Etxebizitza Sailak eta Tolosako Udalak Amarotzen alokairuko 111 etxebizitza babestu eraikitzea adostu dute

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2022/04/04 | Hirigintza
  • Etxebizitzaren Legearekin bat datorren alokairuaren aldeko apustu garbia eginez, alokairuko babes ofizialeko 111 etxebizitza (aBOE) berri eraikiko dituzte Amarozko Paper-fabrika azpiesparruko partzeletako batean, eremuaren hirigintza-garapenaren lehen fase gisa.

  • Behar dutenek etxebizitza bat eskuratzeko aukera bermatzea da lan-ildo estrategikoetako bat, bai Tolosako udal-gobernuarentzat, bai Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailarentzat.

 

 

Iñaki Arriola Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuak eta Olatz Peon Tolosako alkateak gaur goizean aurkeztu dute Udalak eta Eusko Jaurlaritzaren mendeko Visesa sozietate publikoak sinatutako lankidetza-hitzarmena. Hitzarmen horri esker, Eusko Jaurlaritzak alokairu-erregimeneko babes publikoko 111 etxebizitza eraikiko ditu Amarozko Paper-fabrika azpiesparruan, Tolosan.

Etxebizitza Saila eta udal-gobernua aspaldidanik ari dira eremuaren hirigintza-garapenean lanean. 2010 eta 2014 artean, azpiesparru horren plangintza eta garapen partziala egin ziren, eta, 2021ean, Visesak proposamen berri bat aurkeztu zuen aurreikusitako hasierako eraikigarritasunari eusten dioten partzelak garatzeko, horrela bizitegi-garapena optimizatzeko; hori guztia gaur egun abian den Plan Bereziaren aldaketaren bidez.

Sinatutako hitzarmena joan den asteazkenean, otsailak 23, egindako ohiko osoko bilkuran onartu zen, eta 4 urteko epea du. Hitzarmenari esker, alokairuko babes ofizialeko 111 etxebizitza (aBOE) garatu ahal izango dira 2.1 partzelan, eta 2024ko lehen seihilekoan dago aurreikusita obrak hastea.

 

Alokairuko etxebizitza babestu gehiago

Hasiera batean, azpiesparrurako etxebizitza librearen aurreikuspena % 50ekoa zen, baina Etxebizitza Sailaren eta udal-gobernuaren arteko baterako lanari esker, Amarotzen etxebizitza libreen kopurua % 35era jaitsi da. Etxebizitza libreak P-1 partzelan kokatuko dira (Visesak besterenduko du), eta etxebizitza babestuak alokairu-erregimenean sustatuko dira. Aldaketa nabarmena da hasieran aurreikusitako salmenta-erregimenaren aldean.

111 aBOEko lehen jarduketa hau Eusko Jaurlaritzak ere eraikiko duen 81 aBOEko beste sustapen batekin osatuko da, eta 104 etxebizitza libreko batekin amaituko da, esparruan garatu beharreko 296 etxebizitzak osatu arte.

Alokairuko 192 etxebizitzak Alokabide sozietate publikoaren bidez kudeatuko ditu Eusko Jaurlaritzak.

Alokairuko babes ofizialeko 111 etxebizitzak eraikitzeko inbertsioa 19 milioi eurotik gorakoa da. 18,5 milioi Eusko Jaurlaritzak jarriko ditu, eta 666.000 euro, berriz, Tolosako Udalak.

Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Saila etxebizitza arloan Tolosan egiten ari den jarduketaren barruan kokatu du sustapen hau Arriola sailburuak. Tolosan, gainera, Saila beste 251 etxebizitza kudeatzen ari da Alokabide sozietate publikoaren bidez. Horietatik, 201 Eusko Jaurlaritzaren parkekoak dira, eta beste 50 Bizigune etxebizitza hutsak erakartzeko programakoak. Gainera, herriko 39 gaztek alokairua ordaintzeko laguntzak jasotzen dituzte hilero, Gaztelagun programaren barruan.

Arriolak erakundeen arteko lankidetza baliarazi du, ezinbestekoa baita herritar guztien etxebizitza-beharrak asetzeko. “Helburu hori erakunde guztiei dagokie —adierazi du—, batez ere Eusko Jaurlaritzari, baina udalak ere zuzenean inplikatzen ditu, beren udalerrietan babes publikoko etxebizitzen sustapena errazteko tresnak baitituzte”. Eta gaineratu du Tolosan adostutakoa bezalako akordioak urrats garrantzitsua dakartela helburu horretan aurrera egiteko.

Alkateak, bestalde, honako hau nabarmendu du: “sinatutako hitzarmena jauzi kuantitatibo eta kualitatiboa da alokairuaren aldeko politika publikoetan, tolosar guztiei etxebizitza bat eskuratzeko eskubidea bermatzeko. Uste dugu proiektu hau beharrezkoa eta oso positiboa dela Tolosarentzat eta tolosarrentzat, etxebizitzaren eta alokairuaren arloan alternatiba berriak eskainiko dituelako eta gure etxebizitza-politika berresten duelako. Gure helburuak eta lehentasunak argi ditugu, eta alokairuaren aldeko apustuan, erakundeen arteko lankidetza funtsezkoa da honelako hirigintza-proiektuak gauzatu ahal izateko. Horregatik, Udalak inbertsio osoaren % 3,4 jarriko du, eta ildo beretik jarraituko dugu lanean, etxebizitzaren arloan aukera berriak eskaintzeko eta Amarotzen bigarren fasea garatzeko, orain arte bezala, gainerako erakundeekin lankidetzan”.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA