- 120.000 eurotik 300.000 eurora igo da hirigintza arloko dirulaguntzetara udalak bideratuko duen diru kopurua.
-
Sei laguntza-lerrotan banatzen da, eta horietako bat berria da: katalogatutako eraikinek, Alde Zaharrekoek esaterako, eraikinen inguratzaile eta fatxadako elementuak hobetzeko laguntzak jasotzeko aukera izango dute.
Tolosako Udalak orain gutxi argitaratu du herritarrei eta eragileei zuzendutako dirulaguntzen deialdi bateratua. 20 dirulaguntza lerroz osatutako deialdia da eta milioi bat euro inguru bideratuko ditu udalak dirulaguntza horien bitartez.
Hirigintza-arlokoa da dirulaguntza horietako bat. Bizitegi eraikin kolektiboak birgaitzeko, sendotzeko zein irisgarritasuna hobetzeko eta etxebizitzak egokitzeko eginak dauden obrak diruz laguntzeko izango da dirulaguntza. Hain zuzen, bikoiztu baino gehiago egin da helburu horretara bideratutako diru-poltsa, 120.000 eurotik 300.000 eurora.
Sei laguntza-lerro
Hirigintza arloko deialdiak 6 laguntza lerro ditu, elementu komun edo pribatiboen arabera sailkatuta. Elementu komunetan diruz lagunduko dira irisgarritasuna, eraginkortasun energetikoa, egiturak eta katalogatutako eraikinak hobetzeko obrak.
Elementu pribatiboetan, aldiz, diruz lagunduko dira kanpoko arotzeria aldatzeko lanak eta mugikortasun urriko pertsonentzat eta 65 urtetik gorakoentzat etxebizitzak egokitzeko obrak.
Aldaketa esanguratsu bat izango da justifikazioari begira: orain arte laguntza eskatzeko obra baimena izatea eskatzen zen; aurrerantzean, aldiz, obrak amaituta egon beharko du eta, besteak beste, obra amaierako ziurtagiria ere eskatuko da.
Katalogatutako eraikinak hobetzeko laguntza-lerro berria
Dirulaguntza lerroetako bat berria da: katalogatutako, hau da, babesa duten eraikinen inguratzailea eta fatxadako elementuak hobetzeko helburua duena. Batik bat hirigune historikoko eta Euskal Herria plaza eta inguruetako etxebizitzen beharrei erantzuteko sortu den dirulaguntza lerroa da.
Orain arte Alde Zaharreko bizilagunek ezin zuten inguratzailearen energia-eraginkortasuna hobetzeko udalak eskainitako laguntza jaso, eraikin historikoen babesagatik. Eraikin horiek birgaitzeko dirulaguntzak jaso ahal izateko sortu da lerro berria, Tolosako hirigune historikoaren kontserbazioa eta bizigarritasuna hobetu asmoz.
Dirulaguntza lerro honek, besteak beste, honako hauek jasotzen ditu: Zurezko begiratoki edo balkoiak zaharberritu edo ordeztea; akaberak zaharberritzea; fatxadako baranda, apaingarri edo dekorazio elementuak zaharberritzea; fatxaden gainazala konpontzea; kanpotik igarotzen diren instalazioak (kableak) berritzea, berrantolatzea edo ezkutatzea…
Aldaketak laguntzen progresibotasunean
Era berean, elementu pribatiboetan egindako obrei lotuta, laguntzen progresibotasuna egokitu da aurten. Hala, aurrerantzean, dirulaguntza maila desberdinak eskainiko ditu, eskatzaileen urteko diru-sarreren arabera. Diru-sarrera horiek ezin izango dira, inola ere, 40.000 eurotik gorakoak izan. Urteko diru-sarreren arabera, diruz lagundu daitekeen aurrekontuaren ehunekoak honako hauek izango dira:
Bizitza unitatearen diru-sarrerak
|
Diruz lagundutako aurrekontuaren ehunekoa
|
<=20.000 €
|
30 %
|
<=25.000 €
|
25 %
|
<=30.000 €
|
20 %
|
<=35.000 €
|
15 %
|
<=40.000 €
|
10 %
|
Eskaera egiteko epeak eta bideak
Eskabideak Tolosako Udalaren egoitza elektronikoaren bidez edo aurrez aurre aurkeztu behar dira UDATEn (Plaza Zaharra 6B). Eskabideak aurkezteko epea azaroaren 15era arte egongo da zabalik.