Tabakorik Gabeko Mundu Egunaren harira, Zerkausia kerik gabeko gune izendatu dute berriro

Udaterako
hitzordua

Tolosako Udala
2026/05/27 | Gizarte Zerbitzuak eta Osasuna
  • Zerkausian ez erretzeko gomendioa egin zaie herritarrei, egindako herri galdeketan jarraituz
  • Tolosako DHBko ikasleek tabakoaren kalteaz kontzientzia hartzeko hainbat jardueratan parte hartu dute

 

Tabakorik Gabeko Mundu Egunaren inguruan hainbat jarduera antolatzen dira, eta aurten, maiatzaren 28an, Marsel magoaren emanaldiaz gozatu ahal izango dute DBHko 3 ikastetxeetako ikasleek, Zerkausian, 09:00etatik aurrera. Gainera, emanaldiaren ostean,  antolatutako jolasean parte hartu ahal izango dute Tolosako 350 ikaslek baino gehiagok.

 

Maiatzaren 31n, Tabakorik Gabeko Mundu Eguna izango da. Horren harira, Tolosako Udalak herriko zenbait gune kerik gabeko gune izendatu ditu azken urteotan: 2022an Lizardi plaza, 2023an Alondegi plaza eta 2024an, Usabal kiroldegiaren ataria. Aurten, eta iaz bezala, Zerkausia izendatu da kerik gabeko gune, ume, nerabe zein helduek sarritan zeharkatzen duten espazioa delako. Gune horietan ez dago erretzea debekatuta, baina ez erretzeko gomendioa egiten da. 

 

Kerik gabeko giroak sortzeak prebenitu egiten du tabakoa kontsumitzen hastea, baita herritarrei kearekiko esposizio pasiboa ezabatu ere. Egitasmo honekin lortu nahi da ingurune osasungarriak lortu eta tabakoaren kontsumoa desnormalizatzea. Egitasmoak Tolosaldea tabako-kerik eta zigarrokinik gabe kanpainan (2015) du jatorria, eta Tolosako prebentzio mahaitik abiatuta, egitasmoa aurrera eramateko xedea elkarbanatzen duten gizarteko zenbait eragileren arteko lantaldea sortu zen; hauek dira kideak: Minbiziaren Aurka Gipuzkoa elkarteko psikologoak, Osakidetzako osasun zentroko ordezkariak eta Tolosako Udaleko prebentzio teknikaria. 


 

Gazteak erdigunean

Kerik Gabeko Mundu Egunaren harira antolatutako egitasmoetan gazteek parte hartzea lortu nahi da, arrisku talde azpimarragarrienetako bat direlako. Hori horrela, Tolosako DBHko hiru ikastetxeetan, zenbait jarduera antolatu dira apirilean eta maiatzean. Horien artean, tabakoaren eta kannabisaren inguruko osasun heziketarako saioak eta tabako kearen inguruko osasun heziketa. 

 

Minbiziaren Aurkako Elkarteak 2030ean kerik gabeko belaunaldi bat izateko hartutako konpromisoa berresten du jarduera horien bitartez. Gainera, tabakorik eta aerosolik gabeko gune berriak sortzen jarraitzeko konpromisoa adierazten du, herritar ororentzako ingurune seguruak bermatzeko. 

 

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA