Bihar hasiko dira Zutani elkartearen lokal berria egokitzeko obrak

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2025/10/13 | Gizarte Zerbitzuak eta Osasuna
  • Elkano kaleko 15. zenbakiko behe solairuan izango da lokala, Berazubiko Auzo Elkartearen alboan.

  • Bi eremu izango ditu: elikagaiak biltzeko espazio diafano bat, eta elkartearen erabilerarako bulego bat eta bi ikasgela.
     

Zutani elkarteak egoitza berria izango du aurki. Gaur egun, Araba Etorbidean dago, baina txiki geratu da, eta Berazubi auzoko udal jabetzako lokal batera lekualdatuko da, dituen beharrei hobeto erantzun ahal izateko. Proiektuarekin denbora luzez lanean aritu eta gero, eta Berazubiko jaiak igarota, bihar hasiko dira lokal berria egokitzeko obrak. 

Lokalak 175m2-ko azalera du, eta bi eremutan banatuko da: biltegi eremua eta elkarteak erabiltzeko eremua. Biltegia Zutaniren elikagai bankurako izango da, eta horretarako, espazio ahalik eta diafanoena diseinatu da, komun eta arraska gune batekin. Elkarteak erabiltzeko gunean, berriz, Zutanik eskaintzen dituen zerbitzuetarako —laguntza, formazioa, aholkularitza...— espazioak izango ditu: bulego bat, bi ikasgela eta komunak. Bi eremuak barrutik konektatuta egongo dira.  

Proiektua Mireia Roca Zeberio arkitektoak idatzi du, ZUTANI elkartearen beharrak eta lokalaren baldintzak kontuan hartuta. Obra kontratua Construcciones Bentea Berri Eraikuntzak SL enpresari esleitu zaio, eta obra zuzendaritzakoa, berriz, Arretxe Zerbitzuak SL enpresari. Lanak egiteko epea zazpi hilabetekoa da. Udalak 229.000 euro inguruko inbertsioa egingo du.

550 pertsonari arreta

Pobrezia eta bazterkeria egoeran dauden Tolosako familiei eta pertsonei arreta ematen die Zutanik, egoera horri aurre egiteko eta gizarteratzeko laguntza eta aholkularitza eskainiz. Elikagai Bankutik ekarritako elikagaien banaketaz gain, ikastaroak, integraziorako ekintzak eta sentsibilizazio jarduerak antolatzen dituzte. Gaur egun, 220 familia artatzen ditu, 550 pertsona guztira; horietatik 150 adin txikikoak.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA