San Esteban auzoaren hirigintza garapenerako aukera ezberdinak herritarrekin partekatzeko parte hartze saioak azaroan

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2022/10/21 | Hirigintza
  • 5 saio egingo dira guztira: informazio saio bat, 3 tailer eta amaiera saioa, auzoaren garapenerako proposamena tolosar orori aurkezteko.
  • Eremua benetan garatu ahal izateko azterketa sakona egiten aritu da denbora honetan udala, auzoaren garapen egungo beharretara eta legedira egokitzeko eta datozen urtetan garapena egikaritzeko oinarriak finkatzeko, bideragarritasun ekonomikoa oinarri hartuta.
  • Olatz Peon, Tolosako alkatea: “herrian garatzeke gelditzen den eremu garrantzitsua da San Esteban, beharrezkoa da auzotarrekin eta herritarrekin partekatzea aukera ezberdinak adostasun zabala lortzeko, betiere bideragarritasun ekonomikoa eta eraikigarritasuna kontuan izanda, helburu hartuta eremua eraberritzea, auzo atsegina eta kulturalki bizia izan dadin, tolosarren egungo zein etorkizuneko beharrei erantzungo diena, azpiegiturei zein etxebizitzei dagokienean”

 

Tolosako udalak legealdiak daramatza San Esteban eremuaren garapena egikaritzeko urratsak egiten. Olatz Peon Ormazabal Tolosako alkateak eta Egoitz Sorozabal Lurralde arloko zinegotzi arduradunak azaldu dute gaur orain artean egindako ibilbidea eta landutako aukera ezberdinak herritarrekin eta auzotarrekin partekatzeko aurrera eramango den prozesua.

Tolosako alkateak, Olatz Peon Ormazabalek azpimarratu du, herrian garatzeke gelditzen den eremu zabal bakarra dela San Esteban, “garrantzia handia du eremu honen garapenak herritarren eta auzotarren egungo zein etorkizuneko beharrei erantzun diezaion, horregatik, beharrezkoa da auzotarrekin eta tolosarrekin partekatzea orain artean landu ditugun aukera ezberdinak adostasun zabala lortzeko, betiere bideragarritasun ekonomikoa eta eraikigarritasuna kontuan izanda” azaldu du.

Eremuaren garapenerako azterketa sakona abiarazi aurretik, auzotarrekin eta bertako eragileekin finkatu ziren helburu nagusiak eta eremuaren garapenerako baldintzak: “helburua da eremua eraberritzea eta berregokitzea genero ikuspegia txertatutz auzo irisgarria, atsegina eta kulturalki bizia izan dadin, oinezkoei protagonismo handiagoa emanda, hirigintza orekatu eta erakargarriarekin, auzoaren nortasuna zainduz eta auzoaren izaera berdea mantenduz, landa ingurunearen eta herrigunearen arteko eremuaren jarraikotasuna bermatuz; eta noski, eremuaren garapenak tolosarren egungo zein etorkizuneko beharrei erantzun behar die , azpiegiturei zein etxebizitzei dagokienean, etxebizitza babestuen aldeko apustuan”.

Aurreko legealdietan San Esteban auzoa garatzeko planteamendu ezberdinak egin izan dira egoera momentuan momentuko sozieokonomikoari eta herritarren beharrei erantzuteko. Beharrak eta legeak aldatuz joan dira eta auzoaren garapena egungo beharretara egokitzeko eta auzoaren garapenerako oinarriak zehazteko 2019ko martxoan azterketa sakona abiarazi zuen udalak, auzoaren garapena faseka egitea ezinbestekoa delako, bideragarritasun ekonomikoa bermatze aldera. “Prozesu luzea izaten ari da konplexutasun handiko eremua delako” gaineratu du alkateak.

Errealitate oso ezberdinak ditu auzoak: erabilera industrialeko eraikinak, aparkalekuak, etxebizitzak, erabilera ezberdinetako azpiegiturak... horrek guztiak beharrezkoa egin du azterketa sakona eta zehatza egitea.

Azterketa, Sabai Arkitektoak S.L. enpresak gauzatzen ari da 2 fasetan. Lehen fasean, informazio eta diagnosi dokumentua garatu zen, amaitua dagoena. Eta bigarren fasean, alternatiben inguruko hasierako dokumentua lantzen ari da enpresa. Horixe da herritarrekin partekatuko dena,  HAPOaren aldaketarako oinarriak behin betikoz finkatzeko.

5 saio hasierako dokumentua eta proposamenak auzotar, herritarrekin eta eragileekin partekatzeko

Lanketaren azken fasean murgilduta eta indarrean dagoen legediak eskatuta, parte hartze prozesuari hasiera emango zaio azaroan. Guztira 5 saio egingo dira, informazio saioa, hiru tailer eta amaiera edo itxiera saioa.

  • Informazio tailerra bereziki auzotarrei zuzendua: informazio eta diagnostiko dokumentuaren laburpena eta ingurumen ebaluazioa azalduko dira. Alternatiba ezberdinetan oinarritzat hartuko diren zehaztapenak ere erakutsiko dira.
  • Tailer irekia I: eremuaren ipar-ekialdeko zatiaren antolamendua landuko da saio honetan. Zuberoako etxebizitzak eta San Juan kalea 10-12 zenbakiko etxebizitzen artean gelditzen den eremuaren antolamendua landuko da bereziki. San Esteban auzoko etxebizitza gehienak bertan kokatzen dira eta eremuak tratamendu berezia eta zehatza behar duela ikusi da.
  • Tailer irekia II: eremuaren gainerako zatiaren antolamendua lantzeko saioa izango da. Batez ere, jarduera ekonomikoak eta ekipamenduak daude gaur egun gune horretan.
  • Tailer irekia III: aurreko saioen ostean,  jendaurrean jarriko da dokumentua eta dokumentua bera azaltzeko tailerra egingo da. Herritarrek ekarpenak edota iradokizunak egiteko epea zabalduko da.

Epe hori igarota, jasotako ekarpenak teknikoki aztertuko dira eta azken itxiera saioan behin betiko proposamen teknikoaren aurkezpena egingo da.

Urriko Osoko Bilkuran onartuko da parte hartze programa eta azaroan abiatuko da prozesua. Azaro eta abendua bitartean egingo dira lehen informazio saioak eta bi tailerrak eta datozen asteetan emango da data zehatzen berri.

Egindako azterketaren eta partaidetza prozesuaren helburua da hurrengo legealdirako oinarriak prest uztea, ahalik eta adostasun zabalenarekin, bai herritarrei zein gainerako alderdiei dagokienez, etorkizun hurbilean  auzoaren garapena egikaritzeko.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA