Mendekotasuna duten adineko senitartekoak zaintzen dituzten pertsonei laguntzeko programa-pilotoa jarriko da martxan Tolosan

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2020/11/09 | Gizarte Zerbitzuak eta Osasuna
  • OKencasa aplikazioa mendekotasuna duten pertsonen zaintzaileei dago zuzenduta eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzaz jarriko da martxan Tolosan.

  • Helburua da zaintzaileen bizi-kalitatea hobetzea eta eguneroko jarduna erraztea.

  • Izena emateko azken eguna azaroaren 27a da.

 

OKencasa aplikazio informatikoa mendekotasuna duen adineko senitarteko bat zaintzen duten pertsonei zuzendutako laguntza programa bat da. Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatutako ekimena Tolosara zabaldu da eta zaintza lanak egiten dituzten herritarrei eguneroko jarduna errazteko baliabideak eskainiko dizkie. Udalaren helburua da, aplikazio honen bidez, zaintzaileen bizi-kalitatea hobetzea eta, hasiera batean, programaren iraupena 2021eko ekainera bitartekoa izango dela aurreikusten da.

OKencasak eragin zuzena du familiaren esparruan zaintza lanak egiten dituzten pertsonen ongizatean. Programak honako baliabideak jartzen ditu zaintzaileen eskura: mendekotasuna duen pertsonaren zaintza-beharrak eta zaintzaileen rolak definitzea, zaintza lanak antolatzeko tresnak, online bidezko prestakuntza, arreta eta aholkularitza zerbitzua lantalde espezializatuarekin, zaintzaileen komunitatea osatzea eta zerbitzu erabilgarrietan deskontuak.

EHU eta Ingalaterrako Unibertsitateak egindako ikerketen arabera hainbat hobekuntza nabari dira OKencasa erabiltzen duten zaintzaileengan: zaintza lanak eragiten dituen gainkarga eta antsietatea murrizten dira, egunerokotasuneko egoerei arrakastaz aurre egiteko gaitasuna hobetzen da zaintzaileetan eta baita familia-kohesioa ere. Gainera, areagotu egiten da zainketa-egoerarekiko gogobetetasuna.

Programa erabili dezakete aitortutako mendekotasun-mailaren bat duen 60 urtetik gorako pertsonaren bat gutxienez urtebetez etxean zaintzen ari diren tolosarrek. Batez ere, patologia hauek dituzten senideak zaintzen dituzten pertsonei zuzenduta dago: dementziak, mugikortasun murriztua, gaixotasun kardiobaskularrak, parkinsona edo diabetesa.

Gipuzkoako Foru Aldundiak gutun bat bidali die informazio gehiagorekin interesa izan dezaketen familiei. Azaroaren 27ra arte eman daiteke izena eta plazak mugatuak direnez, hautaketa bat egingo da baldintzak betetzen dituzten familia interesdunen artean. Izena emateko deitu 943 003 723 telefonora edo bidali www.okencasa.com webguneko inprimakia beteta.


 

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA