Azaroaren 17an abiatuko da Tolosako baratze parkean izena emateko epea

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2025/11/12 | Ingurumena eta Transizio Energetikoa
  • Baratzak zozketa bidez esleituko dira, izena eman eta baldintzak betetzen dituzten guztien artean.

  • Gehienez ere lau urterako esleituko dira baratzeak erabiltzeko lizentziak.


 

 

Tolosako baratze parke ekologikoko baratzeak erabiltzeko lizentziak emateko prozedura hasi du Udalak. Gehienez ere lau urteko erabilera egiteko lizentziak izango dira. Astelehenean, azaroak 17, zabalduko da izena emateko epea.

Iurramendi egoitzaren alboko lurretan kokatuta dagoen parkeak 80 baratze ditu, eta horietako 76 esleituko dira deialdi honetan, zozketa bidez: mugikortasun urriko edo 70 urtetik gorako pertsonentzako altuerako baratze maila bat; irabazi asmorik gabeko elkarteentzat beste bat; eta izena ematen duten gainerako norbanakoen artean 40m2-ko 74 baratze. Aipatu, 70 urtetik gorakoek, azken hauetan ere izena emateko aukera dutela; hala ere, modalitate bakarrerako eskaera egin ahal izango dute. Hau da, mugikortasun urriko altuerako baratzea eskatuz gero, ezingo dute gainerako baratzeen zozketarako izena eman, edo alderantziz.

Onuradun izan daitezke Tolosan erroldatuta dauden pertsonak, baldin eta herrian benetan bizi badira, gutxienez deialdia argitaratu baino hiru urte lehenagotik. Baldintza gehiago ere badaude, besteak beste, eskatzaileak edo bere bizikidetza-unitateko kideren batek ez izatea, ez jabetzan, ezta gozamen-eskubidean edo alokairuan ere, baratzegintzarako aproposa den lurrik. 

 

Izen-ematea eta esleitzeko prozedura

Azaroaren 17tik abenduaren 1era bitarte eman ahal izango da izena, eskaera orria eta gainerako dokumentazioa, bide hauetakoren batetik aurkeztuta:

  • Pertsona fisikoek:

  • Tolosako Udalaren Egoitza Elektronikoan (Astelehenetik aurrera)

  • Aurrez aurre, UDATE arreta bulegoan

  • Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako edozein bide erabiliz.

  • Pertsona juridikoek eta nortasun juridikorik gabeko entitateek:

  • Telematikoki, Tolosako Udalaren Egoitza Elektronikoaren bidez. (Astelehenetik aurrera)

 

Epea itxita, eskaera guztiak egiaztatu ondoren, onartutakoen behin behineko zerrenda osatuko da, eta bost eguneko epean erreklamazioak aurkezteko aukera izango da. Horiek ebatzita, onartutakoen behin betiko zerrenda argitaratuko da, eta eskatzaile bakoitzari zenbaki bat esleituko zaio zozketarako. Aurrerago jakinaraziko dira zozketaren eguna, ordua eta tokia. Zozketaren ondoren, esleitutakoen behin-behineko zerrenda eta itxarote-zerrenda argitaratuko dira. Onuradunek bost eguneko epea izango dute onartzeko edo uko egiteko. Horien ondoren argitaratuko da behin betiko zerrenda. Baldintzak eta informazio gehiagorako, tolosa.eus/baratze-parkea orrialdera jo, edo ingurugiro@tolosa.eus helbidera idatzi daiteke.

Orain arteko lizentziak amaitu eta berriak eman arteko denbora-tartean, parkean hobekuntza lanak egingo ditu Udalak, bereziki baratzeak egonkortzeko eta bideak txukuntzeko.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA