- EAJ-PNV eta Pse-ee-ren aldeko botoekin eta EH Bilduren abstentzioarekin egin zuen aurrera.
- Apirilean izenpetuko da hitzarmena, Diputatuen Kontseiluak eta Gipuzkoako Batzar Nagusiek onartu ostean.
- Olatz Peon Ormazabal alkateak berretsi zuen eskualdaketa berme guztiekin gauzatzen dela, erabiltzaile, langile eta zerbitzua egun moduan mantenduz: “aldatzen den bakarra kudeaketa organoa da, gainerakoan era berean jarraituko du guztiak, eta hala jasoa dago hitzarmenean”.
- Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemako Prestazioen eta Zerbitzuen Katalogoak zehazten du Foru Aldundien eskumenekoak direla adinduentzako egoitza zentroak. Gipuzkoako 17 udal egoitzak 3 urteko plangintza eta egutegi baten baitan ari dira txertatzen Kabia foru erakundean. Jada 10 hartu ditu barne.
Ezohiko Osoko Bilkura gauzatu zuen pasa den ostegunean, urtarrilak 17, Tolosako Udalak. Bi puntuk osatzen zuten eguneko gai zerrenda, Iurramendi egoitzari buruzkoak biak. Adinduentzako egoitzaren kudeaketaren eskualdatzeko hitzarmena onartu zen EAJ-PNV eta Pse-ee-ren aldeko botoekin eta EH Bilduren abstentzioarekin.
Apirilean izenpetuko da hitzarmena eta ahalbidetuko du egun Tolosako Udalak kudeatzen duen Iurramendi egoitza Gipuzkoako Foru Aldundiaren eskumenekoa izatera pasatzea, Kabia foru erakundearen baitan. Honen oinarrian, Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemako Prestazioen eta Zerbitzuen Katalogoa dago. Bertan, bi atal bereizten dira: lehen mailako arretako gizarte zerbitzuak, udal eskumenekoak direnak, eta bigarren mailako arreta gizarte zerbitzuak, Foru Aldundien eskumenekoak direnak. Legeak Foru Aldundien esku uzten dituen zerbitzuen artean kokatzen dira adinduentzako egoitza zentroak. Legeak ezarritako eskumen banaketa horren aurretiko errealitateak eragin du, gaur egun, oraindik ere, udalek edo horien menpeko erakundeek kudeatzea udal titularitatea duten adienduentzako egoitza-zentroak.
Gauzak horrela, legea betetzeko ezinbestekoa da zentroaren eskumena Gipuzkoako Foru Aldundira eskualdatzea, eta hori ahalbidetuko du onartu berri den hitzarmenak. Bertan jasota dago eskualdaketa gauzatzea egoitzaren elementu guztiekin, hau da, pertsonala, materiala, kontratu administratiboen subrogazioa eta ondarearena.
Olatz Peon Ormazabal alkateak berretsi zuen eskualdaketa berme guztiekin gauzatzen dela, erabiltzaile, langile eta zerbitzua egun moduan mantenduz: “aldatzen den bakarra kudeaketa organoa da, gainerakoan era berean jarraituko du guztiak, eta hala jasoa dago hitzarmenean”.
Behin Udalak hitzarmena onartuta, Gipuzkoako Foru Aldundiak tramiteekin jarraituko du, Diputatuen Kontseiluak eta Gipuzkoako Batzar Nagusiek onartu ostean, izenpetzeko. Esan bezala, aurreikuspena da apirilean ofizializatzea eskualdatzea.
Gipuzkoako udal egoitzak 3 urteko plangintza eta egutegi baten baitan ari dira txertatzen Kabia foru erakundean. Horrela, dagoeneko Kabian integratuta dauden Azkoitia, Elgoibar, Villabona, Zumaia, Lasarte-Oria, Andoain, Bergara, Ordizia, Arrasate, Errenteria eta Oñatiko zentroei gehituko zaizkie datozen hilabeteetan Bergara, Eibar, Hernani, Irun, Pasaia eta Tolosako zentroak. Guztira 17 zentro barne hartuko ditu foru erakundeak.