Larramendi eta Belate auzoen arteko zubia eraikitzeko lanak berrabiaraziko dira

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2023/07/21 | Hirigintza
  • Proiektua bertan behera uzteko edota moldatzeko aukeren azterketa sakona egin du udal gobernuak, baina urbanizazio-karga gisa zehaztuta dagoenez, beste aukera bideragarririk ez dagoela ondorioztatu da.

  • Proiektuaren inguruan bere kezka azaldu zuen bizilagunen komunitatearekin bildu da udala, azterketaren ondorioen berri emateko.

 

Larramendi eta Belate auzoen arteko oinezko pasabidea eraikitzeko lanak aurreko agintaldian jarri ziren martxan, 2022ko urrian zehazki, baina urte hasieratik etenda daude, Larramendiko bizilagun batzuk proiektua birplanteatzea eskatu eta gero. 

Informazio ezak eta zubiaren bi alboetako igogailuek beren etxebizitzekin zuten gertutasunak sortutako kezkak bultzatuta egin zuten proiektua moldatzeko eskaera.

Nahi horrekin ados egonik, udal gobernu berriak proiektua bertan behera uzteko edo moldatzeko dauden aukerak aztertu ditu azken hilabetean. Batetik, azpiegituraren egokitasuna eta beharra zalantzan jarri izan dituelako hasieratik; eta, bestetik, ondorengo mantenu-lanen kostuak udalak bere gain hartzea ekidin nahi zuelako, igogailuenak kasu.

HAPOko urbanizazio-karga da

Azterketa horretan ondorioztatu denez, pasabide hori  Tolosako Hiri Antolamenduko Plan Orokorreko (HAPO) egiturazko antolamenduaren parte da, eta sistema orokorren sarean barneratua dago. Urbanizazio-karga gisa Oria ibaiaren bi ertzak lotzeko oinezko pasabide bat egitea zehaztu zen 2009an onartutako HAPOan. Zehazki ‘5. Arramele-Arkaute’ hirigintza esparruko arau partikularrean, ‘5.1. Gorostidi-Voith  (azpi)esparrua’ atalean. 

Horrek esan nahi du inguru horretako urbanizazio lanen plangintza egin zenean, zonaldearen garapen urbanistikoa osatzeko zubi hori egitea baldintza modura ezarri zela (urbanizazio-karga). 

Hortaz, proiektua behin betiko etetea erabakiko balitz, eta urbanizazio-karga hori oso zehatza dela kontuan hartuta, ez da azpiegitura horren truke beste ezer egiteko aukerarik aurreikusten. Zubia ez egiteko, gainera, HAPOaren aldaketa puntuala tramitatu beharko litzateke, eta lanak hasita izanda, ondorio juridiko eta ekonomikoak ekar ditzake horrek, denboran asko luzatzearekin batera. Horrez gain, pasabidea eraikitzea da azpiesparru horren garapena amaitzeko falta den lan bakarra.

Pasabidearen altuera-mailari dagokionez, URA Agentziak eta Iparraldeko Konfederazio Hidrografikoak ezarritako baldintza da, gune horretako uholde arriskua kontuan hartuta. Zentzu horretan, igogailuak jarri beharrean maldak egiteko aukera ere aztertu da, baina kasu-horretan, arrisku-maila handiagoa luke aipatutako erakundeen azterketa hidrologikoen arabera, igogailuek baino hedadura handiagoa hartuko luketelako. 

Lanei berrekingo zaie

Hau guztia ikusirik, eta obrak zein puntutan dauden ikusita, egokiena lanekin aurrera jarraitzea dela ondorioztatu du udalak. “Gure nahia bestelakoa da. Zubi honi ez diogu zentzu handirik topatzen eta beste planteamendu batzuk hobesten ditugu. Baina eskura genituen aukerak oso urriak ziren, eta, gogoz kontra bada ere, zentzuzkoena eta bideragarriena hasita dauden lanekin jarraitzea da”, azaldu du Ander Figuerido Zubiria Hirigintza, Obra eta Zerbitzuetako zinegotziak. 

Ezinegona azaldu zuten bizilagunen komunitateko auzotarrekin ere partekatu du informazio guztia udal gobernuak, aurrez aurre. 

Lanak berriz hasiko dira, baina aldaketa batekin: bizilagunek eskatu bezala, igogailuen kokalekua moldatu egingo da, bizilagunen etxeetatik ahal bezain beste urruntzeko.
 

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA