- Udal gobernua ADIFeko ordezkariekin elkartu da obren atzerapenaren arrazoiak ezagutu eta proiektua sustatu dezaten exijitzeko, ukaezina delako erdiguneko geltokia irisgarriagoa bilakatzeko lanen beharra eta garrantzia.
- ADIFek adierazi du barne arazoak medio atzeratu dela proiektuaren onarpen eta obren hasiera. Proiektura giza baliabide gehiago bideratzeko konpromisoa hartu dute, uda aurretik, proiektua onartu eta urtea amaitu aurretik obren lizitazioa abiarazi eta lanak esleitu ahal izateko.
Udal gobernuak hartutako konpromisoei eutsi die, eta 2021eko irailean beharrezkoak ziren konpromiso kredituak onartu ziren udalbatzan. Tolosako Udalaren eta ADIFen artean sinatu beharreko hitzarmena, baina, ezin izan da sinatu, ADIFek, oraindik orain, ez duelako behin betikoz onartu proiektua, bidean sortu diren eragozpen eta barne arazoak direla eta.
Udal gobernuak, proiektuaren garrantzia ezagututa, jarraipen estua egin dio gaiari, “oso gainean egon gara, une oro aritu gara atzerapenaren inguruko azalpenak eskatzen eta proiektuaren egoeraz ADIFeko ordezkariei galdetzen” adierazi du alkateak.
Joan den astean, ADIFeko arduradunekin eta proiektua egin duen ingeniari taldearekin bildu zen udal gobernua, berriro ere, azalpenak eskatzeko, proiektua zein puntutan dagoen ezagutzeko eta proiektua susta dezaten exijitzeko, “bistakoa delako Tolosako erdiguneko geltokian irisgarritasuna hobetu eta bermatzeko beharra badagoela” azpimarratu du alkateak.
ADIFeko ordezkariek azaldu dutenez, barne arazoak medio atzeratu da proiektuaren onarpena eta obren hasiera. ADIFek barne antolaketa berria ezarri du eta orain proiektu oro onartzeko prozesuak zorrotzagoak eta luzeagoak dira. Egina zegoen proiektua eguneratu behar izan da, eskakizun berrietara egokitzeko, eta urte bete baino gehiago darama proiektuak berrikuspen prozesuan. Onarpena azkartze aldera, proiektura giza baliabide gehiago bideratzeko konpromisoa hartu dute ADIFeko ordezkariek.
“Udal gobernuak egindako presioari esker, lan taldea indartuko dute egoera desblokeatzeko eta eskatutako txosten berri eta gehigarrien izapidetzea arintzeko, proiektua behin betikoz onartua izan dadin, ahalik eta eperik laburrenean. Proiektua onartu ondoren sinatuko da Udalaren eta ADIFen arteko hitzarmena eta obren esleipena abiatuko dute; ADIFen aurreikuspenen arabera, udararako proiektuak onartuta beharko luke, 2023ean obren lizitazioa egin eta lanak esleitzeko” azaldu du Tolosako alkateak, Olatz Peon Ormazabalek.
Aurreikusitako lanak
Proiektuaren helburu nagusia da Tolosako erdiguneko geltokiko irisgarritasuna hobetzea eta geltokia modernizatzea. Horretarako igogailuak jarriko dira eta pasabide berria eraikiko da, irisgarritasuna hobetu eta Monteskue auzorako sarbidea ere hobetzeko.
Proiektuaren baitan, beraz, nasen arteko irisgarritasuna erraztuko da, eskailerak egokituko dira, nasak handituko dira eta igogailuak ezarriko dira.
ADIFen araudiaren arabera, bereizita egon behar dute hiriko eta geltokiko fluxuak, horregatik, geltokiko irisgarritasuna hobetzeko lanekin batera, fluxuak bereizteko pasabide berria eraikiko da trenbideen gainetik, Mostekue auzorako irisgarritasun eta sarbidea errazteko. Pasabide berri horrek eskailerak eta igogailua izango ditu, herritar ororen erabilera erraztu eta bermatzeko.
ADIFek bere gain hartuko ditu obraren kostu guztiak pasabide berria eraikitzeko lanen %50a izan ezik, horiek, Tolosako Udalaren kontura joango dira. Guztira 3 milioi euroko inbertsioa egitea aurreikusten da.