Eklipsea behatzeko zenbait babes-neurri

Hitzorduak

Tolosako Udala
2026/08/06 | Udaltzaingoa, Herritarren Segurtasuna, Mugikortasuna eta Garraioa
  • Fenomeno astronomiko hau modu seguruan behatzeko neurriak eta jarraibideak kontuan hartzeko eskatzen zaie herritarrei.
  • Abuztuaren 12an 19:30 aldera hasiko da. Tolosan eklipsea modu partzialean soilik ikusiko da. 

2183. urtera arte gurean berriro ikusi ezin izango den fenomenoa ikusteko aukera izango da abuztuaren 12an: eguzki-eklipse osoa. 19:30 aldera, ilargia eguzkia estaltzen hasiko da, eta handik ordubete eskasera, 20:27an, osotasun-fasea hasiko da. 21:30 aldera, normaltasunera itzuliko da zerua.

Tolosan eguzki-eklipse hau partzialki baino ez da ikusiko. Euskal Autonomia Erkidegoari dagokionez, eklipsea ez da modu berean nabarituko lurralde osoan: horren inguruko informazioa nahiz eklipseen faseak ulertzeko, Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailak prestatutako webgune honetara jo daiteke.

Bestalde, abuztuaren 12an eta 13an Pertseidak izaten dira. Aurten, gainera, ilargia ilberri-fasean egongo da eta horrek behaketa erraztuko du.

Babes-neurriak

Eklipsearen egunean asko izango dira zeruari begira jarriko diren herritarrak, eta aintzat hartzeko hainbat neurri eta jarraibide argitaratu ditu Eusko Jaurlaritzak.

Behaketari dagokionez, inoiz ez zaio eguzkiari zuzenean begiratu behar babes egokirik gabe. Eguzkiak hainbat uhin-luzeratan igortzen du erradiazioa, eta horrek erretina erre, ikusmenaren galera partziala eragin eta kalte itzulezinak sor ditzake.

Eklipse bat ikusteko modurik errazena eta seguruena horretarako berariaz diseinatutako betaurrekoak dira, ISO 12312-2 arauaren arabera ziurtatutakoak; izan ere, argi ikusgaia nabarmen murriztu eta erradiazio ultramorea eta infragorria blokeatzen dituzte. Halaber, Europako benetako CE marka, erabiltzeko jarraibideak eta, materiala iraunkorra ez bada, iraungitze-data izan behar dituzte. Hala eta guztiz ere, ez da komeni 45 segundo baino gehiago jarraian behatzea, eta atsedenaldi laburrak egitea komeni da.

Osotasun-fasean soilik, ilargiak eguzki-diskoa erabat estaltzen duenean, ikus daiteke eklipsea begi hutsez; eguzkiaren lehen argia berriz agertu bezain laster jantzi behar dira berriro ere betaurrekoak.

Kontu handiz ibili behar da haurrekin eta pertsona zaurgarriekin, behaketan betaurrekoak kendu ez ditzaten.

Beste gomendio batzuk

Zuzeneko behaketatik harago, kontuan hartzeko beste jarraibide batzuk ere eman nahi zaizkie herritarrei.

Trafikoari dagokionez, ikuspen oneko eremuetarantz joan-etorriak handitzea aurreikusten da. Horregatik, hurbileko puntu bat aukeratzea gomendatzen da, beharrezkoak ez diren joan-etorriak saihesteko. Halaber, denborarekin ibiltzea eta Ertzaintzaren eta beste agintari batzuen jarraibideei kasu egitea eskatzen da.

Eguraldiaren iragarpenari adi egotea ere komeni da, kostaldeko lanbroagatik, bero-hodeiengatik eta uda sasoiko trumoi-ekaitzengatik. Bestalde, garrantzitsua da eklipsearen aurreko orduetan azalerako eguzki-babes egokia erabiltzea, kapela edo txanoa janztea eta ondo hidratatzea.

Iturria: eklipsea.euskadi.eus

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA