-
‘Mundua euskaratik landuz’ leloarekin, Urriaren 2an izango dira jardunaldia eta ekitaldia; bisita gidatua, berriz, urriaren 4an.
-
Liburua belaunaldi berriei hezkuntza euskaraz ahalbideratzeko tresna zen.
Aurten, 100 urte dira Ixaka Lopez-Mendizabal tolosarrak Xabiertxo liburua lehen aldiz argitaratu zuenetik. Urte askotan zehar, euskarazko eskoletan haurrei irakasteko metodo nagusia izan da Xabiertxo. Liburuaren lehen argitalpenaren mendeurrena ospatzeko jardunaldia, omenaldi-ekitaldia eta bisita gidatua antolatu dituzte elkarlanean Tolosako Udalak, Galtzaundi Tolosaldeko Euskaltzaleen Elkarteak eta Jakin fundazioak. Urriaren 2an izango dira jardunaldia eta ekitaldia; bisita gidatua, berriz, urriaren 4an.
‘Mundua euskaratik landuz’ leloarekin aurkeztu dira Xabiertxoren urtemugako ekitaldiak. Data seinalatu hau baliatu nahi da liburu hark bere garaiko testuinguru historikoan izan zuen begirada eta garrantzia azpimarratzeko, sortzaileari aitortza egiteko eta gaur egungo euskarak dituen erronken inguruko hausnarketa bultzatzeko.

Goizez, jardunaldia
Urriaren 2an, 09:15etik 14:00etara, orduko egoera interpretatu eta etorkizuneko erronkak lantzeko jardunaldia antolatu da Tolosako Antonio Maria Labaien kultur etxean. Lehenengo zatian, Haritz Azurmendik, Cira Crespok eta Koldo Ordozgoitik liburua kokatuko dute argitaratu zen uneko testuinguruan; bigarren zatian, berriz, Galder Gonzalezek, Iratxe Retolazak eta Josune Zabalak euskararen etorkizuneko erronkei buruz hausnartuko dute. Jardunaldia doakoa izango da eta derrigorrezkoa izango da aurretik izena ematea (eman izena lotura honetan).
Egitarau osoa:
09:15-9:30 | Ongietorria eta sarrera.
09:30-11:30 | Hitzaldiak: Xabiertxoren testuinguru historikoa(k).
-
Haritz Azurmendi Arrue, Euskararen Historia Soziala Tolosaldean ikerketaren egilea.
-
Cira Crespo Cabillo, historialaria.
-
Koldo Ordozgoiti Juanenea, kazetaria eta ikertzailea.
Aldibereko marrazketa: Kepa Etxeberria Lopez-Mendizabal.
11:30-12:00 | Atsedenaldia.
12:00-13:30 | Mahai-ingurua. Mundua euskaratik lantzeko erronka gaur egun.
-
Galder Gonzalez Larrañaga, Ikusgela proiektuko kidea.
-
Iratxe Retolaza Gutierrez, ikertzailea eta Euskal Curriculumean aditua.
-
Josune Zabala Alberdi, Euskararen eta Hizkuntzen Ikaskuntzarako Institutuko zuzendaria.
Moderatzailea: Ane Zuazubiskar Iñarra.
13:30-14:00 | Itxiera: Uxue Alberdi Estibaritz eta Oihana Iguaran Barandiaran bertsolariak.
Arratsaldez, omenaldi-ekitaldia
Liburuaren urteurrena ospatzeko urteurren-ekitaldia ere antolatu da urriaren 2an, 18:00etan, Zerkausian. Liburuaren egile Ixaka Lopez-Mendizabalen lanaren aitortza egingo da bere inprimategia egon zen kalean bertan, erakundeetako ordezkarien, Lopez-Mendizabal sendiaren, Tolosako ikastetxeetako ikasleen eta Eduardo Mokoroa Udal Musika Eskolako ikasleen parte hartzearekin, besteak beste. Ondoren, ekitaldira etortzen direnek Euskal Pizkundearen xehetasunen berri jasotzeko bisita gidatua egingo dute Alde Zaharrean.
Larunbatean, bisita gidatu irekia
Xabiertxoren lehen argitalpenaren urtemugarekin lotuz, urriaren 4an, 11:00etatik 12:30era, XX. mendeko Euskal Pizkundeari buruzko bisita gidatua antolatu da. Euskararen Historia Soziala Tolosaldean ikerketaren egile Haritz Azurmendiren eskutik, Tolosako Alde Zaharrean barrena euskararen aldeko mugimenduen eta istorioen berri jasotzeko aukera izango dute herritarrek, doan. Bisita gidatuan parte hartzeko beharrezkoa izango da aurretik izena ematea www.galtzaundi.eus webgunean edo elkartearen egoitzan bertan (eman izena lotura honetan). Ibilbidea 11:00etan abiatuko da Plaza Berritik.
Xabiertxo, XX. mendeko liburu modernoa
Ixaka Lopez-Mendizabalek 1925ean argitaratu zuen Xabiertxo izeneko liburua Tolosan, bere aita Eusebio Lopezen inprentan. Liburua belaunaldi berriei hezkuntza euskaraz ahalbideratzeko tresna zen. XX. mende hasierako Europako pedagogia abangoardistaren ildotik, liburuak eduki didaktikoa zuen, testu laburrez eta istorio txikiz osatua. Euskaraz ikasteko, euskara irakasteko eta euskarazko hezkuntzarako materialen beharrizanei erantzuteko sortu zen liburuak izugarrizko zabalpena izan zuen.
Primo de Riveraren diktadurapean sortu zen Xabiertxo, eta ordutik hona argitalpen ugari izan ditu. 1936ko Espainiako Gerra Zibilean, tropa frankistak Tolosara sartzean, Lopez-Mendizabal inprimategiko liburuak erre zituzten Plaza Zaharrean. Debekuen gainetik, Xabiertxoren argitalpen gehiago ere egin ziren erbestean, besteak beste, eta gerra ondoren klandestinoki sortutako ikastoletan, liburua erabiltzen jarraitu zuten. Ixaka Lopez-Mendizabal hil eta bi urtera, 1979an, Nazio Batuek izendatutako Haurraren Nazioarteko Urtean, Haur Liburuen Ohorezko Zerrendan txertatu zuten.