Azaroak 10, Memoriaren Eguna, gure gizarteak jasandako indarkeria eta giza eskubideen urraketak ezagutzeko eta ez ahazteko eguna

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2021/11/10 | Gizarte Zerbitzuak eta Osasuna
  • Tolosako Udalak Biktimen Memoria eguna baliatu du adierazpen instituzionala eta lore-eskaintza egin eta bizikidetzaren alde lanean jarraitzeko konpromisoa berresteko.

 

Tolosako Udalak, bertan ordezkaritza politikoa duten alderdi guztien elkarlana eta kontsentsuari esker azaroaren 10a, Biktimen Memoria eguna baliatu du adierazpen instituzional bateratua irakurri eta lore-eskaintza egiteko Pizkundea Plazan.

Zentzu horretan, ordezkari politikoek azpimarratu dute, Bizikidetza sustatzeko bide horretan gure herrian izandako giza eskubide guztien urraketa larrien inguruko memoria transmititzea eta egia guztia ezagutzea ezinbesteko dela. Izan ere, gure herrian, sufrimendu egoera asko eta oso desberdinak gertatu dira eta gertatzen dira, batzuk ezagunagoak, nabarmenagoak, baina badira ere isilean egunerokotasunari txertatuak eta gure ingurune hurbilean gordeta izan diren bizipen eta egoera isilagoak ere. “Horiek azalera ekarri nahi ditugu” esan dute.

Giza eskubideen urraketa ororen inguruko ikerketa, biktima guztien erreparazio eskubidea bermatzeko

2006an hasi zuen Udalak memoria berreskuratzeko lanketa, Tolosan izandako eta tolosarrek pairatutako indarkeria eta giza eskubideen urraketen inguruko egia ahalik eta modu zabalenean ezagutu eta dokumentatze aldera. Aranzadi Zientzia elkartearekin elkarlanean, dagoeneko bi liburu argitaratu dira Tolosan eta gaur egun 1960. urtetik gaur egun arte izandako giza eskubideen urraketen ikerketa abian dago.

Oroimena Tolosa webgunea, gure herriaren memoria jaso eta ezagutzera emateko

Orain arte egindako lanen edukiak eta abian den ikerketaren emaitzak, joan den urtean aurkezturiko “Oroimena Tolosa” webgunean jasota daude.

Webgunea baliabide bizia izango da. Bertan ezagunak diren eta horren ezagunak ez diren giza eskubideen urraketak jasoko dira, gertatutakoaren egia modurik zabalenean eta zehatzenean jasota. Abian den ikerketaren harira jasotako herritarren eta bereziki urraketak pairatu dituzten pertsonen bizipenak eta testigantzak Oroimena Tolosa webgunean txertatuko dira.

Testigantza zuzenak jasotzeak, askotan familian oso gordeak izan diren sufrimendu eta urraketak azalaratzen dituzte, adibidez estortsio ekonomikoak edo mehatxu larrien kasuak. Testigantzarik gabe nekez jakin daiteke gertatutakoa eta ezinezkoa da horren zabalkundea egitea; horregatik testigantzek garrantzia handia dute indarkeriak familian izandako eragina zuzenean ezagutzeak sufrimendu horri hurbiltzen laguntzen duelako, gertatutakoaren dimentsioaz jabetzen laguntzen duelako, gertatutakoa berriz errepikatu ez dadin; urraketak zuzenean pairatu duten pertsonen bizipen eta testigantzak ezagutzeak Eeia osoagoa ezagutzeko aukera paregabea ematen du.

Baina sufritutakoaren testigantza ematea ez da ariketa erraza, gertatutakoa berriz bizitzea eragiten duelako, eta horregatik, pauso hori emateak adierazten duen eskuzabaltasuna eskertu eta azpimarratu nahi izan dituzte udal ordezkariek eta bide batez, sufrimendu egoeraren bat edo giza eskubideen urraketaren bat pairatu duten herritarrak euren testigantza ematera animatu dituzte, Aranzadi Zientzia elkarteko kideekin harremanetan zuzenean jarrita, ordezkari politikoen bitartez edo Udaletxera deituta. “Gure aldetik beharrezkoa den zaintza eta kontua eskainiko dugu, testigantza horiek behar duten duintasunarekin tratatuak izan daitezen” esan dute.

Biktima guztiei elkartasuna eta hurbiltasuna

“Horrenbeste biktima eragin dituen indarkeria bidegabea izan dela aitortu nahi dugu eta biktima guztiei gure elkartasuna eta hurbiltasuna adieraztearekin batera, egia, justizia, aitortza eta erreparazioa eskatzen dugu biktima guztientzat” azpimarratu dute udal ordezkariek. Eta horrenbestez, esan dute:

  • Bizitza, giza duintasuna eta giza eskubideak beste edozein kausa, ideia politiko edo estatu-arrazoiren gainetik egon behar dutela, eta beti errespetatu behar direla.

  • Elkarri entzutea eta biktima guztiek izandako min, sufrimendu eta bizipen guztiak aitortzea dira gure gizartean eman ziren urruntzeak gainditzeko abiapuntua.

  • Indarkeria adierazpenak eta giza eskubideen urraketak ez dira inoiz gehiago gure artean gertatu eta justifikatu behar.

  • Giza eskubideak urratzen dituen edozein ekintzak Tolosako Udal ordezkarion erabateko oposizioa izango du

  • Euskadiren oraina eta etorkizuna bide baketsu eta demokratikoetan oinarritzea nahi dugu, pertsona guztien eskubide zibil, politiko eta sozial guztiak errespetatuz. Horixe da bizikidetza aske eta baketsuaren formula eraikitzaile bakarra.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA