Adierazpen instituzionala: Liburu erreketaren urteurrena

Hitzorduak

Tolosako Udala
2026/08/10 | Kultura, Festak eta Gazteria
  • Udalak herritar guztiak gonbidatzen ditu liburu-erreketaren urteurreneko ekitaldietan parte hartzera. Elkarrekin oroitzea funtsezkoa delako erre nahi izan zuten hori guztia indartzeko.

Orain 90 urte, 1936ko abuztuan, altxamendu faxistaren ikur gordin bihurtu zen Tolosako Plaza Zaharra: indar frankistek, Tolosa hartu berritan, liburuak erre zituzten plaza erdian.

Liburuak suntsitzea ez zen izan paper batzuk erretzea: gure herriaren hizkuntza, kultura, hezkuntza eta askatasun intelektuala suntsitu nahi izan zituzten. Gure herria isilarazi nahi izan zuten, ezabatu, erre. Hori bihurtu nahi izan baitzuten: haizeak eramango zuen sutauts.

Euskal Pizkundearen gune nagusietako bat zen Tolosa: idazleak, inprimategiak, kultur sustatzaileak… Euskal kultura suspertzeko ahalegin hori dena erre nahi izan zuten faxistek.

Hemen gaude: 90 urte geroago, euskal kultura ari da bidea egiten, euskara indarberritzen, herria sendotzen. Baina ez dugu ahaztu behar zer gertatu zen. Ez dugu ahaztu behar, zauri haren orbainak bizi-bizirik dauzkagulako oraindik, eta ez dugu ahaztu behar, faxismoaren oihartzuna gero eta ozenago entzuten delako. Memoria historikoa ezinbesteko zutabea da.

Urteurrenaren harira, honako hau adierazten du Tolosako Udalak:

  1. Gogora ekarri nahi du 1936ko liburu-erreketa, euskararen eta euskal kulturaren kontrako jazarpenaren adierazle gordina izan baitzen. Frankismo luzean izandako erasoek zuzeneko zerikusia izan dute euskararen minorizazioan. Arlo horretan ere memoria historikoa aldarrikatu behar da: hamarkadetan zapaldua izan da euskara.
  2. Aitortza egin nahi die eraso horien biktima izan ziren tolosar guztiei, eta haien memoria eta duintasuna aldarrikatu. Haiek euskararen eta euskal kulturaren alde egindako lanik gabe, gaur ez geundeke hemen, funtsezko katebegia izan baitziren.
  3. Konpromisoa hartzen du jazarpen hura ahaztuta ez uzteko, gaurko eta biharko tolosarrek gertatutakoaren berri izan dezaten. Era berean, konpromisoa hartzen du jazarpen hari aurre egiten jarraitzeko, bereziki euskara eta euskal kultura sustatuz.

Udalak herritar guztiak gonbidatzen ditu liburu-erreketaren urteurreneko ekitaldietan parte hartzera. Elkarrekin oroitzea funtsezkoa delako erre nahi izan zuten hori guztia indartzeko. 

[Bihar, abuztuak 11, eta Kultura Plazara egitasmoaren baitan, Plaza Zaharrean euskarazko liburuak jarriko dira herritarren eskura, tokian bertan irakur ditzaten; 11:00etatik aurrera]  

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA