Dementzia dutenak eta haien zaintzaileak zaintzeko programaren aurkezpena, ostegunean

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2025/01/21 | Gizarte Zerbitzuak eta Osasuna
  • Inmakulada Lanbide Ikastolak, udalaren, Tolosaldeko OSIaren eta elkarteekin batera sustatutako programa da ‘Dementzia bizitzen’, eta narriadura prozesua atzeratzeko eta zaintzaileen egoera hobetzeko saioak eskaintzen ditu.

  • Urtarrilaren 23ko saioa 18:00etan izango da, Kultur Etxeko areto nagusian.

 

‘Dementzia bizitzen’ funtzionamendu kognitiboan narriadura duten eta beren etxeetan bizi diren pertsonei zuzendutako programa komunitarioa da, narriadura prozesua atzeratzea eta zaintzaileen egoera hobetzen laguntzea helburu duena. Horretarako, diziplina anitzeko esku hartze saioak eskaintzen dira astero, dementzia duten pertsonen autonomia pertsonala sustatzeko eta gaixotasunetik eratorritako behar pertsonal eta familiarrei aurrea hartzeko.

Saioetan jarduera ezberdinak egiten dira, naturarekin edota komunitatearekin lotura dutenak adibidez, pertsona horiek aktibo mantentzeko. Hain zuzen, gaixotasunaren aurretik egiten zituzten jarduera esanguratsu batzuk egiten jarraitzea da xedea, norbere neurrira egokituta, ongizatea eta bizi-kalitatea handitzeko. Esku hartze programa hiru multzotan sailkatzen da:

  • Mugitzen: Fisioterapia-programa bat abiatzen da, taldea osatzen duten pertsonen beharretara egokitutako ariketa fisikoekin. Artikulazio-mugikortasuna hobetzeko, ibiltzeko autonomiari eusteko edota erortzeko arriskua murrizteko ariketak lantzen dira, besteak beste.

  • Gogoratzen: Esku hartze psikologikoko jarduerak egiten dira, estimulazio kognitiboa eta gogorarazteko ariketak uztartzen dituena: arreta, memoria, orientazioa… Bizi istorioarekin lotutako informazioa erabiltzen da. Horretarako, Inmakuladak app propio garatu du, boluntario eta profesionalak uneoro informazio hori eskura izan dezaten.

  • Sentitzen: Estilumazio multisentsorialeko ekintzak egiten dira: masajeak, usaimena, errealitate birtuala, musikoterapia, txakur-terapia… 

Aurtengo programaren nondik norakoak aurkezteko saio irekia izango da ostegunean, hilak 23, Kultur Etxean (18:00). Bertan, proiektua sustatzen duen Inmakulada Lanbide Ikastolako arduradunek, udal ordezkariek, Tolosaldeko OSIko kideek, boluntario gisa aritzen diren ikasleek, eragile sozialetako ordezkariek eta senideek hartuko dute hitza, xehetasunak azaldu eta esperientziak partekatzeko.

Sarean egindako lana

Proiektua Inmakulada Lanbide Ikastolak gidatzen du, besteak beste, udalaren eta gizarte zerbitzuen babesarekin ––egitasmoa diruz laguntzeko konpromisoa hartu du udalak–, eta OSI Tolosaldea eta Buru-bihotzez eta AFAGI elkarteen laguntzarekin. Sare hori garrantzitsua da, izan ere, proiektua beren etxeetan dementzia hasieran dauden pertsonei bideratua dago, batik bat, eta kaptazio egoki eta azkarra egitea garrantzitsua da. 

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA