- Orain bigarren faseari ekingo zaio; lehen fasean landutako gaiak eta herriatrrek egindako ekarpenak txosten batean jaso dira eta txosten hori oinarri hartuta arkitektoek alternatibak egokituko dituzte. Aurrerakineko dokumentua prest dagoenean, jendaurrean jarriko da herritarrek ekarpenak egiteko aukera izan dezaten, eta azkenik, herritarren ekarpenak teknikoki aztertu ondoren, behin betiko dokumentua osatuko da.
- Olatz Peon Ormazabal: “helburua da datorren legealdi hasierarako aurrerakin dokumentua prest izatea, azken urratsak egin, behin betiko dokumentua finkatu eta etorkizun hurbilean auzoaren garapena egikaritu ahal izateko”
San Esteban auzoko eremuaren garapena egungo beharretara eta legedietara egokitzeko eta datozen urteetan auzoaren garapena egikaritzeko oinarriak finkatzeko 2019an azterketa sakona abiarazi zuen Udalak, bideragarritasun ekonomikoa eta antolamendua oinarri hartuta. “Eremuaren bideragarritasuna bermatu ezean, ezinezkoa izango delako auzoaren garapena gauzatzea” azpimarratu du Tolosako alkateak, Olatz Peon Ormazabalek.
Auzoak kontuan hartu beharreko errealitate oso ezberdinak ditu: erabilera industrialeko eraikinak, aparkalekuak, etxebizitzak eta erabilera desberdineko azpiegiturak, besteak beste; horrek guztiak beharrezkoa egin du azterketa sakona eta zehatza egitea. Horregatik, lehenik eta behin informazio eta diagnosi dokumentua garatu zen eta ondoren, azterketa lan hori oinarri hartuta, txosten juridiko ekonomikoa prestatu zen, lehen alternatiben zirriborroak marraztu ahal izateko. Lanketa mardul hori amaitu ostean, auzoaren garapenerako aukerak herritarrekin partekatzeko partaidetza programa garatu zen, 2022ko urriko Osoko Bilkuran aho batez onartu zena. Parte hartze programak ezarritako ibilbide-orria jarraituz, lehen fasea amaituta da eta bigarren faseari ekingo zaio jarraian.
Parte hartze programak, guztira, 3 fase eta 5 saio aurreikusten zituen. Lehen faseko hiru saioak azken hilabeteotan gauzatu dira, San Esteban auzoaren hirigintza garapenerako aukera ezberdinak auzotarrekin partekatzeko helburuarekin.
Lehen hiru saioetan diagnosi dokumentua partekatu da auzotarrekin, baita ingurumen ebaluazioa ere eta alternatiba ezberdinak garatzeko oinarri hartuko diren zehaztapenak ere azaldu dira. Tailer irekien bidez landu da auzotarrekin eremuaren antolamendua.
Orain, bigarren faseari ekingo zaio. Lehen fasean landutako gaiak eta herritarrek egindako ekarpenak txosten batean jaso dira eta txosten hori oinarri hartuta, aurrerakineko alternatiben dokumentua garatuko da, hau da, garapenerako alternatibak landuko ditu udalak kontratatutako arkitekto taldeak.
Herritarren eskura daude udal webgunean, orain artean egindako diagnosia, bideragarritasun ekonomikoaren txostena, eta parte hartze prozesuko lehen fasearen laburpen txostena: https://udala.tolosa.eus/eu/zerbitzuak/hirigintza-azpiegiturak/planeamendu-orokorra
Aurrerakineko alternatiben dokumentua datozen hilabeteetan prest egongo da eta jendaurrean jarriko da eta dokumentua bera azaltzeko tailerra egingo da, auzotarrek eta oro har, herritar guztiek iradokizunak egiteko aukera izan dezaten. Epe hori igarota, jasotako ekarpenak teknikoki aztertuko dira, eta azken itxiera saioa egingo da, behin betiko proposamen teknikoa azaltzeko.
Datorren legealdirako oinarriak prest
Helburua da, datorren legealdi hasierarako aurrerakin dokumentua prest izatea, azken urratsak egin eta behin betiko proposamena eskuartean izateko, etorkizun hurbilean egikaritu dadin auzoaren garapena.
“Herrian garatzeke gelditzen den eremu zabal bakarra da San Esteban, beraz, lehentasunezkoa da eta garrantzia handikoa, eremu honen biziberritze eta eraberritzeak aukera emango digulako auzotarren zein tolosar guztien egungo zein etorkizuneko beharrei erantzuteko, etxebizitza alorrean, eta baita ere aparkaleku eta azpiegiturei dagokienean ere, etxebizitza babestuen aldeko apustuan, tolosarrei etxebizitza aukera berriak eskaintzeko herrian dagoen eskari handia kontuan izanda eta betiere orekak mantenduz. Horregatik, azken urteetan, eremuaren garapena ahalbideratzeko beharrezkoak diren azterketak egin ditugu auzoaren biziberritzerako oinarriak finkatu eta etorkizunean hurbilean San Esteban auzoaren garapena gauzatu ahal izateko; helburu hartuta hirigintza orekatu eta erakargarria sustatzea, auzoaren izaera mantenduz, erdigunearekiko lotura hobetuz, auzoa etorkizunean izan dadin irisgarriagoa, atseginagoa eta kulturalki bizia” azpimarratu du alkateak.