- Ekoizleen XXXI. Lehiaketa eta Gure Kaiolaren XXXVII. Lehiaketa Gastronomikoa bilduko ditu.
-
Nobedade nagusia dantza-erromeria ibiltaria izango da: trikitilari, dultzainero, txistulari eta dantzariak kalez kale ibiliko dira, herria festa-giroan murgilduz.

Heldu da Tolosako Babarrunaren uzta garaia, herriko produktu kuttunenari balioa ematen dion egun handia, eta, horrekin batera, festa giroan murgilduko da Tolosa. Azaroaren 22an, larunbatean, ospatuko da Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Babarrunaren Ekoizleen Elkarteak, Babarrunaren Kofradiak eta Gure Kaiola elkarteak elkarlanean antolatuta.
Azoka, dastaketa eta bi lehiaketa
Trianguloa plaza izango da jaiaren erdigune, han egingo baita Babarrunaren Festako azoka berezia, 09:00etatik 14:00etara. Hestebeteak, gaztak, barazkiak, gozoak eta, nola ez, babarrunak erosteko aukera izango da ekoizleek jarriko dituzten 23 postutan.
Goizean goiz hasiko dira lanean sukaldariak Tolosako Babarrunaren Ekoizleen XXXI. Lehiaketako parte-hartzaileen babarrunak prestatzen. 06:30ean jarriko dira bor-borrean. Aurten 24 ekoizlek hartuko dute parte. 08:30ean, berriz, Gure Kaiola elkartearen XXXVII. Lehiaketa Gastronomikoari hasiera emango zaio San Frantzisko pasealekuan, Artxiboaren aurrean. Aurten ere 24 bikote arituko dira lehian.
Azken lehia horrek irauten duen bitartean, Gure Kaiola elkarteak postu solidarioa ere izango du San Frantzisko pasealekuan bertan. Gaztain erreak salduko dituzte, baita edaria ere, eta irabaziak Senegaleko Kellesensa elkartera bideratuko dituzte. Lehiaketa gastronomikoan kozinatzen diren babarrunak beti aurreko urteko ekoizleen lehiaketako irabazlearenak izaten dira; aurten, Sebas Gartziarena berastegiarrarenak. Hain zuzen ere, bera da Kellesensa GKEaren sortzailea.
Ekoizleen lehiaketako epaimahaikideak –Kontxi Dorronsoro, Andoni Riaño, Lidia Olaizola eta Eli Belaunzaran– 11:00etan hasiko dira dastaketarekin. Lehiaketa gastronomikoko epaimahaia, berriz, Gure Kaiola elkarteko bazkide beterano eta lehenengo irabazle José Luis Peciñak, eta Enrique Fleischmann, Izaskun Olariaga, Sonia Tapia eta Jokin Zabala sukaldariek osatuko dute. Horiek 12:30ean ekingo diote lanari, eta sari banaketak 12:45ean eta 13:30ean egingo dira, hurrenez hurren, Trianguloa plazan eta San Frantzisko pasealekuan.
Tartean, 12:00etan, Babarrunaren Kofradiako kideek uzta berriko babarrun-platerak banatuko dituzte Trianguloa plazan. Ohiturak agintzen duen moduan, bazkalorduan ere elkarte eta tabernetan babarruna izango da protagonista, babarrun jateak egingo baitira.
Aurtengo azokak ere izango du berezitasun bat: Tolosako Babarrunean oinarritutako postrea aurkeztuko du Gozona gozotegiak, espreski azoka honetarako egindakoa. Raquel Ibañez gozogileak azaldu duenez, «babarrun formako pastak dira, laranjaz edo urra kremaz beteak. Postre arina da, eta bisitariek eramateko formatuan eskainiko dugu». Babarrun jate baten ondoren aproposa izan daitekeen beste postre bat ere sortu dute festa egun honi begira, gazta, irasagar eta intxaurrarekin egindakoa. «Postre arina da, bazkari astun baten ondoren jateko aproposa». Biak ala biak azokan izango dira eskuragarri.
Dantza-erromeria ibiltaria, festa giroa emateko
Eguerdian dantza-erromeria ibiltaria egingo da lehenengoz: trikitilariak, dultzaineroak, Udal Txistulari Banda eta Udaberri Dantza Taldeko dantzariek egingo dute. Trianguloa plazatik abiatuko dira, eta Lopez-Mendizabal pasealekuan, Plaza Zaharrean eta Plaza Berrian barrena ibiliko dira festa-giroa herriko kaleetara zabaltzeko asmoz. 11:30etik aurrera, Gure Kaiola elkartetik abiatuta, Zintza txaranga ere ibiliko da kalez kale.
Ez da festa kutsuko ekitaldi bakarra izango, erraldoiak eta buruhandiak ere kalez kale ibiliko baitira. Arratsaldean, berriz, musikak hartuko ditu kaleak: 20:00etan eta 00:30ean ibiliko da Jainekin txaranga eta 23:00etan Gozategi taldeak kontzertua eskainiko du Plaza Berrian.
Ekoizleen lanari aitortza
Prentsaurrekoan, Andu Martinez de Rituerto Tolosako alkateak azpimarratu duenez, «Babarrunaren Festa Tolosako herriaren eta tolosarron izaeraren eta elkarlanaren adierazle garbia da, urtez urte eragile askoren lanari eta ilusioari esker antolatzen duguna». Alkateak ekoizleen lana ere goraipatu du: «beren lana eta ahalegina ezinbestekoak dira, gure nortasunaren, kultur-ondarearen eta tokiko ekonomiaren oinarrietako bat. Hala ere, ez dugu ezkutatu behar gero eta gutxiago direla ditugun Tolosako babarrunaren ekoizleak, eta, horregatik, eskualdeko belaunaldi berriak animatu nahiko nituzke, etorkizunera begira gure babarruna azoka, saltoki eta plateretan presente egon dadin».
Tolosako Babarrunen Ekoizleen Elkarteko kide eta iazko irabazle Sebas Gartziarena ekoizleak ere hartu du hitza. «Iaz uzta berandu heldu zelako atzeratu behar izan genuen festa. Urte zaila izan zen, baina aurten zorionez ez da halakorik gertatu. Uzta bikaina izan dugu, eta pozik gaude Tolosako babarrunaren kalitatea berriz ere erakutsi ahal izango dugulako».
Gregorio Mancisidor Gure Kaiola elkarteko lehendakariak ere adierazi duenez, «Gure Kaiolarentzat festa hau oso berezia da, Tolosak babarrunarekiko duen lotura eta tradizio biziaren adierazpena. Urtero sortzen den giroa paregabea da, eta jende guztia gonbidatu nahi dugu parte hartzera eta jaiaz gozatzera». Ildo beretik hitz egin du Armintz Gorrotxategi Kofradiako kideak: «Urte osoko ziklo baten amaiera ospatzen dugu uzta garaia heltzearekin batera. Prozesu baten amaiera da, hortik dator guztiok elkartu eta festa egitearena».
Bestetik, Azahara Dominguez, Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun, Turismo eta Lurralde Antolaketako diputatuak balioan jarri du babarrun kilo bakoitzaren atzean dagoen «lan eta esfortzu isila». «Hori ezagututa baino ez dugu lortuko egunero gozatzen dugun janaria bere neurrian baloratzea. Eta horixe da, hain zuzen ere, Aldunditik ‘Zatoz eta zaindu’ Turismoko Plan Estrategiko berriarekin lortu nahi duguna, gozatzea bai, baina baita ere inguratzen gaituenaz, baliabideez, pertsonez eta gure bizitza ulertzeko eta bizitzeko moduari eusten dioten balioez jabetzea; izan ere, errespetu eta ezagutza horretatik abiatuta baino ezin izango dugu gure lurraldearentzat etorkizun iraunkorra bermatzen jarraitu».
Azaroaren 22ko egitaraua
|
06:30
|
XXX. Tolosako Babarrunaren Ekoizleen Lehiaketaren hasiera
|
Trianguloa plazan
|
|
08:30
|
Gure Kaiola elkarteak antolatuta, XXXVII. Tolosako Babarrunaren Lehiaketa Gastronomikoaren hasiera
|
San Frantzisko pasealekuan
|
|
09:00 - 14:00
|
Azoka berezia
|
Trianguloa plazan
|
|
11:00
|
Tolosako Babarrunaren Ekoizleen Lehiaketako epaimahaiak bere lanari ekingo dio
|
Trianguloa plazan
|
|
11:00
|
Buruhandi eta erraldoiak
|
Gernikako Arbolatik
|
|
12:00
|
Udal txistularien eta Udaberri dantza taldearen eskutik, dantza-erromeria ibiltaria, trikitilari, dultzainero, txistulari eta dantzariekin
|
Trianguloa plaza (ondoren kalejira Alde Zaharrean)
|
|
12:00
|
Tolosako Babarrunaren Kofradiaren eskutik, Tolosako babarruna jateko aukera
|
Trianguloa plazan
|
|
12:30
|
Tolosako Babarrunaren Lehiaketa Gastronomikoko epaimahaiak bere lanari ekingo dio.
|
San Frantzisko pasealekuan
|
|
12:45
|
Tolosako Babarrunaren Ekoizleen Lehiaketako sari banaketa
|
Trianguloa plazan
|
|
13:30
|
Tolosako Babarrunaren Lehiaketa Gastronomikoko sari banaketa
|
San Frantzisko pasealekuan
|
|
14:30
|
Tolosako elkarte eta tabernetan babarrun jatea
|
|
|
20:00
|
Jainekin txaranga
|
Alde Zaharrean
|
|
22:30
|
Gozategi
|
Plaza Berrian
|
|
00:30
|
Jainekin txaranga
|
Alde Zaharrean
|
