Etorkizuneko San Esteban auzoaren ezaugarri nagusiak azaltzeko erakusketa eta bi informazio saio, urrian

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2024/10/15 | Hirigintza
  • Urriaren 24tik 30era, San Esteban auzoan, ferialekuaren kanpoaldean izango da ikusgai erakusketa; urriaren 30etik aurrera, berriz, Zerkausian.
  • Azalpenak emateko herritar orori zuzendutako bi saio antolatu dira; urriaren 24an, San Esteban auzoan bertan, eta hilaren 30ean, Zerkausian, 18:30ean.

 

Tolosako Udalak San Esteban auzoa berritzeko urratsak ematen jarraitzen du. Etorkizuneko auzoaren ezaugarri nagusiak Tolosako Hiri Antolamenduko Plan Orokorrean (HAPO) jaso behar dira, eta aldaketa hori egiteko prozesua abian da.

Orain arte HAPOko eremu horren aldaketa puntualaren diagnostikoa eta aurrerakina lantzen aritu da lantalde teknikoa. 2019an jarri zen martxan lanketa eta, besteak beste, egindako plan eta azterketen informazioa eta bizilagunen ekarpenak bildu dira. Bada, egin beharrak amaituta, jendaurrean jarriko da landutako guztia.

Zer aurreikusten da San Estebanerako?

Aurrerakinaren dokumentuak antolamenduaren irizpide eta helburu orokorrak jasotzen ditu. Etxebizitza kopurua da ezaugarri nagusienetako bat. Bada, 2009.an onartutako HAPOak 1.011 etxebizitza eraikitzea aurreikusten bazuen ere, egungo udal gobernuak kopuru hori 450 etxebizitza ingurura jaistea erabaki zuen, herri mailako irizpideak eta bizilagunek parte hartze prozesuan helarazitako zalantza eta eskaerak ahal bezain bateragarri izan zitezen.   

Etxebizitza kopuruaz gain, prozesu honetan beste bederatzi irizpide zehaztu dira: ingurumen harresi berdea sortzea, Elosegi parkeko sarbideak egokitzea, auzoak dituen gaur egungo etxebizitzak eta ferialekua mantentzea, plaza bat sortzea, aparkaleku berrien sorrera, trenaren azpiko pasabidea handitzea, berdegune berriak eta daudenak batzea, eta erabilera publikoko ekipamenduak sortzea. 

Bi ordenazio-aukera, Bonberenearen arabera

Hori guztia kontuan hartuta, bi ordenazio-aukera garatu ditu lantalde teknikoak -aurrez gehiago landu badira ere, bizilagunekin egindako parte hartze prozesuaren ostean, bi dira aurrera egin duten aukerak-. 

Bonberenearen etorkizunak baldintzatutako bi ordenazio-aukera dira. Proposamenetako batean, egungo tokian mantendu da; beste aukeran, aldiz, lekuz aldatzea proposatzen da.

Horrez gain, aukera bakoitzak bi bariazio jasotzen ditu: etxebizitza-eraikin berrien altuera homogeneoa -hau da, altuera berekoa- ala aldakorra izatea -erdian eraikin altuagoak eta gaur egungo etxeetara gerturatu ahala baxuagoak-.

Xehetasun guztiak azaltzeko bi saio ireki

Bi aukera horien inguruko xehetasun guztiak gizarteratu eta herritarrei azaltzeko erakusketa bat antolatu du udalak. 12 panelen bidez, azken urteotako prozesua laburtu eta etorkizuneko San Esteban auzoaren ezaugarri nagusiak azalduko dira erakusketan.

Bi lekutan izango da: urriaren 24tik 30era, San Esteban auzoan bertan, auzo elkartearen alboan, ferialekuaren kanpoan. Astebete geroago, urriaren 30etik aurrera, berriz, Zerkausian jarriko dira. 

Hala eta guztiz ere, informazio guztia modu sakonagoan azaltzeko, lantalde teknikoko kideek bi saio eskainiko dituzte, interesa duen orori zuzenduta. Lehen saioa urriaren 24an izango da, San Estebanen; hilaren 30ean, berriz, Zerkausian. Biak ala biak, 18:30ean hasiko dira. Lehen saioa elebietan izango da, euskaraz eta gazteleraz; aldiz, Zerkausiko saioa euskaraz izango da, eta aldibereko itzulpena eskainiko da gaztelerara.

Zein izango dira hurrengo urratsak?

Bi saioetan parte hartzen duten guztiei galdetegi bat erantzuteko aukera emango zaie, iritzia eman dezaten. Ekarpenen bat egin nahi duen orok ere izango du aukera: horretarako liburu zuria eskura jarriko UDATEn, urriaren 24tik aurrera.

Ondoren, bide ezberdinetatik jasotako iradokizunak txosten batean jaso, eta HAPOren Aldaketa Puntuala idazteko oinarri izango diren irizpide eta helburuak osatzeko eta egokitzeko erabiliko dira. Irizpide eta helburu hauek aurkeztuko dira herritarren parte hartze prozesuaren hirugarren fasean eta ondoren udalbatzak onartu beharko ditu. 

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA