Tolosako Udalak ongietorria eman die uda Tolosan igaroko duten saharar haurrei eta harrera familiei

Tolosako Udala
2022/07/28 | Gizarte Zerbitzuak eta Osasuna
  • Tolosako Udalak, eskualdeko herrien lankidetzarekin eta Tolosaldea Sahararekin elkartearen laguntzarekin, antolatzen duen Oporrak Bakean programaren baitan, sei ume saharar etorri dira harrera familietara, eta Tolosako Udalak ongietorria eman die gaur goizean.
  • Era berean, beste bi haur etorri dira eskualdeko beste familia batera, osasun arazoei aurre egiteko beharrezko tratamentuak egitera.

 

 

Tindufeko kanpaleku sahararretatik sei ume etorri dira harrera familietara, Tolosako Udalak, eskualdeko herrien lankidetzarekin eta Tolosaldea Sahararekin elkartearen laguntzarekin, antolatzen duen Oporrak Bakean programaren baitan.

Desertuan udako hilabeteetan egiten duen berotik ihes etorri dira Tolosara, eta hemengo egonaldian zehar hainbat ekintza eta jarduera garatuko dituzte Tolosan. Tolosako harrera familietara etorri diren sei ume horiez gain, beste bi haur ere etorri dira eskualdeko beste familia batera, osasun arazoei aurre egiteko beharrezko tratamentuak egitera.

Gaur goizean, Tolosako Udalak ongietorria eman die haurrei, eta eskerrak ere bai Tolosako harrera familiei, eskualdeko herrietako gainerako ordezkariekin, Tolosaldea Sahararekin eta Gipuzkoako Saharar Elkartearekin batera. Goxokiak eta kamisetak banatu zaizkie saharar haurrei eta harrera familietako umeei. Olatz Peon alkateak adierazi duenez, “Bi urteko etenaldiaren ondoren, pozgarria da saharar haurrak berriro ere gure artean izatea Oporrak Bakean programak haientzat duen garrantzia ezagututa, hare eta gehiago, haurren ongizate eta garapenerako funtsezko programa delako hau”. Alkateak balioan jarri du Tolosaldea Sahararekin elkarteak egiten duen lana, “Saharar herriak bizi duen egoera zaurgarria salatzeko eta gizarteratzeko”, eta “esperientzia eta egonaldi zoragarria” opa die denei.