2027rako ordenantza fiskal berrituak onartu ditu udalak

Hitzorduak

Tolosako Udala
2026/09/28 | Ogasuna
  • Irailaren 24ko osoko bilkuran onartu ziren datorren urtetik aurrera aplikatuko diren zerga, tasa eta prezio publikoak.
  • Berrikuntzen artean dago egonaldi turistikoen gaineko zerga arautzen duen ordenantza fiskala.

Onartu du Tolosako Udalak 2027ko urtarrilaren 1etik aurrera aplikatuko diren zerga eta zerbitzu publikoen tarifak eguneratzeko proposamena. Oro har, % 3,2ko igoera aurreikusten da, Gipuzkoako uztaileko KPIarekin bat etorrita. Proposamena irailaren 16ko Antolakuntza Lan Esparruko Informazio Batzorde Iraunkorrean aztertu eta bozkatu zen, eta orain, Osoko Bilkurak onartuta, 30 laneguneko jendaurreko epea zabalduko da.

Aldaketen artean, Ondasun Higiezinen gaineko Zergaren ordenantza fiskala egokitzea onartu du Osoko Bilkurak, 2026ko foru-arau berriak ezarritako aldaketetara egokitzeko eta, aldi berean, etxebizitza-politikaren eta familien babesaren arloko neurriak indartzeko. Proposamenak, besteak beste, hauek dakartza: karga-tasa bere horretan mantentzea, familia ugariei aitortutako hobaria guraso bakarreko familietara zabaltzea eta etxebizitza-plan edo programen esparruan alokairura bideratutako higiezinei % 95eko hobaria aplikatzea.

Etxe hutsak merkatura ateratzeko neurri fiskalak

Bestalde, ohiko etxebizitza ez diren higiezinen errekargua % 100etik % 150era igotzea onartu da Gipuzkoako hainbat udalerritan egin denaren haritik (adibidez, Donostian). Helburua, azken finean, etxebizitza hutsak merkatura bideratzea da. Edonola ere, neurri hori ez zaie aplikatuko, bestelako salbuespenak tarteko, aurreko urtean, gutxienez, 850 kWh elektrizitate edo 1.500 kWh gas kontsumitu duten etxebizitzei, erabilera errealaren adierazgarri gisa.

Turismo zerga, 2027tik aurrera

Bestalde, Tolosako Udalak egonaldi turistikoen gaineko zerga arautzen duen ordenantza fiskala ezarriko du, Gipuzkoako udalerrietan zerga hori arautzen duen 3/2026 Foru Arauaren esparruan. Zerga Tolosako ostatu turistikoetan eta erabilera turistikoko etxebizitzetan egiten diren egonaldiei aplikatuko zaie, eta tarifa establezimendu motaren arabera ezarriko da: 5 izarreko hoteletan, 6,50 euro egonaldi-unitateko; 4 izarrekoetan, 5,50 euro; 3 izarrekoetan, 3,50 euro; 2 izarrekoetan, 2,50 euro; eta 1 izarrekoetan eta pentsioetan, 1,75 euro. Apartamentu turistikoek 3,50 euroko tarifa izango dute; kanpinek eta aterpetxeek 1,75 eurokoa; nekazaritza-turismoko establezimenduek 0,50 eurokoa; landetxeek 0,75 eurokoa; eta erabilera turistikoko etxebizitzek 6,50 eurokoa. Nolanahi ere, pertsona eta egonaldi jarraitu bakoitzeko, gehienez, sei egonaldi-unitate konputatuko dira. Zerga ordaintzetik salbuetsita egongo dira, dagozkien baldintzak egiaztatuta, 18 urtetik beherako pertsonen egonaldiak, desgaitasuna edo mendekotasuna duten pertsonenak eta haien laguntzaileenak, eta ikasketa edo ikerketa akademiko, osasun-arrazoi eta ezinbesteko arrazoiengatik egiten direnak, besteak beste.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA