Jaurlaritzak ospitale publiko berri bat eraikiko dela Tolosan iragarri du

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2022/11/03 | Hirigintza

Gotzone Sagardui Osasun sailburuak Eusko Legebiltzarrean gaur arratsaldean 2023 urterako aurrekontuak azaltzeko agerraldian iragarri du ospitaleratze solairua izango duen ospitale publikoa eraikiko dela Tolosan, horixe ondorioztatu baitu amaitu berri duten Plan Funtzionalak, sailburuak adierazi duenez.

Tolosako alkateak, Olatz Peon Ormazabalek, sailburuaren agerraldiaren ondotik poza eta esker ona adierazi nahi izan ditu. “Entzun berri ditugu sailburuaren adierazpenak eta Jaurlaritzak irmo eusten dio ospitale publikoa Tolosan eraikitzeko konpromisoari; Plan Funtzionala amaituta, jakin berri dugu eskualdeari osasun zerbitzua emateko ospitaleratze solairua izango duen ospitale publikoa aurreikusten duela Jaurlaritzak Tolosan; albiste benetan pozgarria herriarentzat eta eskualdearentzat; eta eskertu nahi diot Osasun Sailburuari agertutako konpromisoa”.

“Interes eta garrantzia handiko gaia da guretzat eta herritarrentzat, baita ere Jaurlaritzarentzat, aldiro aldiro gure ardura transmititu diegu eta hartu-emana estua eta erabatekoa izan da denbora luze honetan; eta elkarlanean jarraituko dugu, orain arte bezala, Tolosak etorkizun hurbilean ospitale publikoa izan dezan; konpromisoa irmoa eta erreala da” azpimarratu du alkateak.

Pandemiak nahi baino gehiago atzeratu ditu hasierako aurreikuspenak eta baita ere Plan Funtzionalaren lanketa. Edonola ere, tinko eusten dio Jaurlaritzak 2020-2024 Jaurlaritzaren Gobernu Akordioan jasota dagoen eskualderako ospitale publikoa eraikitzeko konpromisoari.

 

Ospitalearen proiektua eta Tolosako HAPOaren aldaketa elkarren eskutik

Legealdi hasieratik, titulartasun publikoko ospitale publikoa egikaritzeko urratsak egin ditu Tolosako Udalak, Osasun Sailarekin lankidetzan.

Ospitale publiko berria kokatzeko zoruen azterketa egin du Udalak eta kokapena  ere zehaztu du, Osasun Sailarekin batera. Ospitale publiko berria suhiltzaileen etxe pareko kamioien aparkalekuan kokatuko da eremu horrek betetzen dituelako modurik egokienean baldintzak guztiak: irisgarritasuna eta mugikortasuna, besteak beste.

Tolosako udal gobernuak hasieratik egin du ospitale publikoa Tolosan kokatzearen aldeko apustua, orain arte bezala, osasun zerbitzuak eskualdeburu den herrian, Tolosan, kokatu daitezen. Gauzak horrela, udalak bere aldetik, egin beharreko urratsak egin ditu, elkarlanean eta gardentasun osoz.

Orain, elkarren eskutik joango dira ospitalearen proiektua eta Tolosako HAPOaren aldaketa. “Ibilbide orria zehaztua dago” baieztatu du alkateak. “Jaurlaritzak amaitu du Plan Funtzionala, plan horrek aurreikusten du Tolosan ospitaleratze solairua izango duen ospital publikoa eraikitzea eta orain, Jaurlaritzak proiektuaren idazketari ekingo dio eta udalak HAPOaren aldaketari” azpimarratu du.

Beraz, “lanean jarraituko dugu orain arte bezala, lankidetzaren bidetik, etorkizun hurbilean Tolosan eskualderako ospitale publikoa izan dezagun” berretsi du alkateak.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA