Hiribusa egunean lau aldiz Iurreamendi egoitzara igotzeko prozedura abiatu du Udalak

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2025/11/04 | Udaltzaingoa, Herritarren Segurtasuna, Mugikortasuna eta Garraioa
  • Goizean bitan, eta arratsaldean beste bitan igoko da autobusa; horretarako, aldaparen hasieran errepidea egokitzeko lanak egin dira.

  • Aldaketa gauzatzeko eginbideekin hasi da Udala, eta hori amaitu bezain pronto sartuko dira indarrean aldaketa berriak. 

 

Irailean Hiribusaren ibilbidea eta ordutegia aldatu ziren, behin behinean. Helburua zera zen: datorren urteko ekainetik aurrerako kontratuan —orduan amaitzen baita 2020tik indarrean dagoena— sartu beharreko aldaketak aurrez probatzea, aldaketak aztertu eta egokitasuna baloratzeko. Bi hilabete hauetan egokitzapenak ebaluatu dira eta, ondorio horietan oinarrituta, berriro ere eguneratuko da. 

 

Berriro ere Iurreamendira

Aldaketa nagusia da Iurreamendi egoitzara igoko dela berriro ere. Irailera arte egunean bitan joaten zen autobusa egoitzaren atarira, biak ala biak arratsaldez. Aldaketarekin goizean beste bitan ere igoko da. Horretarako, aldaparen hasieran errepidea egokitzeko lanak egin dira, autobusak arazorik izan ez dezan, eta aurrerago ere beste lan batzuk egingo dira are gehiago errazteko. Aldaketa honek ordutegien egungo antolaketan ere eragingo du.

«Bi aldiz bildu gara aurrez aurre egoitzako egoiliarren senideekin: irailean, aldaketa gauzatu eta gutxira; eta pasa den astean. Lehen bileran autobusa bertara igotzeko zailtasunak azaldu genizkien, eta beren beharrak jaso genituen. Guk erabilera-datu batzuk ere bagenituen, baina ikusi zen datuek esaten zutena baina behar handiagoa zegoela, lehenagotik ere bazetorrena. Aurreko egoerak ere ez zituen behar bezala asetzen behar horiek egoiliarrentzat. Horregatik, errepidean egokitzapen lanak egin eta zerbitzua berriro ere jartzeko aldaketa martxan jarri dugu, hobekuntzekin», azaldu du Andu Martinez de Rituertok. 

Alkateak esker hitzak izan ditu senideentzat: «beren desadostasuna errespetuz adierazi dute. Haiek ere eskertu ziguten bi aldiz bertaratu izana. Horrek balio izan digu, hiribusari lotutako beharrak ez ezik, bestelako beharren inguruan ere aritzeko. Udalaren ardurapekoak direnak nola bideratu ikusiko dugu orain; beste batzuk Kabiaren eskumenekoak dira, eta guk ere arduradunekin hitz egiteko konpromisoa hartu dugu», gehitu du.

Aldaketa tramitatzeko eginbideekin hasi da Udala, eta horiek amaitu ondoren sartuko dira indarrean aldaketa guztiak. Aurrerago emango dira xehetasun guztiak. 

 

Azalpenak zerbitzuaren inguruan

Horrez gain, Hiribusaren zerbitzuaren inguruan azken asteotan izaten ari diren kexen aurrean azalpenak eman ditu Udalak. Izan ere, bi ibilgailutan matxurak izan eta gero, egoera zerbitzua baldintzatzen ari dela onartu du Udalak.

«Autobus elektrikoa askotan ari da matxuratzen, eta mekanikoek ez dute lortzen arazoa zerk eragiten dion jakitea. Tailerrean denbora luzez egon ondoren, berriro zerbitzua ematen hasi orduko, tailerrera eraman beharrean gara. Ez du bermerik ematen. Egungo kontratuak, ordea, autobus titularra ordezkatzeko udalaren jabetzako autobusa jartzen du eskura. 26 urte ditu ibilgailu honek, eta hau ere ez dago egoera onean eta matxuratu egin izan da azkenaldian. Horren ordez, irisgarritasun baldintzak guztiz betetzen ez dituen hirugarren autobus bat jarri izan du enpresak zerbitzuari eusteko. Hori jakin bezain pronto, zerbitzua baldintzak betetzen dituen autobus batekin egiteko eskatu zaio. Udal teknikariak jarraipen zorrotza ari dira egiten egunerokoan, eta aukera guztiak baliatzen ari da zerbitzua ahalik eta egokien emateko, baina pleguek zehazten dutenera baino ezin dugu mugatu», azaldu du Ander Figuerido zinegotziak.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA