dira Trianguloan. (Euria eginez gero Zerkausian).
- 17:00. “Dementzia”ren inguruko hitzaldia Maria Camara neurologoaren eskutik. Camarak Harizpe jubilatuen elkartean egiten du lan.
Halaber, 2022-2023 ikasturtean, elkarteak Alzheimerra duten pertsonei eta haien familiei laguntzen jarraituko du horretara bideratutako laguntza-taldearen bitartez (15 egunez behin elkartzen da) zein arreta psikologiko pertsonalizatuaren, “Dementzia Bizitzen” programaren eta Inmakulada Lanbide Ikastolan familia zaintzaileei zuzenduta eskainiko diren prestakuntza-tailerren bidez.
Hilabete amaieran, irailaren 28an, Igone Etxeberriak (psikologoa) eta Asier Arrizabalagak (fisioterapeuta) elkarlanean sortu eta zuzendutako "Dementzia Bizitzen" programa aurkeztuko da arratsaldeko 18:00etan Kultur Etxean.