3 proposamen aurkeztu dira Fronton kafetegi-jatetxea ustiatzeko lehiaketara

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2019/03/29 | Hirigintza
  • Aurreikusten da, eskatutako dokumentazioa egoki aurkeztua badago, maiatzaren 15aren bueltan zerbitzuaren kudeaketa esleitua egotea. Ondorenean barrukaldeko lanei ekin beharko diete ustiatzaile berriek, behin eraikina bere osotasunean eraberrituta, publikoari zabaltzeko.
  • Eraikinaren bi zerbitzuen, kafetegia eta jatetxea lote bakar batean, 30 urtetarako kontzesioa atera da lehiaketara.

Pasa den martxoaren 15a bitarte zegoen Fronton eraikineko bi zerbitzuak ustiatzeko Udalak jaurtitako lehiaketan parte-hartzeko aukera; 3 proposamen aurkeztu dira. Interesatuek proposamena hiru ataletan aurkeztu behar zuten: betekizun administratiboak, proposamen teknikoa eta proposamen ekonomikoa. Lehena pasa den astelehenean, martxoak 25 zabaldu zen. Aurreikusten da, prozedura administratiboari jarraiki, apirilaren 8an proposamen teknikoaren gutunak zabaltzea; eta azkenik, maiatzaren 6an zabaltzea proposamen ekonomikoak. Aurreikusten da, eskatutako dokumentazioa egoki aurkeztua badago, maiatzaren 15aren bueltan zerbitzuaren kudeaketa esleitua egotea. Ondorenean barrukaldeko lanei ekin beharko diete ustiatzaile berriek, behin eraikina bere osotasunean eraberrituta, publikoari zabaltzeko.

Bigarrenez atera zuen Udalak lehiaketara ustiapenaren esleipena 2019 hasieran, aurrekoa hutsik geratu ostean. Baldintza berberak mantendu ziren bigarren lehiaketa honetan, aldaketa bakarrarekin: bi zerbitzuak, kafetegia eta jatetxea, batera atera ziren lehiaketara, lote bakar batean. 30 urtetarako kontzesioa da, amaitutakoaren aldean 5 urte gehiago, 25 urtetakoa baitzen.

Eraikinaren kanpokaldeko birgaitze lanak burutu ditu jada Udalak: 500.000 euroko inbertsioa gauzatu da bertan eta teilatua eta fatxada berritu eta irisgarritasuna bermatzeko maldak eta igogailua eraiki dira; barrukaldean, berriz, zerbitzuaren esleipendunak egin beharko ditu eraberritze lanak. Guztira 1.171.488,94 euroko inbertsioa aurreikusi da aurre-proiektuan: kafetegian 769.450 euro (BEZ kanpo); jatetxearen kasuan, aurre-proiektuaren arabera, 402.037,93 euroko inbertsioa gauzatu behar du ustiatzaileak.

Urteko, ustiatzaileak lokalaren balioaren %3ko kanona ordaindu beharko du, 25.294,80 euro/urteko zehazki. Bete beharreko baldintzen artean aurkitzen dira: gutxieneko 10 langile izatea; kultur jarduerak burutzea; euskara eta berdintasun irizpideak betetzea bere osotasunean; ardatza euskal sukaldaritza izatea, tradizionala edota berritzailea, sasoiko eta kalitatezko produktuak erabiliz gutxienez %50ean; eta urte osoan egotea irekita zerbitzua, astean egun bateko atsedena hartzeko aukerarekin, betiere asteburu edota jai egunetan izan ezik, beste hainbaten artean.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA